Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: herritarren pertzepzio eta iritziak

2015.eko azaroak 23

Jendartearen gehiengoak desberdintasuna emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu du

Herritarren %77ren iritziz gizon eta emakumeen arteko desberdintasun egoerak dirauen bitartean, emakumeen aurkako indarkeriak jarraituko du, Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen txosten baten arabera. Ikerketa honen gai nagusia emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan biztanleek dituzten pertzepzio eta iritziak dira, bereziki, emakumeek euren bikote edo bikote ohiengandik jasotako indarkeriari buruzkoak. Emakumeen %80 ados dago, gizonen %73ren aldean. Euren burua ezkerrekotzat jotzen dutenek gainerako definizioetakoek baino adostasun handiagoa adierazi dute. Adostasuna handitzen da Euskadin berdintasun maila zenbat eta baxuagoa dela iritzi edota ikasketa maila handitu ahala. 

EAEko biztanleen %75ek garrantzi handia eman diote gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren gaiari. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren egoera Euskadin 6,4 puntukoa dela deritzote, non 0ak ”desberdintasuna erabatekoa” dela eta 10ak “berdintasuna erabatekoa” dela esan nahi duten. Pertzepzioa hobetu da 2012tik, orduan 5,6 puntu jaso zituen.

IKUSGARRITASUNA, ONARPENA ETA LARRITASUNA

Gehiengoak etxe barneko tratu txar mota guztiak larritzat hartzen ditu, zenbait tratu txar psikologiko hurrenkeraren azken tokietan daude

Azken aldian bikotekide edo bikotekide ohiek emakumeei egindako eraso, tratu txar eta erailketen inguruko berriak gehitzearen arrazoia, jendartearen %61en ustez kasu gehiago ezagutzera ematen direla da, %18k indarkeria gehitu dela uste duten bitartean eta %15ek arrazoi biei dagokiela.

Gizon batek bere bikotekide edo bikotekide ohia indarkeriaz tratatzeari buruz galdetutakoan, %90ek onartezina da eta beti legez zigortu behar da diote eta %6k onartezina da baina beti ez da legez zigortu behar; onargarria dela deritzotenak ez dira %1era iristen. Genero indarkeria ez onartzean EB27ko batezbestekoaren gainetik dago Euskadi, España, eta Grezia bakarrik ditu aurretik.

Emakumeen aurka etxe barnean ematen diren tratu txar modu desberdinak baloratzerakoan, gehiengo zabalak uste du inkestan aurkeztutakoak oso edo nahikoa larriak direla. Portaera bakoitza oso larria dela diotenen portzentajeen arabera, hiru multzotan sailkatu ditzakegu:

  1. Gutxienez herritarren %75ek oso larritzat dituztenak: jotzea(%96), bere borondatearen aurka harreman sexualak izatera derrigortzea (%88), emakumearen irudiak, argazkiak, informazioa hedatzea bere baimenik gabe (%80) eta mehatxuak (%75).
  2. Biztanleen erdia baino gehiagok oso larritzat dituztenak: mugikor eta sare sozialen bidez kontrolatzea (%69), senide eta lagunekiko harremanak mugatzea (%63), janzteko modua kontrolatzea (%62) eta gauzak erabakitzen ez uztea (%60).
  3. Erdia baino gutxiagok oso larritzat dituztenak: etengabe gauzak egiteko duen moduaz kexatzea (%47), irainak (%38) eta ardura edo jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzea (%25).

Inkestan aurkeztutako tratu txar moduen larritasunaren balorazioa nabarmen hazi da 1997arekiko, neurri txikiagoan jotzearidagokionez, izan ere, dagoeneko herritarren %93k oso larritzat zuten.

