Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

• Oregi: «Unescok Euskadiko Eskolako Agenda 21 ekimena munduko 25 jardunbide onenen artean sartu izanak asko dio Euskadin ingurumenaren alde eta klima-aldaketaren aurka egiten dugun lanaren inguruan»

2015.eko azaroak 28

Federico Mayor Zaragoza Unescoren zuzendari nagusi ohiak gaur baieztatu duenez, giza garapena, globala eta jasangarria lortzeko, «premiazkoa da espekulazioan oinarritutako ekonomiatik ezagutzan oinarritutako ekonomiarako trantsizioa egitea». Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, zera adierazi du: «Unescok Euskadiko Eskolako Agenda 21 ekimena munduko 25 jardunbide onenen artean sartu izanak asko dio Euskadin ingurumenaren alde eta klima-aldaketaren aurka egiten dugun lanaren inguruan».

 

Mayor Zaragozak Jasangarritasunerako Hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldietan esku hartu du, bideokonferentzia bitartez, eta esparru horretan, neoliberalismoa egin du erantzule; izan ere, «merkataritza-irizpideekin ordeztu ditu printzipio demokratikoak, eta G7, G8 zein G20 talde plutokratikoekin, berriz, Nazio Batuen sistema; ondorioz, gizataldeen arteko aldeak handitu ditu, eta muturreko pobreziaren eraginezko migrazio-fluxuak derrigortu».

 

Unescoren arduradun nagusi ohiak zera adierazi du orobat: «larrialdi-egoera betean gaude; izan ere, potentzialki atzerakorik ez duten prozesuen aurrean gaude».

 

«Soluziobidea –jarraitu du Mayor Zaragozak– demokrazian datza: maila pertsonaleko, tokiko, nazionaleko, eskualdeko eta nazioarteko demokrazian; demokrazia etiko, sozial, politiko eta kulturalean». Eta puntu horretara heltzeko –ondorioztatu du– «beharrezkoa da Nazio Batuak berrantolatzea, irismen globaleko erakunde batetik soilik har baitaitezke behar bezain pronto ezin geroratuzko ekintzak».

 

 

Eskolako Agenda 21: munduko 25 jardunbide onenen artean

 Mayor Zaragozaren esku hartzearen ostean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eman die amaiera ofiziala «Jasangarritasunerako Hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldiei», Mayor Zaragozak eta beste parte-hartzaileek euskal jardunaldien garapenerako egindako ahaleginak eskertuz.

 

Hitzaldian, Oregik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 25 urtetik gora daramala unibertsitateaz besteko hezkuntza-sistemarako Ingurumen Hezkuntzako programa espezifiko bat garatzen, eta Unescok esparru horretako munduko 25 jardunbide onenen artean sartu duela Euskadiko Eskolako Agenda 21 ekimena. Euskadiko eskolak garapen jasangarriarekiko hartutako konpromisoa honako hauetan zertu da: 220.000 ikasle prestatu dira ingurumen arloan, 450 ikastetxetan ezarri da Eskolako Agenda 21 ekimena eta, horietatik, Eskola Jasangarri gisa aintzatetsi dira 93. «Unescok Euskadiko Eskolako Agenda 21 ekimena munduko 25 jardunbide onenen artean sartu izanak asko dio Euskadin ingurumenaren alde eta klima-aldaketaren aurka egiten dugun lanaren inguruan».

 

Amaitu aurretik, Euskadiko jasangarritasunaren gaur egungo egoera zirriborratu du sailburuak: gertu da Garapen Jasangarrirako Hezkuntza Estrategiaren onarpena –2020 Ingurumen Esparru Programan zehaztutako mugarria–, eta indarreko Geodibertsitatearen, KLIMA 2050 Klima-aldaketaren eta Biodibertsitatearen estrategiei erantsiko zaie. Azken hori, aribidean izanik ere, prestatze-prozesu aurreratuan da uneotan.

 

Honako hauek antolatu dituzte IV. Jardunaldiak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ingurugelak, Euskadiko irakasleen ingurumen-prestakuntzako zentroak biltzen dituen sareak. 150 profesionaletik gora bildu da topaketan, datozen urteotan jasangarritasunerako hezkuntzaren esparruan jarraitu beharreko jardun-ildoen inguruan eztabaidatzeko.

 

Eztabaidak pluralak eta parte-hartuzkoak izan dira, aintzat harturik zein handia den jasangarritasunerako trantsizioarekin lotutako pertsonen, enpresen eta erakundeen kolektiboa. Hala, bost lantalde eratu dira, hala euskaraz nola gaztelaniaz, eta hainbat kontu jorratu dituzte: besteak beste, gazteria ahalduntzea, jasangarritasuna erakundeetan integratzea eta hezkuntza-gaitasunak sendotzea.

 

Orobat, Komunikazioari eta gizarte-sareei eta Hezkuntza arautu eta arautu gabeari buruzko mahai inguruak egin dituzte, eta hainbat poster eta txosten argitaratu dira; azken horiek Javier Benayas eta Federico Mayor Zaragozaren esku. Hain zuzen, Mayor Zaragozak eman die jardunaldiei amaiera, bideokonferentzia bitartez, «Larrialdi ekologikoa. Jarduteko garaia da» izenburuko txosten batekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Angélica San Martín, Peli Basozabal, Arantza Acha, Jaione Mendizabal, Jaione Danborena, Miren Onaindia, Miren Agirreazkuenaga