Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Ana Oregi: «Klima-aldaketarekin batera enpresa arloko berrikuntza ere heldu behar da»

2015-11-26
  • «Berrikuntza arloan ezarri beharreko hobekuntzek enpresa antolakuntzako, marketineko eta hornikuntzako metodo berriak eskatzen dituzte»
  • Berrikuntzan oinarritutako ekonomiaren adibide dira honako enpresa hauek: Arcelor Mittal (altzairu jasangarria), Vidrala (botila arinagoa), Befesa Zinc Aser eta Gamesa (hornitzaileen jardueraren karbono-aztarna), Iberdrola (energia berdea), CAF (Eco CAF), Eroski (jasangarritasun-ardatza), Irizar (autobus % 100 elektrikoa), ITP (emisio baxuko turbina sektore aeronautikorako) eta Ingeteam (balaztatzean energia berreskuratzeko sistema)

Vitoria-Gasteiz, 15/11/26

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu duenez, «berrikuntza arloko mekanismoetan ezarri beharreko hobekuntzak ez daude soilik produktu eta prozesu berrien garapenarekin lotuta, baizik eta berrikuntza instituzional eta sozialarekin zein enpresa antolakuntzako, marketineko eta hornikuntzako metodo berriekin ere». Aipatutakoaren adibide gisa jarri ditu Oregik «bai ekonomia zirkularra bezala ezagututako material eta osagaien berrerabilpena bai berfabrikazioa bera. Azken finean, klima-aldaketarekin batera enpresa arloko berrikuntza ere heldu behar da».

«Karbono kontsumo baxuan oinarritutako ekonomia, berrikuntzaren elementu dinamizatzailea da. Isurpenak murrizteko helburuak berak egungo egoerarekin alderatuta jauzi kualitatiboak ematea ahalbidetuko duten teknologia, produktu eta prozesu berritzaileen eskaera handia eragiten du», nabarmendu du Ana Oregik Parisen egun gutxi batzuk barru hastekoa den COP21 klima-aldaketaren inguruko Nazio Batuen Erakundearen gailurraren atarian.

Ildo horretan, kontuan izan behar da egindako zenbatespenen arabera, nazioarteko hitzarmenek ezarritako eskaerak betetzeko eman beharreko berotegi-efektuko gasen murrizpenen erdia oraindik ere garatu gabe dauden teknologien ondorioz emango direla.

Oregi sailburuak nabarmendu duenez, «Euskadin berrikuntza eta ikerkuntza sustatzeko neurriak ezartzen ari dira, bai sektore energetikoan bai karbono kontsumo baxuko ekonomiaren parte diren hainbat industria jardueratan».

«Energiaren arloan ikerkuntzarako hainbat jarduera ildo espezifiko daude energia berriztagarriekin, sare elektriko adimendunekin eta energia biltegiratzearekin lotuta, guztiak ere oinarrizko arloak sare elektriko adimendunak garatu edota garraioa elektrifikatzeko. Ikerkuntza arlook jarduera industrialetara bideratuta, ikerkuntza eta garapena sustatu eta laguntzeko mekanismoak garatu dira eraginkortasunarekin, jasangarritasunarekin, fabrikazio ekoeraginkorrarekin, ekoizpen bitarteko adimendun eta seguruekin, fabrikazio adimendunarekin... lotuta», azaldu du Ana Oregik.

Energia jasangarritasuna bultzatu eta karbono-aztarna murrizteko kezka euskal enpresa lehiakorrenen negozio ereduan oso sustraituta dago. Izan ere, esperientziak azaltzen duenez, bai enpresa eragile handiak bai euren hornikuntza sareko kide direnak jakitun dira produktu eta prozesuen jasangarritasuna eta euren potentzial estrategiko eta komertziala lotuta daudela.

Berrikuntzan oinarritutako ekonomia berriaren adibide dira honako enpresa hauek: Arcelor Mittal (altzairu jasangarria), Vidrala (botila arinagoa), Befesa Zinc Aser eta Gamesa (hornitzaileen jardueraren karbono-aztarna), Iberdrola (energia berdea), CAF (Eco CAF), Eroski (jasangarritasun ardatza), Irizar (autobus % 100 elektrikoa), ITP (emisio baxuko turbina sektore aeronautikorako) eta Ingeteam (balaztatzean energia berreskuratzeko sistema).

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)