Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Hezkuntzaren alorreko ehun eragile baino gehiago elkartu dira Hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldien hasieran

2015-11-26

Garapen jasangarriari begiratzen dion hezkuntza ezartzea nahitaezko baldintza da sozialki etorkizun jasangarria eta berdintasunezkoa lortzeko. Premisa hori Nazio Batuek aldarrikatu zuten orain urteak, eta indar betean jarraitzen du; hala, premisa horrekin Euskadik zer jarrera duen eztabaidatuko dute Bilbon gaurtik  azaroaren 28ra bitartean, Jasangarritasunerako Hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldietan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.

«Hezkuntza eta jasangarritasuna etorkizunerantz» leloarekin hasi dira gaur Bilbon Hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldiak. Hasierako ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Iosu Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordeak, Arantza Aurrekoetxeak, eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako Jasangarritasun Batzordeko idazkari exekutiboak, Javier Benayasek.

Jardunaldiok era askotako pertsona, elkarte, enpresa eta erakundeei daude zuzenduta, guztiak ere jasangarritasunera bide egiteko trantsizio-prozesuetan inplikatuta badaude (plangintza estrategikoan, irakaskuntzan eta prestakuntzan, aholkularitzan eta gaikuntzan, erakundeen eta enpresen gizarte-erantzukizunean, gizarte-mugimendu ekologistetan, garapen-mugimenduetan, generoari buruzkoetan, bake-kontuetan eta abarretan ibiltzen direnentzat). Ikuspegi horiek guztiak aintzat hartuta, esperientziak trukatuko dira eta jasangarritasunaren alorrean hurrengo urteetan jarraitzeko jarduera-ildoak eztabaidatuko dira, guztia ere Jasangarritasunerako Hezkuntzaren Euskadiko Estrategia diseinatzen hastea buruan izanik.

«Hezitzaile zareten aldetik, egoera ezin hobea duzue zuen laguntzari esker garapen jasangarria lortzeko hezkuntzaren ahulguneak eta indarguneak zein diren hausnartzeko, eta elkarrekin etorkizunerako jarduera-estrategia baten lerroak proposatu ahal izango ditugu; hala lortuko dugu gizarte jasangarriagoa lortzeko hezkuntza eraldatzailearen oinarriak sendotzea», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Iosu Madariagak, ekitaldiaren hasieran.

Jasangarritasunerako Hezkuntzako Hamarkadaren erronka berriak

Jasangarritasunerako hezkuntzak aurrerapauso handiak izan ditu 2005 eta 2014 arteko hamar urteetan. Hamarraldi hori Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkada izendatu zuen Nazio Batuen Elkarteak. Edonola ere, helburua lehenagokoa da, 1992an formulatu baitzuten Lurraren Gailurrean, Programa 21 izeneko dokumentuan (Brasilen orain ia mende laurden egin zuten bilera hartatik sortutako dokumentu ofiziala).

Gaur egungo Euskadin, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkada amaitu ostean, etapa berri bat dugu aurrean. Garai berri honetan funtsezkoak izango dira honako alderdi hauek: erakundeen eta gizarte-eragileen arteko sareko lana, sare sozialak, jasangarritasunerako hezkuntzak txertatzea administrazioen politiketan, gaitasunen lanketa, gazteen protagonismoa eta mobilizazioa, trebatzaileen prestakuntza, tokiko erakundeen inplikazioa oinarri komunitarioko programatan, eta abar. Horri guztiari buruz hitz egingo da Bilbon egingo diren IV. jardunaldien barruan antolatutako hitzaldietan eta lantaldeetan.

 Hizlari garrantzitsuak eta lantaldeak

Jardunaldiak  Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan izango dira, eta hizlari nabarmenek parte hartuko dute: Federico Mayor Zaragoza, UNESCOren zuzendari nagusi izandakoa –erakunde horrek gidatu zuen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Hamarkada 1987 eta 1999 artean– eta Javier Benayas, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekologiako irakaslea eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako Jasangarritasun Batzordeko idazkari exekutiboa. Hitzaldiez gain, hainbat mahai-inguru egingo dira, beste azterlan batzuk argitaratuko dira poster formatuan eta bost lantalde ezarriko dira, bai euskaraz, bai gaztelaniaz egiteko. IV. jardunaldiotan, halaber, Jasangarritasunerako Hezkuntza EAEn argitalpena ere aurkeztuko da. Aurretik aipatutako moduan, Federico Mayor Zaragozak, egungo Bakerako Kulturaren presidenteak «Emergencia ecológica. Es tiempo de acción» hitzaldia emango du jardunaldien amaiera ofizialaren aurretik, azaroaren 28an.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)