Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Euskadik % 25 murriztu ditu isuriak»

2015.eko azaroak 25
  • Euskadi berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien murrizketa nabarmenak beterik joango da Paris COP21 Klima Aldaketaren Munduko Goi Bilerara
  • Euskal gizartearen eraginkortasuna % 47 hobetu da, BPG unitate bakoitzeko sortutako CO2ari dagokionez
  • Euskadiko 10 udal “Compact of Mayors” ekimenari atxiki zaizkio, isuriak murrizteko

Pariseko COP21 Klima Aldaketaren Munduko Goi Bileratik hiru astera gaudela, Euskadik % 25 murrizketa lortu du berotegi-efektuko gasen isuriei dagokienez, 2005tik -2014ra bitarteko aldian, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak urtero prestatzen duen Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioko datuen arabera. Pariseko goi-bilerak, hain zuzen, berotegi-efektuko gasen isuriei buruzko akordio global berri bat lortzea du helburu. Ana Oregi sailburuaren ustez, «Euskadi berotegi-efektuko gasen murrizketa nabarmenak beterik joango da Klima Aldaketari buruzko Pariseko Munduko Goi Bilerara».

Datu horiek Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburu Ana Oregik aurkeztu ditu Donostian egindako topaketa batean; bertan, Klima Aldaketaren kontrako Estrategia -KLIMA 2050- aurkeztu zaie ekonomia, gizarte eta ingurumenaren alorreko eragileei, eta aitortza publikoa egin zaie euskal hamar udalerriri, isuriak murriztera zuzendutako “Compact of Mayors” ekimen globalari atxikitzeagatik –Bloomberg Fundazio, ICLEI, C40 Cities eta Tokiko Hiri eta Gobernuen Batasunak (UCLG) gidatuta, ekimenak Nazio Batuen Erakundearen sostengua du-.

«Euskadik aurrerabide garrantzitsua egin du klima-aldaketaren gaineko politikan: 2005 urtetik –erreferentzia-urtea, Europar Batasuneko ahalegin-banaketan– % 25 murriztu ditu bere isuriak, eta % 10, berriz, 1990etik –Kyotoko lehen aldiaren erreferentzia-urtetik–. Azken 25 urteotan bere ekonomia % 69 hazita lortu du, gainera, murrizketa hori. Horrek zera esan nahi du: euskal gizarteak % 47 hobetu duela eraginkortasunean, sortutako BPG unitate bakoitzeko CO2-ari dagokionez. 2005 urtearen aldean, ostera, % 28 hobetu da eraginkortasuna» adierazi du Ana Oregi sailburuak.

«Hori posible izan bada –gaineratu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak– honako hauei esker izan da hala: beste erregai batzuen ordez arian-arian gas naturala sartu, eraginkortasun energetikoa hobetu, eta energia berriztagarriak eta eraginkortasun handiko kogenerazioa ezarri dugulako. Era berean, isurien arloan hain biziak ez diren garraiobideak sustatzea lortu dugu, hiriko trenbide-sareak ezarrita, metroa eta tranbia kasu; hala, autobus-linea publikoekin eta herritarren kontzientzia handiagoarekin batera, hiriguneetako mugikortasuna hobetzen lagundu dute. Hondakinen kudeaketaren arloan, zabortegietan hondakinen % 60 gutxiago uztea lortu da, gaikako bilketaren eta birziklapenaren ratioak areagotuta».

Datuen arabera, Klima 2050 - Klima Aldaketaren Euskal Estrategiak markatutako bideari jarraitzen dio Euskadi; izan ere, 2030 urterako isuriak % 40 murrizteko helburua eta 2050erako % 80 murriztekoa ezartzen du estrategiak, betiere, 2005 urtea harturik konparazioaren oinarri.

Euskadin 2013an isuritako berotegi-efektuko gasak 19 miloi tona CO2ren baliokide izatera iritsi ziren; energiaren, garraioaren eta industriaren sektoreak izan ziren isurtzaile nagusiak, isuri guztien % 85 harturik. Europar Batasuneko isurien guztizkoari % 0,5eko ekarpena egiten diote, gutxi gorabehera.

Euskadiko 10 udalek “Compact of Mayors” ekimena sinatu dute

Amurrio, Areatza, Balmaseda, Bilbo, Donostia, Durango, Errenteria, Legazpi, Tolosa eta Gasteiz “Compact of Mayors” ekimenari aldi berean atxiki zaion udalerri multzo handiena da, munduko eskualdeen artean. Gainera, ekimen horri Euskadin atxiki zaizkion lehenengo udalerriak dira. Ekimena honela definitzen da: “munduko ahalegin kooperatiborik handiena berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko, aurrerapenen jarraipena egiteko eta klima-aldaketaren inpaktuen aurrean prestatzeko”.

Atxikimendu hori sinatu dutenez, udalerriek gai hauei buruzko informazioa eman behar dute aldizka, hiru urtean: berotegi-efektuko gasen isurien inbentarioa, klima-arriskuak, isuriak murrizteko helburuaren betetze maila, klima-urrakortasunak eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko planak.

Klimaren eta bere potentzialaren aldeko tokiko ekintza nazioartean sustatzeko asmoz, Nazio Batuen Erakundeak “Compact of Mayors” aurkeztu zuen 2014an. Bloomberg fundazioak eta munduko hirien C40, ICLEI eta UCLG sareek gidatuta, ekimenaren asmoa da  BEGen isurien maila jaistea, urrakortasuna murriztea eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handitzea, udal mailan.

“Compact of Mayors” ekimenak tokiko gobernuak biltzen ditu, alegia, baldintza hauek betetzen dituzten tokiko gobernuak: klima-aldaketa moteltzeko eta hari egokitzeko borondatezko konpromisoak hartzea, eta beren aurrerapenei eta helburuen betetze mailari buruz informatzea, aitortutako eta legitimatutako plataformen bitartez, esperientzien trukea erraztuz.  

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ihobEJGV
    2015.eko azaroak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#KLIMA2050] Ana Oregi: «Euskadik % 25 murriztu ditu isuriak» ➡ https://t.co/6QWAlRKDa6

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#KLIMA2050] Ana Oregi: «Euskadik % 25 murriztu ditu isuriak» ➡ https://t.co/6QWAlRKDa6

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    [#KLIMA2050] Ana Oregi: «Euskadik % 25 murriztu ditu isuriak» ➡ https://t.co/6QWAlRKDa6

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto, Alfonso Gil, Amaia Barredo