Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Alejandra Iturrioz: «Usainen inguruko legedi espezifikorik ez izatea erronka da herri-administrazioentzat»

2015-11-23

Alejandra Iturriozek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, gaur goizean Bilbon inauguratu den Ingurumeneko Usain Kudeaketaren Gaineko Nazioarteko III. Konferentzian nabarmendu du herri-administrazioek erronka daukatela «ez baitago usainen inguruko legedi espezifikorik» eta arazo hori, ingurumeneko adituen esanetan, herritarrek gehien sufritzen duten ingurumen-arazo emergenteetako bat da.

Topaketa olores.org eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hala, Iturriozek adierazi du ingurumen-legedia asko aurreratu dela azkeneko urteetan, eta gure udalerriek eta hiriek ingurumen-kalitate handia eskuratu dutela. Edonola ere, bere esanetan, ingurumen-kontuekiko kezka handitzen ari da herritarren artean, gero eta aktiboago baitira herritarrak inguru babestuak eta zainduak eskatzeko.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariak esan zuen nazioarteko konferentzia aukera bikaina dela kutsadura isileko hau erregulatzeko etorkizunean hartu beharreko neurrien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Konferentzia teknikoa izan da, eta hamarka adituk parte hartu dute, hainbat eratako gaiak jorratzen, hala nola ingurumenean usainak nola sortzen eta isurtzen diren, horren inguruan zer lege dauden, usainak kontrolatzeko teknikak, dispertsio-teknikak eta usainak ezabatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)