Emakumeek gizonek baino zerbait larriagotzat hartu dituzte aurkeztutako txatu txar psikologiko mota batzuk. 65 urte baino gutxiago dituztenak adin nagusienen taldekoak baino zorrotzagoak dira, salbu jotzea edota jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzeari dagokionean. Ikasketa maila handitu ahala, portaera hauekiko zorroztasuna handitzen da, hirugarren multzoan jasotakoei buruz izan ezik. Agnostiko, ateo direla diotenak katoliko direla diotenak baino zorrotzagoak dira (salbu eta jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzeari dagokionez) eta baita euren buruan ezkerrekotzat dutenak gainerako definizio ideologikoetakoak baino.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN INGURUKO IRITZI ETA MITOAK

Iritzi eta mito hedatuenen inguruko adostasuna handitu da azken urteetan

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko zenbait iritzi eta mitoekiko adostasuna zabala da, hala-nola, alkohol eta droga-abusua emakumeen kontrako indarkeriaren egintza gehienen atzetik dago (%62 oso edo nahikoa ados) eta erasorik gehienak estres-maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dira (%61).Atzetik datoz genero indarkeria kasuetan salaketa faltsu asko dago (%39), etxean bortitza edo biolentoa dena lanean eta lagunekin ere hala izango da (%38) eta atzerritarrak dira genero indarkeriaren emakume biktima gehienak (%27). Askoz adostasun txikiagoa jaso dute honako iritziek: emakumeen jarrera eta portaerek beraiek eragiten dituzte genero indarkeria kasuak batzuetan (%14), emakumeen kontrako indarkeria matxista soilik klase pobreenetan gertatzen den fenomenoa da (%12), etxeko indarkeria kontu pribatua da eta etxean geratu behar du (%5) eta genero indarkeriak ez du gazte jendearengan eraginik (%5).

Nabarmendu behar da dezente igo dela hurrenkerako lehenengo hiru iritziekiko adostasun maila 2012tik: alkohol eta droga-abusua emakumeen kontrako indarkeriaren egintza gehienen atzetik dago (%50 zeuden oso edo nahikoa ados eta gaur egun %62), erasorik gehienak estres-maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dira (%42 ados eta orain %61) eta genero indarkeria kasuetan salaketa faltsu asko dago (%25 ados eta orain %39). Haatik, %19tik %14ra jaitsi da gaur egun emakumeen jarrera eta portaerek beraiek eragiten dituzte genero indarkeria kasuak batzuetan iritziarekiko adostasuna.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN HEDADURA

Euren ingurune hurbilean tratu txarrak jaso dituzten emakumeak eta tratu txarrak eman dituzten gizonak ezagutzen dituztenen ehunekoak igo egin dira 2004tik

EAEko biztanleen %27k diote euren familia ingurunean, lagunen, auzokoen edo lankideen artean ezagutzen dutela euren bikotekideen aldetik tratu txarrik jaso duen emakumeren bat eta %28k emakumeren bati tratu txarra eragin dion gizonik. Tratu txarrak jaso dituzten emakumeen kasuen ezagutza maila igo egin da 2004tik (orduan %18 ziren).

Arazoaren hedadura zabala argi geratu zen EBko Oinarrizko Eskubideetarako Europako Agentziak (FRA) 2014an emakumeen aurkako indarkeriari buruz osatutako “Violence against women: an EU-wide survey” ikerketan, bertan ondorioztatu zen Europako emakumeen %33k indarkeria fisiko edota sexuala jaso dutela 15 urte zituenetik eta %43k indarkeria psikologikoa.

Gizon bat emakume bat erasotzen edo tratu txarrak ematen ikusiko balu, herritarren erdiak poliziari deituko lioke (%52k), %21k erasotzaileari aurre egingo lioke, %17k lagundu ahal izango luketen beste persona batzuei esango liekete eta %1ek ezer ez luke egingo.

GENERO INDARKERIAREN AURKAKO LEGEA ETA BIKTIMEN BABESA

Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Legearen ezagutza %46koa da. Biktimen babeserako neurriak baliagarriak direla deritzo gehiengo zabalak

Biztanleen %46k ezagutu edo entzun dute zerbait Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Legeari buruz, %52k ez. Ezagutza handiagoa da Estatu Espainiarrean (%60).

Administrazio publikoek genero indarkeriaren biktimak direnen babeserako hartzen dituzten neurriak oso edo nahikoa baliagarriak dira herritarren %80 baino gehiagorentzat: laguntza psikologikoa (%93), emakume biktimentzako arretarako telefono zerbitzua (%91), etxebizitza babestuak eta biktimak laguntza eskatzera animatzeko kanpainak (%90), lana bilatzeko laguntza, lege arloko laguntza eta etxebizitza alorreko laguntzak (%87) eta, azkenik, diru-laguntzak (%84).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)