Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Arroako aurreratze eta aparkaleku postua eta geltoki berria eraikitzeko proiektua idazteko kontratua esleitu du; egikaritzeko epea 6 hilabetekoa da

2010.eko abuztuak 20

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sareak erakunde publikoaren bidez, GIRDER INGENIEROS enpresari esleitu dio Bilbo-Donostia lineako Arroako aurreratze- eta aparkaleku-postua eta geltoki berria eraikitzeko proiektua idazteko kontratua.

Lanak egiteko 143.500 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko epea dago, eta aurreratze- eta aparkaleku-postua eta geltoki berria eraikitzeko metodoa definitu beharko dira.

Aurreratze- eta aparkaleku-postua baztergune bat da eta mantsoago doazen trenei aurrea hartzeko aukera ematen du. Gainera, mantentze-lanetako edo segurtasuneko premia teknikoetarako ere erabiltzen dira (adibidez, bi tutuko tunelen sarreretako batean edo bietan, zenbait kasutan, aurreratze- eta aparkaleku-postu bat egoten da). Oro har, errepidez erraz iristeko moduan egotea lortu nahi izaten da, matxuraren batengatik edo linea eten delako trenen bat geldituta baldin badago, bidaiariak autobusetara aldatzeko instalazio moduan erabili ahal izateko.

Guztira 19 eskaintza aurkeztu dira lehiaketara, horietatik 5 ABEE moduan eta beste hamalauak enpresa bakarrarenak dira; ETS erakunde publikoaren teknikariek berriki ebatzi dute lehiaketa.

Azpiegituran hobekuntza horiek eginda, bidaiariek zerbitzu eraginkorragoa jaso ahal izango dute eta Bilbo-Donostia tren-linearen erabiltzaileei -eta, bereziki, Arroan sartzen direnei- erosotasun handiagoa eskainiko zaie. 

Iñaki Arriolaren Sailak trenbideak eta trenak hobetzearen alde egin du eta obra hori apustu horren baitan kokatu behar da; batik bat, Gipuzkoan trenbideak eta trenak berritu eta modernizatu nahi dituzte, kalitatezko tren moderno bat lortzearren, lurraldea egituratzeko.

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektu horretan, Arroan dagoen gurutzamendua handituko da eta geltoki berria eraikiko da, honako betekizun hauei jarraiki:

-  Gurutzamendua handitzea 400 m-ko luzera erabilgarria lortzeko.

- Ustiapen-eskema, etorkizuneko egoera batean.

-  Geltokia nola uztartu.

-  Geltoki berriaren funtzionaltasuna.

-  Hirian eta ingurumenean hobeto txertatzea.

-  Geltokiaren sarbideak eta kanpoko balizak.

-  Geltokiaren akaberak, mantentze- eta zainketa-lanak errazte aldera.

Jardun osoa definitzeaz gain, fase edo obra partzialetan zatitzeko aukera aztertuko da, egikaritze partziala egin ahal izateko betiere jardun osoaren etorkizuneko garapena hipotekatu gabe.

Geltokiarentzat bi proposamen egin dira, biak ere alboko nasekin. Lehenengo proposamenean trenbidearen azpian pasabide bat egongo da, bi nasak komunikatzeko, eta nasa bakoitzean eraikin bat, txartelak erosteko eta balioztatzeko makinak kokatzeko. Bigarren proposamenean, geltokiak eraikin bakarra izango du; eraikin horretatik hegoaldeko nasara sartuko da, eta nasa horretatik iparraldeko nasara. Ingurunearen irisgarritasuna hobetu egingo da, geltokira sartzeko espaloia zabalduko baita, legeari jarraiki.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan