Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Amaitu da Euskadiko Turismoaren Lege Aurreproiektuari ekarpenak egiteko fasea

2015-11-18

Lege proiektuak Euskadiko turismo-sektorearen jarduna antolatu eta arautuko du, haren lehiakortasuna hobetzeko.

Proposamena aztertzeko, EBko herrialde aurreratuenen esperientziarekin konparatu da, eta orobat erreferentziazko ingurunekoarekin, hots, Estatuko beste autonomia erkidegoetakoekin.

Bai sektorearen bai gizartearen ikuspuntutik konplexuenak litezkeen gaiekin lotutako alderdi juridikoak tentuz aztertu dira, bai eta haien balizko ondorioak ere.

Analisi horretatik, besteak beste, turismoan pentsatzean turismo-industrian pentsatu beharra dagoela ondorioztatu da; jarduera ekonomikoa errealitatera egokitu behar da, eta errealitate horretan turistei askotariko alorretan zerbitzua ematen dieten enpresak daude, hala nola garraioan, kulturan edo sukaldaritzan.

Sektoreetako eragileekin lan egin da une oro, eta adostasuna izan da testuaren gakoetako bat. Arlo horretan eskudundutako erakundeez, udalez eta foru aldundiez gain, elkarte, turismo-enpresa, prestakuntza-zentro eta sindikatuen 26 ordezkarik parte-hartze aktiboa izan dute proiektuaren lanketan.

Lege hau espiritu erregulatzailearekin jaio da. Baita ostatu emateko eskaintzari dagokionez ere. Eusko Jaurlaritzak eskaintza hori arautzeko sektoreak egin dion eskaera entzun du, eta gaia aztertu, kontrastatu eta adostasuna bilatu du, ahalik eta ondoen egiteko modua zehaztu nahian.

Lege honi esker, gauzatu egingo da turismo-erabilerarako etxebizitzen eta turismo-erabilerarako etxebizitzetako gelen alokairuaren erregulazioa.

Legea prestatzean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legean ezarririko aginduak bete dira. Lege horretako 8. artikulua betez, entzunaldia egin zen eta jendaurrean jarri zen, gaiarekin harremana duten erakundeek eta interesa izan lezakeen herritar orok beren ekarpenak egin ahal izan zitzaten.

Jendaurrean jartzeko tramitea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz bete zen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoetan argitaratuz osatu zen. Gainera, parte hartzeko prozesu bat abiatu zen Irekia web orrian, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Jasotako alegazioak eta iruzkinak aztertuta, behin betiko testua osatzen ari dira, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari helarazi zaio, bere irizpena eman dezan; ondoren, Gobernu Kontseiluari igorriko zaio, onar dezan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan