Berriak Segurtasuna
Eu

Ia 18.000 ikaslek parte hartu du ertzain boluntario batzuk Euskadiko 164 ikastetxetako geletan emandako hitzaldi prebentiboetan

2015.eko azaroak 26
Interneten arriskuak, bullyinga, genero-indarkeria, gizalegearen aurkako jokabideak eta drogak izan dira gehien eskatutako gaiak
 
Segurtasun Sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2013ko urriaren 14an sinatutako sailarteko akordioari esker, 2014/15 ikasturtean guztira 17.943 ikaslek parte hartu du ertzain boluntarioek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 164 ikastetxetan emandako 406 hitzaldi prebentiboetan.

Internet eta sare sozialak nabigatu eta erabiltzeak ekar ditzakeen arrisku eta arriskubideak: gai horixe izan da euskal familia, irakasle eta ikasleek gehien eskatutakoa; izan ere, bertaratuen erdiak hitzaldi horietara joan dira. Zehazki, 9.108 ikaslek parte hartu du hiru lurralde historikoetan gai horren inguruan eman diren 214 hitzaldietan.

Eskola-jazarpena edo bullyinga ere bereziki nabarmendutako gaietako bat izan da: guztira 91 hitzaldi prebentibo eman dira gai horren ildotik, eta 3.421 ikasle bertaratu da horietara. Jazarpena zer den, non, noiz eta nola gertatzen den... halako galderei erantzuten zaie hitzaldi horietan. Helburua da ikasleei esparru horretan sartzen diren jokabideak –dela biktima moduan, dela lekuko edo egile gisa– hautemateko trebetasunak ematea. Poliziaren jarduketei erreferentziak ere egiten zaizkie.

Berdinen arteko tratu txarren aurkako borroka (1.521), gizalegearen aurkako jokabideei aurre hartu eta gizalegezko balioak sustatzeko eskolak (1.551) eta drogen errealitate eta kontsumoari buruzko hitzaldiak 4.627 pertsonen arretaz jabetu ziren guztira.

Horiez gain, eman dira bestelako ikastaro batzuk ere: bide-segurtasunaren oinarrizko ezagutzari (225) eta kirol-jardueretako prebentzioari (250) buruzkoak, SOS-Deiak 112 telefonoa noiz eta nola erabiltzen jakitekoak (246) eta gazte talde antolatu eta bortitzen gaineko informazioa ematekoak (66).

«Halako prebentzio-jarduerekin oinarrizko gakoak eman nahi dira, ikasleek ezagutzak izan ditzaten berengan edo inguruan eragindako tratu txar edo tratu desberdin oro hautemateko, eta pertsona guztien eskubide eta betebeharretan oinarritutako prebentzio, informazio eta heziketan sakontzeko» adierazi du José María Delgado komisariordeak, Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiaren Prestakuntza Arloko buruak. Orobat azpimarratu du beharrezko dela, besteak beste, genero-indarkeriaren, etxeko indarkeriaren edo eskola-jazarpenaren moduko arazoei hezkuntzaren ikuspuntutik heltzea, eta ez esparru polizial soiletik.

Nabarmentzekoa da zein ondo hartzen dituzten ikasleek prebentzio-hitzaldiak. Izan ere, hitzaldiok badute beste helburu bat ere: Ertzaintzaren irudia jendarteratzea, prebentzioko eta herritarren zerbitzurako agente gisa.

Orobat, interesa duten ikasleek Ertzaintzaren egoitza polizial desberdinei bisitak egiteko aukera jaso da Sailarteko akordioaren barruan. Hala, in situ ikusi ahalko dute zer zeregin betetzen dituzten agenteek beren egunerokotasunean. Iaz hamar bisita egin ziren: besteak beste, Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusira, Zaintza eta Erreskateko Unitatearen Iurretako egoitzara eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara, Arkautin.

Testuinguru horretantxe kokatzekoak dira, halaber, emakumeen, bizilagunen, adinduen eta kirolaren arloko elkarteei, bai eta desgaitasunen bat edo gaitasun mugatua dutenen kolektiboei ere, emandako hainbat hitzaldi. Ertzaintzak jendarteratze-jarduerak antolatzen ditu halakoentzako ere; adibidez, etxebizitzatan lapurretak edo maulak prebenitzeko, trafiko-istripuak saihesteko nahiz Interneten arriskuak murrizteko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ferminba1
    2015.eko azaroak 26

    Comentario de Twitter:
    Casi 18.000 estudiantes han participado en las charlas preventivas impartidas por ertzainas voluntarios en las... https://t.co/89rIneGuEV

  • @rgartzia
    2015.eko azaroak 26

    Comentario de Twitter:
    Casi 18.000 estudiantes han participado en las charlas preventivas impartidas por ertzainas voluntarios en las... https://t.co/nqsI3NZYge

Komunikabideek behera kargatzeko