Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal jaiak "lasaiak" izan direla azpimarratu du Lehendakariak kale indarkeriaren egileek "erakundeak eta gizartea aurrez aurre izan dutelako"

2010.eko abuztuak 25

Patxi Lopez lehendakariak guztiz gaitzetsi ditu Bilboko jaietan gauzatu diren kale borroka ekintzak eta eraso horiek “zigortuak izan direla” eta “inoiz baino gutxiago” izan direla azpimarratu du. Lehendakariak Bizkaiko hiriburuko jaietan antzeman den “normaltasuna” gailendu du, bere hitzetan “jaiak lasaitasunez gauzatzen ari dira, herritarrentzako tarte gehiagorekin, eta biktimak eta euskal gizartea bera ere iraintzen dituen indarkeria eta biolentziaren apologiarentzako tarte gutxiagorekin”.

Bilboko Aste Nagusira egin duen bisitan, lehendakariak komunikabideen aurrean adierazi du ezker abertzaleak kaleko indarkeriaren aurrean ez duela “inolako” erantzunik eman eta “indarkeria desagerrarazi arte jokabide horri demokratekin batera aurre egiteko” eskatu dio.“Momentuz ez dugu horrelakorik ikusi”, ohartarazi du.

Lehendakariak esan du “normaltasun” hori turistak Euskadira erakartzen dituen ezaugarrietako bat dela. Patxi Lopezek berak eman dituen datuen arabera, ekainean Euskal Herrira etorri diren bidaiariak iazko ekainean etorri zirenak baino % 18 gehiago izan dira. Zifra horrek uztailean hazten jarraitu du, guztira 241.000 turista baino gehiago etorri dira eta abuztuan kopuru hori gaindituko dela espero da. Lehendakariaren hitzetan, bisitariek “asko baloratzen dute” Euskal Herrian orain dagoen “lasaitasuna eta normaltasuna”.

Lan arloaren transferentzia

Eusko Jaurlaritza enpleguaren arloko politika aktiboen transferentzia irailean iristea lortzeko “lan egiten ari da” eta “momentuz, EAJ kontrakoaren alde jokatzen ari dela dirudi”. Horixe adierazi du lehendakariak eta “honezkero EAJk herrialde honetako langabetuei politika aktiboak aplikatu ez diren hamabi hilabete, Euskadiko langabetuak laneratzeko tresna bikain bat izan ez duten hamabi hilabete zor dizkiela” gehitu du.

Hori dela eta, jeltzaleei negoziazio honetan duten jarrera argitzeko eskatu die. Lehendakariak “Nazionalistek Espainiako gobernagarritasunean esku hartzearen” alde dagoela esan du eta “nazionalistek horixe egitea nahiko luke, eta Euskadirentzako onena lortzeko egin beharko lukete, ez sigla batzuentzako onena lortzeko euskal gizartea hondatuz, politika aktiboekin egin duten bezala”. “Negoziazio horiek Euskadirentzat onuragarriak izango direla ziurtatu nahi dugu, eta ez sigla batzuentzat”, esan du.

Pakistanentzako laguntza

Patxi Lopez lehendakariak Eusko Jaurlaritzak UNICEF eta Gurutze Gorria erakundeek Pakistanen uholdeek suntsitu dituzten eremuetan lan egiteko 125.000 euroko bi partida martxan jarriko dituela adierazi du. Laguntza horren bidez, ura edateko ur bihurtuko da eta toki bat behar duten pertsonak hartzeko instalazioak eraikiko dira, besteak beste.

Horrez gain, Euskadiko osasun zerbitzuak, Osakidetzak, unitate mediku bat laga die eta horri esker, gutxi gorabehera 10.000 pertsonari eskaini ahalko zaie arreta. Lehendakariak laguntza ostiralean bertan herrialdera iritsiko dela adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria