Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du, etengabeko prezipitazioengatik, Gipuzkoako ekialdean soilik

2015.eko azaroak 25

Gipuzkoako gainerako zonaldeetan eta Bizkaian abisu horia egongo da oraindik, etengabeko prezipitazioengatik

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak etengabeko prezipitazioengatiko alerta laranja aktibatu du gaurko 24:00ak arte, Gipuzkoako ekialdean soilik, bereziki Urumearen goi-arroan; Gipuzkoako gainerako zonaldeetan eta Bizkaian etengabeko prezipitazioengatiko abisu horiak indarrean jarraituko du.

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, hilak 25, eguraldi gozakaitza espero da, eta haize gogorra eta prezipitazio ugari izango dira. Ipar-mendebaldeko haize bizia izango da, eta gogor joko du egun osoan zehar. Itsasoaren egoerak, ondorioz, okerrera egingo du nabarmen.

Euskalmeten arabera, gaurko egunean zehar prezipitazioak ahul-arinak izango dira, eta etengabeak, kantauriar isurialdean bereziki; han, 60 l/m² ere pilatuko dira egunean zehar, Bizkaiko ekialdean eta Gipuzkoan.

Fronteak, gainera, Gipuzkoako ekialdeari erasango dio bereziki: 80 l/m² ere pilatuko dira han, eta Urumea ibaiaren goi-arroan 100 l/m² baino gehiago espero da.

Hain zuzen ere, gaurko eguna bukatu arte, batez ere arratsaldean, 40-60 l/m² pilatu daitezke oraindik, eta horrek Gipuzkoa ekialdeko ibaien mailak gora egitea ekarriko du, batez ere Urumearenak.

Ipar-mendebaldeko haizeak indartsu joko du, gaurko egunaren bigarren partean eta bihar, hilak 26, goizaldean, bereziki.

Hain zuzen ere, haizeguneetan 100 km/h-tik gorako haize-boladak espero dira; haizeguneetatik kanpo, 80 km/h-ko boladak espero dira, batez ere itsasertzetik hurbil, Arabako Lautadan eta Arabako Errioxan.

Itsasoaren egoerak okerrera egingo du nabarmen gaurko egunean zehar. Olatuek 4-5 metroko altuera hartuko dute egunaren bigarren partean, eta 6-7 indar-mailako ipar-mendebaldeko haizeak joko du; itsasoaren egoera zakarra izango da ondorioz.

Olatuek, gainera, marea biziekin bat egingo dute gaur arratsaldeko itsasgoran eta biharko, hilaren 26ko, bi itsasgoretan; hori dela eta, itsas kolpe arinak gerta daitezke kostaldean, gainditze-adierazleak maila horiaren atalasetik hurbil baitaude.

Bihar, hilak 26, euria izango dugu berriro, baina metatutako kantitateak askoz txikiagoak izango dira. 30 l/m² inguruan espero dira gehienez kantauriar isurialdeko puntu batzuetan.

Laburbilduz, egun zaila izango da meteorologiari dagokionez. Prezipitazioak izango dira ezaugarririk nabarmenena: 80 l/m²-tik gora Gipuzkoako ekialdean. Ibaien mailak gora egingo du, ondorioz, zonalde horretan.

Prezipitazioekin batera haize gogorra izango dugu, eta eguna, beraz, gozakaitza izango da.

 

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak jarraitzea gomendatzen da, Euskalmeten bidez (http://www.euskalmet.net) eta kasu hauetan, batez ere, Twitter bidez (@Euskalmet).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Seguridad activa la alerta naranja por precipitaciones persistentes solo para la zona este de... https://t.co/IadQ2aqFFs

Komunikabideek behera kargatzeko