Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Orioko itsasadarrean dragatze obrak esleitu ditu eta bi hilabete eta erdiko epea finkatu du obrak egikaritzeko

2010.eko abuztuak 26

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren bidez, Bardera obras civiles y marítimas S.L. enpresari esleitu dio Orioko itsasadarrean dragatze-obra egiteko kontratua.

  • Lanak egiteko 612.209 euroko aurrekontua eta 2 hilabete eta erdiko epea dago.

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Ibai-ahoetan kokatutako portuetan (kasu honetan, esaterako), askotariko jalkinak eta materialak metatzen direnez, dragatze-lanak egin behar izaten dira. Nabigazio-kanalak eta dartsenak lurreztatzea beste arrazoi batzuen ondorio ere izan daiteke; hala nola, isurketa zuzenak, portu-eremuan isurialdearekin loturiko hiriko eta industrietako isuriak, eta kostaldeen jitoaren garraiaketak. Barne-jarduerak berak eragindako hondakinak ere kontuan izan behar dira. Horren arabera, alde handiak egon daitezke dragatze-lanen maiztasunean eta bolumenetan, baita materialen tipologian ere.

Horregatik, azpiegitura horietako gehienak dragatu egin behar izaten dira funtzionamendu egokiari eusteko eta hortik material ugari ateratzen da, behar bezala kudeatu beharreko materiala, hain zuzen.

Portuetako nabigazio-kanalen edo ainguratze-eremuen sakonerari eustea oso garrantzitsua da itsasontziek portu-operazioa segurtasunez egin dezaten, betiere portu bakoitzaren jarduerara egokitutako zerbitzu-mailarekin, eta hori lortzeko, dragatze-operazioak egin behar dira horretarako bereziki diseinatu diren ekipoekin.

Dragatzearen premiak eta maiztasuna portuaren kokalekuaren ezaugarri morfologikoen araberakoak izaten dira; oro har, itsasadarretako portuetan metaketa-tasak handiagoak izaten dira kanpoko portuetan baino, eta beraz, dragatzeko premia ere handiagoa izaten da.

EAEren eskumenekoak diren portuetan operatibitatea bermatzeko asmoz, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2007-2010 DRAGATZE PLANA izeneko dokumentu bat landu du eta bere eskumeneko portuetan gutxieneko sakonera jakin batzuei eusteko jarraitu beharreko ildoak finkatu ditu.

Dokumentu horretan, Orioko porturako (itsasadarreko portua izaki) honako hauek finkatu dira: dragatu beharreko 4 eremu (Barruko edo arrantzako kaia, Itsasadarraren kanala, Kirol-dartsena, eta Kanpoko kaia -zutoin-oholezkoa- eta itsasartea), eremu bakoitzaren gutxieneko sakonerak eta sakonera nominalak, materialaren ezaugarriak eta horiei eusteko komeni den dragatze-maiztasuna.

2007-2010eko Dragatze Plan hori kontuan izanik, Orioko Portuan mantentzeko azken dragatzea 2006. urtean egin zen, eta 2009ko ekainean egindako batimetriari esker, Orioko Portuko 4 eremuen zati batean mantentze-lanetarako dragatze bat egin behar dela egiaztatu da.

2.- GAUR EGUNGO EGOERA

2009ko ekainaren 23an egindako batimetrian egiaztatu denez, 2007-2010eko Dragatze Planean definitutako eremuetako zati batean gutxieneko sakonera gainditu egin da eta hori dela-eta, sakonera nominalak berrezartzeko, egun dauden hondakin-metaketak kendu egin behar dira.

3.- OBREN DESKRIBAPENA

Proiektu honetan deskribatutako obra honako honetan datza: Orioko itsasadarra dragatzean, 2007-2010eko Dragatze Planean finkatutako sakonera nominalak berrezartzeko proiektuan definitutako eremuetan.

  •  Ø Jasotze batimetrikoa

Jasotze batimetrikoa 2009ko ekainaren 23an egin zuen AZTI enpresak, sorta anitzeko zunda bidez. Zundaren balioak Orioko Portuaren zeroari dagozkio. Posizionamendurako, UTM proiekzioa erabili da 30 Iparraldea (30S) eremurako Datum ED50-en arabera.

  • Ø Erauzi beharreko materialaren ezaugarriak

Dragatu beharreko materialaren ezaugarriak zehazteko, 4 lagin hartu dira barruko kaiko ainguratze-eremutik eta beste 7 lagin itsasadarraren gainerako eremuetatik. Ezaugarriak finkatzeko lan hori AZTI Arrantza Institutu Teknologikoak egin du, Euskadiko portuetan dragatze-materialen kudeaketarako azterlan integralaren barruan.

