Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen zerbitzu berezia eskainiko du datorren asteburuan eta Sortzez Garbiaren Egunean

2015.eko abenduak 01

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak, tren historikoen zerbitzu berezia eskainiko du abenduaren 5ean, 6an eta 8an.

2015ean Azpeitiko Museotik Lasaora (Gipuzkoa) bitartean zirkulatuko duten azken trenak izango direnen irteera ordutegia hau izango da:

  • Larunbata, abenduak 5: 12:30ean eta 17:00etan. Bi kasuetan, “AURRERA” lokomotorak eramango dituen lurrun trenak.
  • Igandea, abenduak 6: 12:30ean. “AURRERA” lokomotorak eramango duen lurrun trena.
  • Asteartea, abenduak 8: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Lehenbizikoa, “ALLAN” automotoreak eramango duen tren diesela. Bigarrena, “ZUGASTIETA” lokomotorak eramango duen lurrun trena. Eta hirugarrena, “AURRERA” lokomotorak eramango duen lurrun trena. Horrez gain, goizeko 10:30etik 13:30era, “GRAFTON” (1920) lurrun garabia piztuko da.

1998ko ekainean hasi zuen bere martxa Urolako Bailarako Lurrun Trenak, Urola ibaiaren bailara zeharkatzen duen tren historikoak, Azpeitiko (Gipuzkoa) geltoki zaharretik Lasaoko geltokiraino. 5 kilometroko ibilbide horretan, EuskoTrenen Burdinbidearen Euskal Museoak gordetzen dituen ibilgailu historikoak ibiltzen dira. Museoaren egoitza, izan ere, Azpeitiko geltoki zaharrean dago.

“AURRERA” lokomotora Nasmyth & Wilson enpresa britainiarrak (Manchester) eraiki zuen 1898an Elgoibar eta Donostia arteko Trenbiderako, eta 1960ra arte egon zen zerbitzua ematen. Burdinbidearen Euskal Museoak 1991n berreskuratu zuen.

“ZUGASTIETA” lurrun lokomotorari dagokionez, Glasgow-en (Eskozia) eraiki zen 1888an, eta Zornotza/Amorebieta eta Gernika arteko trenbidean eman zuen zerbitzua 1960ra arte. Burdinbidearen Euskal Museoak 1993an konpondu zuen eta bi urte geroago zerbitzua ematen jarri zuen.

Bidaiarientzako “ALLAN 301” automotore diesela N.V. Allan & Co.-k eraiki zuen Herbehereetan 1953an, eta Portoko aldirietako lineatan eta Tamegako (Tua a Bragança) eta Vougako (Aveiro-Viseu) lineatan ibili zen. 2007aren hasieran Portugalgo trenek (Companhia dos Caminhos de Ferro de Portugal) Burdinbidearen Euskal Museoari eman zioten.

Asteartean, abenduaren 8an, LGB eskalako tren zirkuitu baten erakusketa ere eskainiko da Burdinbidearen Euskal Museoaren azpi-estazio elektrikoaren eraikinean. Erakusketa Baionako Ferromodel 164 Elkarteak eskainiko du.

Museoko instalazioen irekiera ordutegia hau da:

  • Asteartetik ostiralera, astegunetan: goizeko 10:00etatik 13:30etara eta arratsaldeko 15:00etatik 18:30etara.
  • Igandeetan eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik): 10:30etatik 14:00etara.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bilduma hoberenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun lokomotorak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta hainbat motatako bagoiak. Horrez gain, makina-erremintari buruzko erakusketa osatuenetakoa ere badu, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoaren bidez; XIX. mendearen bukaeratik Trenean erabilitako uniformeen erakusketa; eta Mundu osoko tren alorreko erlojuen bilduma onenetakoa.

Jendearentzako informazioa

·         Burdinbidearen Euskal Museoko helbidea: Julian Elorza kalea, 8 (20730 AZPEITIA-GIPUZKOA).

·         Informazio telefonoa: 943 15 06 77

·         Faxa: 943 15 07 46

·         Helbide elektronikoa: museoa@euskotren.es

·         Webgunea: www.euskotren.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko