Berriak Osasuna
Eu

«Osakidetzak apustu argia egin du erizaingoa garatzearen alde, erizaintzari rol berriak eta protagonismo handiagoa eskainiz osasun-arretan»

2015.eko azaroak 25

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur arratsaldean hartu du parte Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazokan «Zaintzen eta gizarteratzen» leloaren pean bihar arte egiten ari diren IX. Euskadiko Erizaintzaren Jardunaldietan. 

Sailburuak gogora ekarri du Osakidetzak urrats sendoak eman dituela arreta integratuaren bidean eta integrazio-prozesu hori 2016ko urtarrilaren 1ean burutuko dela, Arabako ESIa eta Errioxa Araba ESIa sortuz. Horiei esker, «arreta-puntuen sakabanaketa ekidin ahal izango da eta osasunean emaitza hobeak lortzeko helburuarekin, betiere pazientearen inguru hurbilean jardunda».

Halaber, sailburuak jardunaldion inaugurazioan gogora ekarri du Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia dena eta izan behar dena; Osakidetzak sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa izaten jarraituko duela bermatzea. Horren harira, gogorarazi du Eusko Jaurlaritza konprometituta dagoela «eguneroko lanaren bidez Osakidetza kalitatearen eta zerbitzu onaren eredu izatea lortzen duten profesionalekin». Jon Darpónek adierazi du, beste autonomia-erkidego batzuetan lan-eskaintza publikoen deialdiak data baino egun gutxi batzuk lehenago bertan behera geratu diren arren, Osakidetzaren 2014-2015eko LEPa jada hasi dela eta abenduaren 12an eta 13an direla hurrengo hitzorduak, Barakaldoko BECen. «Legeak agindutako epeak betetzea erabaki genuen lan-eskaintza publiko honen segurtasun juridikoa bermatzeako eskainitako plaza kopuruen gainetik. Egon ziur, gehiago eskaini nahi genituen. Dena dela, lan-eskaintza publikoa 1.014 lanpostukoa da eta hurrengo urtean 1.000 lanpostuko beste lan-eskaintza publiko bat egingo da. Lanpostu horiek kategoria guztietarako izango dira, baita erizainentzat ere, osasun-sisteman guzti-guztiak zaretelako garrantzitsuak, nor bere gaitasunean».

Osasuneko sailburuak, halaber, erizain-lanbidearen defentsa egin du: «Erizaintzak eginkizun aktiboagoa garatu behar du, nabarmenagoa arreta-prozesu guztietan. Probetxu atera behar diogu profesionalen kolektibo horri, hain da kualifikatua, eta gero eta prestakuntza handiagoa duenez».

Azken urteotan, Osakidetza apustu argia egin du erizain-lanbidearen garapenean, rol berriak eta protagonismo handiagoa eskainiz osasun-arretan. Hala, Sailburuak iragarri du horren alde lan egiten jarraituko dutela, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioak sustatutako Erizainek errezetak emateko Dekretuaren aurka. «Nondik heldu ez dauka Estatuko Osasun Sistemaren Lurraldearteko Kontseiluak aurrez onartutako eta Estatuko Kontseiluak aldeko irizpena emandako testuaren 3. artikulua aldatu izanak, noiz eta onartzeko egun gutxi batzuk baizik falta ez zirenean, nola eta osasun-zerbitzuak funtzionarazten dituzten eragileei jakinarazi gabe, horiek aplikatu beharko duten arren. Errege Dekretu horren prozedura eta emaitza ezin onartuzkoak dira. Horrenbestez, argitaratzen bada, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak errekurtsoa aurkeztuko du».

Bitartean, Sailburuak adierazi duenez, Osasun Sailak lanean jarraituko du erizainei beharrezko segurtasuna emango dieten formulak aurkitzeko eta jardunbide egokien eta pazienteen arreta-prozesuan beharrezkoa den osagarritasunaren arabera jardun daitezen. Era berean, Osasun Sailak araudi propioa garatzea komenigarria den aztertzen jarraituko du, azkenean, Errege Dekretua argitaratzen ez bada.

«Horixe adierazi dugu Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluan. Eta horixe jakinarazi diegu hiru lurralde historikoetako Erizaintza Elkargoei izan ditugun bileretan eta elkarrizketetan. Erizaintzako langileei dagozkien ardurak emateko moduari era bateratu eta koordinatuan aurre egiteari buruz hitz egin dugu, talde-lanean oinarritutako sistema orotan funtsezkoak direnez. Osasun publikoko prebentzio-jardueren administrazioa arautuko dugu; Presbide aplikazioa berrikusi eta egokituko dugu; eta zuen alboan izango gara, erizainek osasun-sisteman protagonismo handiagoa izatea defendatuz».

 

                                        Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 26a

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)