Ondorio gisa, aipatu behar dugu definitutako eremu bakoitzean dragatu beharreko materiala lohiz eta hondarrez osatuta dagoela, biak ere kalitate onargarrikoak izanik eta itsasora isurtzeko modukoak.

  • Ø Dragatu beharreko bolumena

Eremu bakoitzean dragatu beharreko bolumena honela kalkulatu da: gaur egungo egoeraren bolumenari sakonera nominalaren bolumena kenduta. Dragatu beharreko eremuen zabalera dela-eta, erauzi beharreko materialaren bolumena ordenagailuko programa baten bidez kalkulatu da; orain arte profilen bidezko tratamendua ematen zitzaion lurzoruari, baina orain 3 dimentsioko tratamendua lortu da, programa horren bitartez.

Jarraian, eremuen eta dragatu beharreko arloen deskribapen labur bat egingo dugu, baita bolumenarena ere:

- Zutoin-oholezko kaia

OR08 eremuaren barruan, dragatu beharreko bolumenen kalkulua egin dugu baina zutoin-oholezko kaiaren luzera guztira mugatuta, eta itsasadarraren zabalera guztirako. Horretarako, 2009ko ekainaren 23ko jasotze batimetrikoa hartu dugu erreferentziatzat, eta materialaren bolumena -4 m-ko kotaren gainean kubikatu da, horixe baita OR08 eremu osoari dagokion sakonera nominala. Zutoin-oholezko kaiaren aurrean sakonera nominalera iristeko dragatu beharreko bolumena 18.971 m3 da, 18.962 m2-tan banatuta.

- Barruko edo arrantzako kaia

2009ko ekainaren 23ko jasotzean OR10 eremu osoan egin ziren zundaketak, eta barruko kaia eremu horretan dago. Eremu horretan, Dragatze Planean proposatutako sakonera nominala -4 m da, eta eremu osoan kota horretarako iristeko dragatu beharreko material-bolumena 34.848 m3 da, 22.961 m2-ko azaleran banatuta.

- Kirol Portuaren itsasartea

Orioko kirol-portuaren (OR11 eremua) itsasartearen hegoaldean, ibaian gora, 4.820 m2-ko eremu batetik jalkinez osatutako 3.828 m3 erauzi behar dira -3 m-ko sakonera lortzeko, 2007-2010eko Dragatze Planari jarraiki.

- Itsasadarraren kanala

OR9 eremuan 552 m2-ko eremu bat dago eta hor -3 m-ko sakonerara iristeko, 597 m3 dragatu beharko lirateke.

Aipatutako 4 eremu horietan dragatu beharreko guztirako bolumena 61.156,20 m3 izango litzatekeela kalkulatu da, goian aipatu ditugun bolumenei % 5 gehituta.

  • Ø Erauzitako materiala isurtzea

2007-2010eko Dragatze Planean deskribatutakoaren arabera, isurketa-puntua itsasoan finkatu da, jalkinak horretarako egokiak dira-eta. Hona hemen puntuaren koordenatuak: 43º21,38 N eta 1º55,05 W, Tanbo lurmuturraren parean 50 m-ko sakoneran, Pasaiako itsasartearen ipar-ekialdera eta Orioko portutik 10 milia ipar-ekialdera. Pasaiako portutik dragatzen dituzten materialak puntu horretan isurtzen dituzte, ohiko moduan

  • Ø Obra egikaritzea

Dragatu beharreko materialaren ezaugarriak aintzat hartuta, lanak egiteko erabili behar diren baliabideak hauek izango dira: lohi-eremuan koilara itxia duen draga bat, solido eseki gehiegi egon ez dadin.

Bestalde, dragatu beharreko bolumenak eremu itxien bidez kalkulatu dira sakonera jarraituekin eremu mugakideei dagokienez, baina hala ere, eremu horien mugetan ezponda egonkorrak sortuko direla suposatzen da, lurzoru naturalean. Azkenean ziurtatutako bolumenak honela kalkulatuko dira: Zuinketa Aktako batimetriaren bolumenari Onarpen Aktako batimetriaren bolumena kenduta, betiere beheko muga sakonera nominalaren kota izanik eta oinplanoko muga deskribatutako eremuena, ezarritako trantsizio-ezpondak muga horien barruan daudela kontuan izanik.

4.- JARDUN EREMUA

2.380/1982 Errege Dekretuaren bidez 1982. urtean transferitutako portu-eremuaren arabera, Orioko Portua eremu itxi bakarra da baina itsasadar osoa hartzen du barnean, izen bera duen udalerriko N-634 errepideko zubitik itsasarteraino.

Egin beharreko dragatze-obra guztiak portu-eremuaren barruan daude, isurketa-puntua izan ezik, itsas zabalean baitago.

Beraz, arlo horretan eskuduna den organoaren isurketa-baimena behar da obrak egikaritzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan