Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak 86 mila eurorekin lagunduko ditu ingurumen-boluntariotzako hamaika proiektu non mila pertsona baino gehiagok hartuko baitu parte

2015.eko azaroak 29
  • Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak argitara eman ditu ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei 2015eko deialdian emandako diru-laguntzak.
  • Hamaika proiekturen artean banatuko dira diru-laguntzak: horietan, ingurumen-arloko milatik gora boluntariok parte hartuko dute.
  • Proiektuek hainbat ekimen hartzen dituzte barne: besteak beste, hondakinak garbitzekoak, paisaia berroneratzekoak, narrasti eta urlehortarren habitatak zaintzekoak, tokiko haziak berreskuratzekoak eta bazterketa-arriskuan daudenen artean ingurumen-boluntariotza sustatzekoak.

Vitoria-Gasteiz, 2015/11/29

86.127,97 euro: horra hor zenbateko kopurua banatuko duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 2015eko diru-laguntzen deialdira aurkeztutako 11 proiekturen artean. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen artean banatuko du, hain zuzen: ingurumen-arloko boluntariotza proiektuak egiten dituzten GKE, ekologiaren arloko elkarte eta bestelako erakundeen artean. Deialdira 14 proiektu aurkeztu ziren; horietatik hamaika onartu ziren, eta diruz lagunduko dira, aurreikusitako jarduerak gauza ditzaten. Horietan, mila pertsonak baino gehiagok parte hartuko du.

 

Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitzak eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez eraldaketa pertsonal eta sozial sakona.

 

Alex Botok, Ingurumen Plangintzako zuzendariak, honako hau adierazi du: «gizartea garapen jasangarriaren arloan sentikortu, motibatu eta engaiatzeko, tresna eraginkorrenetakoa da elkartze-jarduera, eta halaxe islatzen da Garapen Jasangarrirako 2002-2020 aldiko Euskal Ingurumen Estrategian». IV. Ingurumen Esparru Programak ere barne hartzen du erantzunkidetasun publiko pribatua ingurumen-erronkei erantzuteko; hartara, pertsonengan sendo sustraitu daitezen ingurumeneko konpromisoak.

 

Habitatak eta hazien berreskuratzea

Aurten, askotarikoak dira sustatutako ingurumen-boluntariotzako jarduerak. Hala, badira EAEko fauna herrestarien habitatak zaintzearekin eta mantentzearekin lotutako bi proiektu (narrasti eta urlehortarren habitatak dira; horien artean, kaltebera gisa sailkatutako espezie batzuk daude). Badira hondakinak garbitzeko bost proiektu ere: lau tona baino gehiago hiri-hondakin solido jasoko dituzte orotara eta, ondoren, ingurumenari eta paisaiari dagokienez espazio horiek berroneratuko dituzte, bi milatik gora zuhaitz eta sasi landaturik. Gehienbat bertako landareak landatuko dituzte.

 

Beste proiektu batzuek ere jaso dute aurten diruz lagunduak izateko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren oniritzia. Hainbat esparrurekin dute lotura: hegazti-erroldarekin, bertako hazien berreskuratze eta kontserbazioarekin, euskal kostaldean hondakinei buruz sentikortzeko kanpaina bat aurrera eramatearekin eta bazterketa-arriskuan daudenen artean ingurumen-boluntariotza sustatzearekin, besteak beste. Diruz lagunduko diren proiektuen artean, zortzi Bizkaian eramango dira aurrera; beste hirurak, berriz, Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)