Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak adingabeen Zeuk Esan arreta-zerbitzua indartu du, kanpaina batekin eta erreminta berriekin

2015.eko azaroak 20
  • Azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, Jaurlaritzak Euskadiko ikastetxe guztietan banatuko diren sustapen-bideoa, liburuxka eta pegatina aurkeztu ditu
  • Bost urteren ondoren, telefono bidezko arreta-proiektua hazi egin da; hori horrela, gaur egun normalean kanal berriak (esaterako, sarea sozialak) erabiltzen dituzte adingabeek beren kezkak jakinarazteko

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, gaur goizean eman duen prentsaurrekoan, haurrei eta nerabeei arreta emateko Zeuk Esan 116111 zerbitzuaren berritasunak aurkeztu ditu. Sailburuarekin batera izan dira Familia Politikaren zuzendari José Luis Madrazo eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Begoña Garamendi. Hirurek sailarteko lankidetzaren berri eman dute. Elkarlan horri esker, zerbitzuari buruzko informazioa emango dute lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta adingabeak dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan.

 Ángel Toñak esan duenez, haurrei eta nerabeei arreta emateko Zeuk Esan zerbitzuaren laguntza-telefonoa, 116111 zenbakian, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman berriki onartutako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen artean sartzen da.

Jaurlaritzak beste bultzada bat eman nahi dio oraintsu bost urte bete dituen programari; izan ere, «adingabeen arazoei eta kezkei arreta emateko oso baliagarria da», Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera. Telefonozko zerbitzu bat da eta teknologia berrien bidezko beste kanal batzuetara ere hedatu da. Horrela, 116111 telefono-zenbakiaz gain, (doakoa, anonimoa eta ez du arrastorik uzten telefono-fakturetan) badira bestelako komunikazio-bideak ere, esaterako: webgunea, (www.euskadi.eus/zeukesan); blogak (bat adingabeentzat eta bestea adingabeekin lan egiten duten helduentzat http://zeukesan.blog.euskadi.net eta http://helduakzeukesan.blog.euskadi.net/); Youtube kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan); eta sare sozialak (@Zeukesan eta https://es-es.facebook.com/zeukesan). Prentsaurrekoan azaldutako berritasunetako bat izan da zerbitzuak newsletter bat izango duela. Hamabostean behin argitaratuko den aldizkari bat izango da newsletter hori eta haurrekin zein nerabeekin zerikusia duten albisteak irakurri ahal izango dira. Aipatutako aldizkaria harpidedunei bidaliko zaie posta elektronikoaren bidez (zerbitzuaren webgunean dagoen estekaren bidez harpidetu ahal izango da) eta sare sozialetan ere eskegiko da.

Haur eta gazteen premiei erantzutera bideratutako zerbitzu hori sustatzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila elkarlanean arituko dira, adingabeak dituzten ikastetxeen bitartez egingo den zabalkunde-kanpainan. Begoña Garamendik, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, azaldu duenez, difusioa Berritzegunei esker burutzen ari da. Dagoeneko Lehen Hezkuntzako aholkulari, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko orientatzaile, LHko zentroen zuzendari eta Premia Berezietako aholkulari bakoitzarekin harremanetan jarri dira arduradunek, postaz, kanpaina berrian parte har dezaten. Honetan datza kanpaina, hain zuzen:

  • Ikasleei horretarako diseinatutako bideoa erakustea.
  • Ikasleei 116111 telefono-zenbakia beren mugikorreko kontaktuetan gordetzeko proposatzea.
  • Tutoretzaren zati bat zerbitzuari eskaintzea: esaterako, webgunea eta Facebook eta Twitter profilak erakustea.

Zabalkunde kanpainaren bitartez, 6 urtetik aurrerako adingabe guztiek zerbitzua ezagutzea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak; horrez gain, irakasleen artean ere eman nahi du ezagutarazi nahi du, adingabeen babesgabetasun edo eskubideen urraketako egoerak hauteman baititzakete.

Hain justu, eta adingabeak laguntzeko pentsatutako zerbitzu bat izanik ere, hainbat helduren deiak jasotzen ditu: guraso, familia, irakasle eta hezkuntza ez-arautuko profesional eta/edo begiraleak, bai eta haurtzaroari eta nerabezaroari lotutako beste hainbat pertsona ere. Izan ere, baliteke helduek zenbait egoera hautematea –eskola-jazarpena, kasu– baina ezin aurre egitea, edo ez jakitea nola.

Prebentzio-tresna

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren esparruan, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak zera azpimarratu du: «haurrek beren buruarekin ondo sentitzen eta bai familien bai erakunde publikoen laguntza eta babesa duten sentimenduarekin hazteko, funtsezkoa da Gobernuak horretara bideratutako tresnak eskaintzea haur eta nerabeei, modu unibertsalean eskaini ere».

Gaur azaldu dutenez, 116111 telefono zenbakiak ez du haur edo nerabeen kalteberatasun eta babesgabetasun egoerak jakinarazteko soilik balio (baita ere); orobat, prebentzio-zerbitzua izateko borondatea du. Hau da, haur eta nerabeek egoera zail bati aurre egin beharreko kasuetan, dela arazo txikia, dela handia, konfiantzazko lagun diskretu eta eraginkor bat izan nahi du. Telefonoaren beste aldean psikologian edo gizarte-zientzietan prestatutako eta adingabeekin tratuan eskarmentatutako heldu bat egoteak laguntza bilatzeko aukera ematen du betiere.

Izan ere, haur eta nerabeek arazo eta kezkak dituztenean, batzuetan inguruko helduek eskaintzen diegun garrantzi eskasarekin egiten dute topo. Zenbaitetan, ez dute inor aurkitzen beren sentimendu eta emozioak kontatzeko. Batzuetan ezin dituzte definitu ere ez; beraz, zerbitzuak profesional bat eskaintzen die telefonoaren bestaldean, banan-banako arreta emateko.

Babesgabetasun kasuen aurrean, Zeuk Esan zerbitzuak bere jardunbidea abiarazten du. Hala, 116111 zerbitzua erantzuten duen lantaldeak haur eta neraberen bat babesgabetasun-arriskuan dagoela sumatzen badu, dagokion gizarte-zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Kontsultatzaileak salaketa jarri edo gertatutakoa jakinarazi nahi badu, kudeaketak non egin eta harremanetan zeinekin jarri behar duen esango diote. Kontsultatzaileak ez badu salaketarik jarri edo jakinarazi nahi, Zeuk Esan zerbitzuak jakinarazi eta komunikatuko dio ofizioz zeregin hori beteko duen pertsonari.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 20

    Comentario de Twitter:
    [AYUDA A LA INFANCIA] Reforzamos el servicio Zeuk Esan de atención a menores, con una campaña y nuevas herramientas➡ https://t.co/E2ExEeqb8R

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)