Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Urtebeteren buruan amaituta egon behar duen Ermuko zatia eraikitzeko proiektua idazteko kontratua esleitu du

2010.eko abuztuak 12

 Euskal Trenbide Sareak (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren erakunde publikoak) Typsa ingeniaritza-enpresari esleitu dio Bilbo-Donostia lineako Ermuko zatiaren Eraikuntza Proiektua idazteko kontratua.

Lanak egiteko 381.794,30 euroko aurrekontua eta 10 hilabeteko epea dago, eta Ermuko geltoki berria eraikitzeko metodoa definitu beharko da, baita geltoki horren inguruan trenbidea bitan banatzeko modua ere, 1.200 metroan.

Jardun hau Ermua-Zaldibar Trenbideko Saihesbidearen Proiektuaren (5.528 metro) lehen fasea da eta Zaldibarren ere beste geltoki bat eraikitzea aurreikusten da. Helburu hori betetzearren, Zaldibar eta Ermua arteko ibilbidea hiru fase independentetan egingo da.

Guztira 21 eskaintza aurkeztu dira lehiaketara, horietatik 11 ABEE moduan eta beste hamarrak enpresa bakarrarenak dira; ETS erakunde publikoaren teknikariek berriki ebatzi zuten lehiaketa.

Azpiegitura berriaren bidez, linearen erabiltzaileen eta, bereziki, Ermua-Eibar arteko tranbiaren bidaiarien (eguneroko 3.000tik gora dira) bidaia-baldintzak hobetuko dira nabarmen.

Beraz, azpiegitura hori hobetzea Euskotrenen "ardatz nagusia" berritu eta eraldatzeko prozesuaren barruan sartzen da, ERMUA-EIBAR-ELGOIBAR-MENDARO arteko garraio publikoa antolatzeko asmoz, goi-mailako prestazioak dituen zerbitzu moderno baten kalitatea eskainiz.

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Ermuko zatirako aurreikusitako ibilbide berriak N-634 errepidea zeharkatuko du Ermuko Geltokiko Bidezubiaren bidez, eta egungo trenbidearekin bat egingo du Izelaieta kaleko azpiko pasabidera iritsi aurretik.

Ermuko geltoki berria gaur egungo geltokiaren ondoan eraikitako azpiko pasabidearen ondoan egongo da, eta Valdespina parkearen eta N-634 errepidearen ondoko plaza lotuko ditu zeharka. Trenbide-plataformaren azpian egongo da geltokia eta nasa nagusiak zabalera aldakorra eta 80 m-ko luzera erabilgarria izango ditu, eskailera eta igogailu bidez iristeko moduan.

Egungo trenbide-ibilbidea orografiaren eta eraikinen menpe dago herriguneetatik igarotzen denean, eta zirkulazioaren abiadura mugatzeaz gain (bidaiari-garraioan hain garrantzitsua den abiadura), trenbide-pasagunetan ikuspena murrizten da eta ibilbidea deserosoagoa izaten da.

Halaber, Ermuko eta Zaldibarko egungo geltokietan ez dago baztergunerik, ezta instalazio egokirik ere, bidaiarien eta merkantzien bide luzeko trafikoak batera ustiatu ahal izateko.

Ildo beretik, proiektuan jasotako saihesbidearen ibilbidean Ermua-Zaldibar arteko trenbide-pasaguneak desagertu egingo dira, istripu larriak gertatzeko puntu potentzialak baitira, eta horretaz gain, eta aldi berean, bihurgunez jositako egungo ibilbidea hobetu eta nabarmen laburtzen da, hiri-ingurunean paisaia hobetuz.

Proiektu honekin batera dagoeneko abian dauden beste zenbait jardun ere aipatu behar dira, hala nola, San Lorentzo-Unibertsitatea artean trenbidea bitan banatzea, Ardantzako geltoki berria, eta Txarakua-Azitain artean trenbidea bitan banatzea edo Karakateko zeharbidea, udazkenean hasiko dena. Proiektu estrategiko horiei guztiei esker, Ermua-Eibar-Elgoibar ardatza garatu egingo da eta, amaitutakoan, ibilbide osoan 15 minutuko maiztasuna lortu ahal izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan