Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Larrialdia Pakistanen: Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak bi laguntza-proiektu finantzatuko ditu, guztira 250.000 eurorekin

2010.eko abuztuak 26

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bi proiektu finantzatuko ditu, Pakistango iparraldea suntsitu duten uholdeen ondorioak leuntzen Pakistanen diharduten erakundeei (esku-hartze humanitarioan espezializatuak) larrialdi-laguntza emateko bi proiektu, hain zuzen ere. Adierazitako Sailaren Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren laguntza hori jasoko duten erakunde humanitarioak UNICEF eta Gurutze Gorria izango dira. Zenbatekoa 250.000 euro izango da (125.000 euro erakunde bakoitzeko).

Pakistango iparraldeko uholde horiek gaur egungo krisialdi humanitariorik okerrena ekarri dutela adierazi du Nazio Batuen erakundeak; 20 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten diete, eta gutxienez, 1.600 pertsonaren heriotza eragin dute jadanik. Urpetutako tokiak 160.000 kilometro karratuko azalera du jada, hots, Suitzak, Austriak eta Belgikak batera duten hedaduraren parekoa. Zortzi milioi pertsonak baino gehiagok premiazko laguntza behar dute.

Azpiegiturak erraustuta geratu direnez, eraginpeko eskualdeko toki askotarako sarbidea ezinezkoa da, eta beraz, milaka pertsonak harrapatuta jarraitzen dutenez, hurrengo asteetan katastrofearen giza inpaktua are handiagoa izango delako beldurra dago. Janari eta edateko ur gutxi dagoenez gero, biztanleria masiboki ari da tokiz aldatzen, eta osasun-agintariek dagoeneko ohartarazi dute hainbat gaixotasun hartzeko arriskua egongo dela, esate baterako, kolera, malaria edota beherako larria.

Gurutze Gorriaren proiektuak biztanleria desplazatuaren premia nagusiei erantzuten lagunduko duten ekintzak aurreikusten ditu, hala nola edateko urez hornitzea, ostatu emateko instalazioak, mantak, edota osasun-laguntzarako botikaz betetako oinarrizko kitak.

UNICEFen ekimenak berriz, honako hauek jasotzen ditu: edateko urez zuzkitzea, edateko ur bihurtzeko makinak banatzea, hainbat saneamendu-ekintza, eta higienea sustatzea; izan ere, urarekin lotutako arazoak direla-eta hainbat gaixotasun kutsakor agertzeko arriskua handia da, adibidez, beherakoa eta kolera, haurrentzat bereziki larriak diren gaixotasunak, hain zuzen ere.

Larrialdi Laguntzarako Linea Iraunkorrak irekita jarraitzen du, EAEko GKEek proiektu gehiago aurkez baititzakete. Eusko Jaurlaritzak deialdi bat egiten die herritarrei, Haitin duela gutxi gertatutako lurrikarak eta 2005eko tsunamiak baino inpaktu handiagoa izaten ari den larrialdi horrekin lagun dezaten.

Hona hemen Pakistanen laguntzeko kontuak ireki dituzten zenbat GGKE:

Bestalde, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Bulego Humanitarioak eskatuta, larrialdietarako osasun-kit bat -Osakidetzak emana- mobilizatuko da. Adierazitako kit horrek Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) norabideak betetzen ditu, egokia da osasun-larrialdietarako, eta 10.000 pertsonaren oinarrizko medikuntza-premiei hiru hilabetez erantzuteko lagungarriak izango dira. Kit bakoitzak funtsezko botikak, sendabide- eta kirurgia-materiala, txertoak eta oinarrizko diagnosirako erremintak ditu.

Aurreikusitakoaren arabera, karga hori Islamabaderaino eramango da AECID agentziak pleitatutako hegazkin batean, eta hegazkin hori Torrejóngo aire-basetik aterako da, segur aski ostiral eguerdian.

 

Iruzkin bat
  • 2010.eko abuztuak 28

    Zorionak al gobierno por esta iniciativa, que junto con el resto de CCAA y el gobierno central dará ayuda eficaz y rápida para mitigar este desastre.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan