NIK Patrika Digitala
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskal Soziometroa: Iñigo Urkullu da herritarrek ondoen baloratutako euskal buruzagi politikoa eta gainditu duen bakarra

2015-11-27

Iñigo Urkullu Lehendakaria da berriro ere euskal buruzagi politikoen artean 5 puntuko baloraziora iritsi den bakarra, 0tik 10erako eskalan (5,0), Prospezkio Soziologikoen Kabinetearen azken Euskal Soziometroaren arabera. Atzetik datoz Andoni Ortuzar (4,5), Hasier Arraiz (4,2), idoia Mendia (3,7), Arantza Quiroga (3,1) eta, azkenik, Gorka Maneiro (2,1).

Estatuko buruzagi politikoen artean, baloraziorik txarrena Mariano Rajoyrena da (1,6); Pablo Iglesiasek 3,9 puntu lortu ditu, Alberto Garzónek 3,6, Albert Riverak 3,2 eta Pedro Sánchezek 3,1.

Euskal Soziometro honen gai nagusiak desberdintasun sozialak eta laguntzak izan dira. Landa-lana 2015eko urriaren 13tik 19ra bitartean egin zen.

EGOERAREN BALORAZIOA

Egoera ekonomikoaren pertzepzioa hobetu da, oraindik ere txarra den arren

Egoera ekonomikoaren pertzepzio positiboak gora egiten jarraitzen du eta 2013tik hazten ari da, nahiz eta oraindik 2008aren aurreko balioetara itzultzetik urrun egon. 2013an pertzepzio positiboa %20koa zen eta gaur egun %40ra igo da.

EAEko herritarrek bertako ekonomiari buruz duten iritzia, Europar Batasuneko herrialde gehienetako herritarrek beren herrialdeko ekonomiari buruz dutena baino hobea da.

Espainiako egoera ekonomikoari buruzko iritzia askoz okerragoa da, eta oso gutxi hobetu da 2013tik. EAEko herritarren%8k bakarrik uste dute Espainiako ekonomiaren egoera ona edo oso ona dela; 2013an %3 ziren.

Egoera politikoaren pertzepzioari dagokionez, EAEko herritarren artean zatiketa handia dago. %46k uste dut txarra edo oso txarra dela, eta %43k, aldiz, ona edo oso ona dela. Espainiako egoera politikoari buruzko iritzia askoz okerragoa da; %81ek uste dute txarra edo oso txarra dela eta soilik %8k ona edo oso ona.

EAEko arazo nagusitzat gehien aipatutakoak, berriz ere, lan merkatuarekin lotutakoak dira (%83k aipatu dute hiru arazo nagusien artean), oso atzetik dituztelarik arazo ekonomikoak (%17) eta egoera edo gatazka politikoa (%14). Gutxiago aipatu dira etxebizitza eta etxe-gabetzeak (%11), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta hedadura eta laguntzak (%10), ustelkeria eta iruzurra (%7) eta immigrazioa eta harekin lotutakoak (%7).

Deigarria da, berriz ere, EAEko eta Estatuko herritarren arteko aldea ustelkeria eta iruzurra arazo nagusitzat aipatzerakoan; EAEn herritarren %7k bakarrik aipatu duten bitartean, Estatuan (CISen datuen arabera) %40k aipatu dute.

DESBERDINTASUN SOZIALAK ETA LAGUNTZAK

EAEko gizarte egiturari buruzko iritzietan zatiketa handia, baina nahiago litzatekeen egiturari buruzko adostasuna.

EAEko herritarrek oso pertzepzio desberdinak dituzte gure erkidegoko errealitate sozialari buruz: %23k uste dute euskal gizarteak piramide itxura duela, oso aberats gutxi, erdi-mailako diru-sarrerak dituen jende gehiago eta gehiengo handia pobrea delarik; %20k uste dute jende gehiena erdialdean duen gizartea dela; beste %20k uste dute jende aberats dezente dagoela eta gehiengoa erdialdean eta behean; %18ren ustez oso aberatsen talde txiki bat, erdiko klaserik ia ez eta gehiengo zabal pobrea duen gizarte batean bizi gara, eta %13ren ustez piramide itxurako gizartea da, baina jende pobre gutxirekin.

Zein egitura nahiago luketen galdetuta, adostasun handiagoa dago: herritarren %67k jende gehiena erdialdean duen gizarte bat nahiko lukete. Gaur egun herritarren %20k bakarrik hautematen dute egitura hori.

Oinarrizko beharrei aurre egiteko gaitasunari eta EAEn pobreziak duen hedadurari buruz, herritarren %20ren ustez EAEko 3 biztanletatik 1 pobretzat har daiteke, eta %29ren ustez egoera horretan daude 5etik bat. %24k uste dute 10tik bat inguru direla eta %12k 20 pertsonatik bat dela pobrea.

Euskadin eta Espainian dauden desberdintasun sozialen pertzepzioa aipagarria da. Herritarren %32ren ustez EAEn pobreen eta aberatsen arteko aldeak oso handiak dira eta ehuneko hori %57ra iristen da Estatuko desberdintasunei buruz galdetutakoan.

Egoera ekonomiko pertsonalaren bilakaerari buruz espero denak egonkortasun pertzepzioa islatzen du. Bizitzan zehar izandako bilakaeraren ikuspegian, %19k aurrerapena hautematen dute eta beste %19k atzerapena; gainerako %62k, ia hirutik bik, egonkortasuna hautematen dute. Belaunaldien arteko etorkizunerako bilakaerari dagokionez, %68ko egonkortasuna mantentzen da, baina gehiago dira aurrerapena espero dutenak (%19), atzerapena gertatuko dela uste dutenak baino (%13).

Ildo horretan, pobrezia-aberastasun eskalan, 0tik 10era, 4,8 puntutan kokatzen dute beren burua euskal herritarrek, 0a mailarik pobreena eta 10a aberatsena delarik. Datu hau 5,1era igotzen da, seme-alabek, hurrengo belaunaldiak etorkizunean lortuko duen mailari buruz galdetutakoan.

Pobrezia ez da oztopo kalitatezko oinarrizko heziketa, gizarte sarea eta arreta medikua eskuratzeko. Bai ordea energia, etxebizitza edo goi-mailako ikasketen inguruko beharrak asetzeko. 

Herritarren ustez, bizitzan aurrera egiteko garrantzitsuena norberaren ahalegina (%46) eta norberaren adimena eta gaitasunak (%23) dira, jende egokia ezagutzea (%18) edo familia dirudun batekoa izatearen (%10) gainetik. Iritzi hauek ez dira ia batere aldatu 2000n egindako neurketatik.

Planteatutako helburuetatik herritarren ustez pobreziak gehien oztopa ditzakeenak dira etxea neguan bero mantentzea (%91ren ustez pobrezia oztopo handia edo dezentekoa da horretarako), etxebizitza duin batean bizitzea (%89), goi-mailako ikasketak egitea (%84), okela edo arraina jatea bi egunetik behin (%82) eta lana aurkitzea (%73). Aldiz, pobrezia ez litzateke oztopo ondoko helburuetarako: kalitatezko oinarrizko hezkuntza eskuratu (%46), lagun eta ezagunen sarea mantendu (%38) eta arreta medikua izan, behar denean (%21). 

Gero eta gehiagok uste dute hobe dela zerga gehiago ordaintzea eta zerbitzu gehiago jasotzea, zerga gutxiago ordaindu eta zerbitzu gutxiago jasotzea baino. Familiarengana jotzea da lehenengo aukera. 

EAEko biztanleen %50ek uste dute Euskadiko gizarte zerbitzuak oso edo nahikoa eraginkorrak direla pobrezia egoerak arintzeko; %42k uste dute ez direla oso edo batere eraginkorrak eta %9k ez dute iritzirik eman.

Oinarrizko beharrei aurre egin ezinik egonda hartuko luketen jarreraren inguruan, herritarren %57k diote beren lehenengo aukera familiari edo hurbilekoei laguntza eskatzea litzatekeela. %35entzat beren lehenengo aukera laguntza sozial publikoa eskatzea litzateke.

Gizarte zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez, herritarren %54k uste dute EAEn ona edo oso ona dela; %12k bakarrik daukate iritzi hori Espainiako gizarte zerbitzuei buruz. Euskadiko gizarte zerbitzuen funtzionamendua txarra edo oso txarra dela diote %24k eta iritzi hori bera dute %54k Estatuko zerbitzuei buruz.

Gastu publikoaren jasangarritasunari dagokionez, herritarren %62k uste dute hobe dela zerga gehiago ordaindu eta zerbitzu eta prestazio gehiago izatea; aldiz, %19k kontrako iritzia dute. Aldeko iritzi hori nabarmen hazi da, 2013an herritarren %50 zeuden zerga gehiago ordaintzearen alde eta orain %62 dira.

%26k uste dute Euskadin pobrezian daudenen arazo sozialei ematen zaien arreta hobetu egin dela azken urteotan, %41ek uste dute berdin jarraitzen duela eta %23k okerragotu egin dela. Iritzia hobetu egin da eta 2013an baino positiboagoa da, orduan %18k bakarrik zioten arreta hobetu zela.

Herritarren %40k diote bere inguru hurbileko norbaitek jaso duela edo jasotzen duela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta horien artean %52k uste dute laguntza horrek balio izan diola pertsona horri bere oinarrizko beharrei aurre egiteko. Beste %32ren ustez ez dio balio izan, laguntza txikiegia delako.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso ahal izateko EAEn gutxienez 3 urtez erroldatuta egotea edo 5 urtez lan egin izatearen baldintzari buruz, herritarren %17ren ustez errolda edo lan-denbora gutxiago eskatu beharko litzateke, %47ren ustez gaur egun eskatzen den denbora egokia da eta %13ren ustez denbora gehiago eskatu beharko litzateke. %10en ustez laguntza hori Espainiako nazionalitatea dutenei bakarrik eman behar zaie, EAEn erroldatuta daramaten denbora alde batera utzita. 

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Iñigo Urkullu Lehendakaria da berriro ere euskal buruzagi politikoen artean 5 puntuko baloraziora iritsi den bakarra, 0tik 10erako eskalan (5,0), atzetik datoz Andoni Ortuzar (4,5), Hasier Arraiz (4,2), idoia Mendia (3,7), Arantza Quiroga (3,1) eta, azkenik, Gorka Maneiro (2,1).

Aipagarria da Arantza Quirogaren hobekuntza nabarmena (apiriletik hona 0,7 puntu hobetu eta 3,1era iritsi da); gogoratu behar da ikerketa honen landa lana EAEko PPko buru bezala dimisioa aurkeztu zuen garaian egin zela.

Estatuko buruzagi politikoen artean, baloraziorik txarrena Mariano Rajoyrena da (1,6); Pablo Iglesiasek 3,9 puntu lortu ditu, Alberto Garzónek 3,6, Albert Riverak 3,2 eta Pedro Sánchezek 3,1.

Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, gehitu egin dira ez dakitenak edo erantzunik eman ez dutenak, apirileko %11tik urriko %17ra pasa dira. Independentziaren aldeko jarrera jaitsi egin da (apirilean %25, urrian %21), eta mantendu egin dira bai kontrako jarrera (%32) eta egoeraren arabera alde edo kontra egongo liratekeena (%31).

5 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Idoiainoriza
    2015-11-27

    Comentario de Twitter:
    RT @ErrekaldeEAJPNV: Iñigo Urkullu da herritarrek ondoen baloratutako euskal buruzagi politikoa eta gainditu duen bakarra: https://t.co/3nJ

  • Argazkia SN Robot
    @ErrekaldeEAJPNV
    2015-11-27

    Comentario de Twitter:
    Iñigo Urkullu da herritarrek ondoen baloratutako euskal buruzagi politikoa eta gainditu duen bakarra: https://t.co/3nJRcWn72m

  • Argazkia SN Robot
    @AzalgorriBilbao
    2015-11-27

    Comentario de Twitter:
    RT @ErrekaldeEAJPNV: Iñigo Urkullu da herritarrek ondoen baloratutako euskal buruzagi politikoa eta gainditu duen bakarra: https://t.co/3nJ

  • Argazkia SN Robot
    @mikel_uriguen
    2015-11-27

    Comentario de Twitter:
    RT @ErrekaldeEAJPNV: Iñigo Urkullu da herritarrek ondoen baloratutako euskal buruzagi politikoa eta gainditu duen bakarra: https://t.co/3nJ

  • Argazkia SN Robot
    @mikel_uriguen
    2015-11-27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [SOCIÓMETRO VASCO] Iñigo Urkullu es el político vasco mejor valorado y el único que aprueba ➡ https://t.co/xd1h3u2gOR

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)