Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bilboko Aste Nagusia protagonista www.tveuskadi.net telebistan, internet bidezko euskal turismoaren telebista berrian

2010.eko abuztuak 20

www.tveuskadi.net telebistak 22.000 bisita baino gehiago izan ditu eta bisitariek 283.000 orri inguru ikusi dituzte 

Bihar, abuztuaren 21ean, larunbata, interneteko Euskal Turismoaren kanal berriak zuzenean emango du Bilboko Aste Nagusiaren hasiera, eta Marijaiaren ongietorria, pregoia eta txupinazoa ikusi ahal izango dira. EAEko beste bi hiriburuetako, hau da, Gasteizko eta Donostiako jaien hasiera ere zuzen-zuzenean eskaini zuen www.tveuskadi.net telebistak, eta orain Bilboren txanda da.

Webgune berri honek, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismo Zuzendaritzaren komunikazioko ekimenaren baitan sortua, Euskadiren irudia atzerrian modu berritzailean ezagutaraztea du xede, herrietako jaien bidez. Bilboko Udaleko Turismo eta Jaien Sailak bat egin du ekimenarekin, Aste Nagusia Bilboko erakargarri turistiko nagusietako bat bihurtzea nahi baitute.  Jaiak turismoarentzat erakusleiho erakargarriak dira, eta hiri baten marka onena herritarren izaera eta herritartasun-sentimendua direnez, bi arrazoi horietan oinarrituta sortu da bi erakundeen arteko lankidetza.

Bilboko Aste Nagusiak espiritu parte-hartzaileari eutsi dio hasiera-hasieratik baina hori bai, hiriak jasan duen aldaketa urbanistiko eta sozialarekin bat etorrita. Hirien nobel saritzat hartzen den Lee Yew saria eman berri diote Bilbori; beraz, inoiz baino ageriago dago Bilbo mundu osoan. Eta orain arte bezala, Bilboren irudia zabaltzen jarraituko du Udalak, Bilbo lehentasunezko jomuga turistikotzat hartzen lagunduko duten ekimenak eginez eta bultzatuz. Euskal Jaurlaritzaren www.tveuskadi.net turismo-kanal berria komunikazioko tresna izango da eta hiriburuaren sustapena egiteko erabiliko da, hiriari buruzko edo hirian egindako edozein ekitaldiri buruzko bideoak ikusgai jarrita edo Hirian egindako Biltzarrak zuzenean emanda; hartara, turistei Bilbora etortzeko gonbitea egingo zaie, hiriaren baliabide turistiko guztiak ezagut ditzaten.

Lankidetzako, indartzeko eta berrikuntzako helburuak komunean dituztela, Turismoa eta Jaiak Saileko zinegotzi Isabel Sanchez Roblesek eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak gaur aurkeztuko dute www.tveuskadi.net telebistan Aste Nagusia 2010eko hasiera-ekitaldiaren eta txupinazoaren zuzeneko emanaldia; larunbata 21ean izango da, 19:00etan, Arriaga Antzokitik.

Bihartik aurrera, Bilbon ehunka ekitaldi izango dira doan (kaleko ikuskizunak, haur-jolasak, askotariko estilotako musika-kontzertuak...) eta jaietako zortzi egunetan Hiriko kaleak animazioz gainezka egongo dira, bilbotarren gozamenerako, baita jaiak bertatik bertara bizitzera hurbiltzen diren bisitari guztien gozamenerako ere.

Euskal Turismoaren telebista berria

www.tveuskadi.net telebistaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat parte-hartzea da. Telebista bera, baita telebistaren edukiak ere, sare sozialetan parteka daitezke, hala nola Facebooken eta Twitterren, besteak beste.

Aukera horri esker, edozein erabiltzaile izan daiteke Euskadiko erakargarri turistikoen enbaxadore aktibo. Hori horrela izanik, edozein herritar jaietako partaide izan daiteke, dela txupinazoaren egunean bertan egonda, dela kanal horretatik ekitaldia deskargatu eta besteekin partekatuz sare sozialen bidez.

Era berean, www.tveuskadi.net kanala edukiz beteko da arian-arian; Euskadiko edozein txokotan izandako gertaera turistikoak edo bideoak ikusgai egongo dira, erakundeei emango diegun helbide elektroniko batera bidaliz gero, eta guztion artean, kanal hori Euskadiren irudia eta marka turistikoa (Euskadi goza ezazu) modu berritzailean kanporatzeko bide bihurtuko dugu, turismoarentzat garrantzi handiko gertaerak (Bilboko Aste Nagusia, esaterako) ahaztu gabe.

Internet bidezko Euskadiko Turismoaren telebista berriaren edukietan honako hauek aurkituko ditugu: gastronomia, enologia, ibilbideak, bilera-turismoa eta hiri-ihesaldiak, besteak beste. Horretaz guztiaz gain, programazioko azpikanalen orri bat ere izango du, askotariko edukiekin: eguraldia, kultura-agenda, eta interes turistikoa duten hainbat jarduerari buruzko erreportajeak. Bideo laburrak ere ikusgai izango dira, betiere euskal turismoarekin loturik, interesa duen edonorentzat.

 

Jaien hasierako txupinazoa zuzenean emango dute telebistan, bihar, abuztuaren 21ean, larunbata, arratsaldeko 19:00etan

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Turismoa eta Jaiak Saileko zinegotzi Isabel Sanchez Roblesek eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak