Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi eraldatzea proposatu du, lurralde «adimendun, jasangarri, sozial eta integratzaile, elkarlotu eta parte-hartuzko bihurtzeko»

2015.eko azaroak 23
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lurralde-antolamenduaren arloko 400 bat espezialistak parte hartuko du gaurtik aurrera Euskal Hiria 2015 Kongresuan, lurralde-antolamenduari buruzko elkargune-foro irekian
  • Ana Oregi: «Garrantzitsua da parte-hartuzko prozesuak aintzat hartzea, informazio eta entzunaldi publiko izapide formalak gainditu eta horiek kudeaketa publikoan integratuta»
  • Norman Foster arkitektoak bilgunean parte hartuko du, bihar asteartean

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, honako xedea finkatu du gaur: «gidalerroen zehaztapen teknikoan aurrera egitea, batera, lurralde adimendun, jasangarri, sozial eta integratzaile, elkarlotu eta parte-hartuzkoa lortzeko. Urkulluk Euskal Hiria 2015 Kongresua inauguratzean egin ditu adierazpenok. Gaur eta bihar lurralde-antolamenduaren arloko 400 aditu bilduko dira bertara, Bilbon; besteak beste, Norman Foster. Ekitaldian, lehendakariak Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi izan ditu lagun.

«Euskal Hiria 2015ek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-estrategia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berraztertzeko parte hartuzko prozesua abiaraziko du. LAGak 1997an onartu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak uztailaren 29an erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko LAGak berraztertzeko prozedura abiaraztea. Onartu zirenetik bi hamarkada igaro direlarik, berraztertze prozesu bat hasteko une aproposa dela jo du Eusko Jaurlaritzak, hartara, lurralde-antolamenduak planteatzen dituen erronka berriei erantzuteko. Funtsean, parte-hartze prozesu zabal baten oinarriaren gainean bermaturik eraiki behar da prozesu hori, euskal erakunde publiko, eragile sozioekonomiko, politiko eta herritarrekin batera.

«Lurraldearen etorkizuna modu bateratuan planifikatzea: horra hor gure erantzukizuna. Hementxe, eremu honetan, gertatzen baita euskal gizartearen bizitza, gaur egungoa eta etorkizunekoa. Guri dagokigu giza garapena eta hazkunde jasangarria bermatzea, biharko belaunaldien ondareari buruz gaur egun pentsatuz. Hauxe da Euskal Hiriaren unea: parte hartzearen, adimenaren, integrazioaren eta jasangarritasunaren unea. «Bi urte ditugu aurretik 1997 onartutako Gidalerro horiek eguneratzeko» adierazi du lehendakariak.

Euskadiko lurralde-antolamenduari esker, lurralde-jasangarritasuneko irizpide batzuei erantzunez gauzatu da lurraldearen garapena, hain zuzen, Lurralde Antolakuntzari buruzko 1990eko legean ezarritako lurralde-antolamenduko tresna edo instrumentu batzuei esker: LAGak horiexek, Lurralde Plan Partzialak (LPP) eta Lurralde Plan Sektorialak (LPS).

«Nik benetan sinesten dut Euskal Hirian. Iruditzen zait hirigune eta lurralde lehiakorren mundu baterantz goazela, eta mundu horrek gizakien eta lurraldeen arteko oreka eta integrazioa eskatzen dituela. Etorkizuneko agertoki horretan, Euskal Hiria lurralde lehiakor baten aldeko apustua da», adierazi du Urkullu lehendakariak.

Lurralde-eredua berrikusteko abiatzear dagoen prozesuari dagokionez, Iñigo Urkulluk azaldu du Eusko Jaurlaritzak hauxe duela helburu Euskal Autonomia Erkidegoarentzat: «hiri-kalitatea duen lurralde bat izatea, naturaguneak babesten dituena, jasangarria, eta landa-eremuan aktiboa». Era berean, esan du lurraldeak barne-mugikortasuna eta kanpo-lotura erraztu behar lituzkeela, nazioarteko portu, aireportu, trenbide-sare eta errepidez hornituta egonez, eta lurraldean barne-komunikazioa bermatuz. Lurralde inteligentearen alde mintzatu da lehendakaria; azpiegitura teknologikoen eta ezagutza-, zientzia- nahiz berrikuntza-zentroen alde, ekipamendu eta zerbitzu publiko hurbilekoak eta onak eskaintzeko. «Etorkizuna –esan du lehendakariak– euskal lurralde eta hirien arteko lankidetzan datza. Euskal Hiria Kongresuak, lurralde-eredua berrikusteko zabaldutako gogoeta-esparru honek, Herrialdearen proiektu bat bera partekatzeko gonbita egiten digu.»

Urkulluk estrategia bateratu eta partekatua diseinatzeko erronka ezarri du, «begirada Europan eta Arku Atlantikoan jarrita». Lehendakaria aukera jasangarriak bultzatzen dituzten proiektuen alde agertu da, energiari, teknologiari digitalari, garraio publikoari, azpiegiturei eta sare inteligenteei dagokienez.

Trenbide-garraioarekin lotuta, 2019an abian jartzekoa den Abiadura Handiko Trenaz jardun da lehendakaria. «Lurralde-integraziorako aukera bat da, eta Europako trenbide-sarearen estrategiarekin bat egitekoa. Nafarroako Gobernuak ere bat egiten du aukera horrekin, interesa baitu Abiadura Handiko Trenarekin eta korridore atlantikoarekin uztartzeko».

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren aburuz, «garrantzitsua da parte hartzeko prozesuak kontuan izatea, herritarrei informazioa eta entzunaldia emateko izapide formalak gaindituz, eta kudeaketa publikoan txertatuz».

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, inaugurazio-ekitaldian, adierazi du lurralde-politiken bide berri honetan nabarmentzekoak izango direla erakundeen arteko lankidetza estuagoa, gardentasun handiagoa eta herritarren partaidetza sendoagoa.

Hiriak izandako aldaketaz mintzatu da Aburto: «Hoberanzko aldaketa izan da; bestelako antolakuntza bilatu dugu, hiria izaten ari den hazkunderako egokiagoa, eta berton bizi garenon finkatze eta ongizaterako aproposagoa ere.» «Udal-gobernuan gu baino lehen egondakoak gai izan dira aurreko mendeko Bilbo horri forma eta kolorea emateko, eta Arku Atlantikoan nahiz Europako hego-mendebaldeko erreferentziazko hiri moderno bihurtzen hasteko. Baina, oraingoz, asko daukagu egiteko, bulkada horrek gizarte osoari egin diezaion on; hor ditugu, besteak beste, enpleguarekin, ongizatearekin, gizarte-kohesioarekin eta jasangarritasunarekin lotutako alderdiak».

Alkateak, Bilboren etorkizunari dagokionez, hauxe adierazi du: «Bilbok sekulako oraina du, eta etorkizun oparoa izango du, guztion artean pentsatua eta eraikia, hiri lider izateko, gure herrialdean hiri erreferente izateko, eta Euskal Hiriaren adibide izateko.» «Dagoeneko ari gara etorkizun horrexeranzko lehen urratsak egiten, erreferentzia argi batzuk ditugula: Zorrozaurre, Abandoko geltoki-gunea, AHTaren etorkizuneko amaiera-geltokia eta gure hiriburuaren beste gune batzuk, XXI. mendeko Euskal Hiria eraikitzen»gaineratu du.

«Antolamendu berria»

Goizeko saioan, lurralde-antolamendu berri baten bektoreei buruz hausnartu dute. Joseba Zulaikak, Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen irakasleak, bere hitzaldia aurkeztu du: «Bilboko ilargi zaharra: hiriaren pasio eta berpizkundea».

Ondoren, Luis Fernández Galianok hartu du parte; Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskolako Proiektuen (ETSA) katedraduna bera, arkitekturaren alorreko teoriko bikainenetakoa da, halaber, eta «Antropogenoaren paisaiak. Dentsitatearen goraipamena» gaia izan du hizpide.

Atsedenaldiaren ondoren, Javier Bikandik, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak, honako hizlari hauen esku hartzeak koordinatu ditu: Elke Loeffer, Gobernance Internationaleko zuzendari exekutiboa; Kepa Korta, Donostiako Plan Estrategikoko zuzendaria; Inés Sánchez de Madariaga, Nazio Batuen Garapen Jasangarria Sarean aholku-batzordekidea, eta Marta Olazabal, BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko ikertzailea. Herritarren parte hartzeari, erronka demografikoari, genero eta lurraldeari eta klima-aldaketaren erronkari buruz mintzatu dira, hurrenez hurren.

Arratsaldeko saioan, Luis Mª Petrikorena Gobernu Irekiaren zuzendariaren koordinaziopean, Niklass Svensson, Stockholm-eko udaleko udal-plangintzako zuzendariak, hiri ibilgarrien inguruan duen ikuspegia eman du; Sebastiá Jornet i Forner Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren irakasle elkartuak «Finkatutako hiria»ri buruzko hitzaldia aurkeztuko du eta Francisco López Groh hirigileak, berriz, industria-eremua leheneratzeari buruz jardun du.

Astearteko jardunaldian (azaroak 24), Norman Foster arkitektoak «Hiri-azpiegiturak eta bizitza-kalitatea»ri buruz jardungo du. Foster Pritzker sariduna izan zen, 1999an, bai eta Arteen Asturiasko Printze sariduna ere, 2009.

Aldez aurretik lurralde eta hiri-plangintzari helduko diote, Martín Arregi, San Bartolomé Muinoaren zuzendari kudeatzailearen koordinaziopean, Ramón López de Lucio Madrilgo ETSA Unibertsitate Politeknikoko Hiri Plangintzako katedradunaren hitzaldiarekin. Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordea, Izaskun Iriarte, erakundeek berrikuspenaren gainean egindako planteamenduaren inguruan mintzatuko da. Elena Letek, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariak, LAGak berraztertzeko elementuak aurkeztuko ditu.

Bestetik, 4/1990 Legeak ezarritako lurralde-antolakuntza izango da mahai-inguruaren ardatza. Honako hauek parte hartuko dute bertan: Anton Agirregoitia, plangintza idatzi zuen arkitektoa; Miren Askasibar paisajista;Natxo Izeta aholkulari juridikoa; Idoia Garay, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria; Natxo Tejerina, Barakaldoko Udaleko ordezkaria eta Jesús María Erquicia, Eusko Jaurlaritzakoa. Norman Foster arkitektoak eta Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak emango dio kongresuari amaiera.

Bi egunotan, hainbat kontu jorratuko dituzte: zeharkako gaiak, esaterako, klima-aldaketa, generoa, osasuna eta euskara; baita ingurune fisikoari lotutakoak ere, antolamendua eta erabilera-matrizea eguneratzea, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, azpiegitura berdeak, ekosistema-zerbitzuak eta paisaia; mugikortasuna, ura eta energia; landa-ingurunea eta hiri-ingurunea, eta bereziki erreparatuko zaie hiriaren birgaitzeari, metropoliko eremuei eta eraldatze-ardatzei, hiriko hazkunde-perimetroari, bizilekuen zenbaketari eta jarduera ekonomikoen gaineko lurralde-jasangarritasunari».

8 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko azaroak 25

    A veces sociedades o ciudades competitivas, inducen al consumo en considerable magnitud, no obstante, ciudades amigables, cooperantes, solidarias, inclusivas y de fuerte componente ético-ecológico nos aproxima a un ideal a construir.

  • @mikel_uriguen
    2015.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari propone la transformación de Euskadi en un territorio “inteligente, sostenible, social e integrad... https://t.co/aAkuDS0oOg

  • @uraEJGV
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#EUSKALHIRIA] @IUrkullu reivindica una Euskadi 'inteligente, sostenible, social' en la inauguración del congreso ➡ https://t.…

  • @IngurumenEJGV
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [#EUSKALHIRIA] @IUrkullu reivindica una Euskadi 'inteligente, sostenible, social' en la inauguración del congreso ➡ https://t.…

  • @IngurumenEJGV
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKALHIRIA] @iurkullu reivindica una Euskadi 'inteligente, sostenible, social' en la inauguración del congreso ➡ https://t.c

  • @emiezquerra
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari propone la transformación de #Euskadi en un territorio “inteligente, sostenible, social e integrad... https://t.co/9RUFTuHY48

  • @GlaciarBlue
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKALHIRIA] @iurkullu reivindica una Euskadi 'inteligente, sostenible, social' en la inauguración del congreso ➡ https://t.c

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    [#EUSKALHIRIA] @IUrkullu reivindica una Euskadi 'inteligente, sostenible, social' en la inauguración del congreso ➡ https://t.co/o3jfx8025S

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)