Berriak
Eu

EAEko administrazio eta uraren erakunde kudeatzailetako teknikariek aztergai izan dute Bilbon erkidegoko hiri-aglomerazio txikietako hondakin-uren tratamendua

2015.eko azaroak 18

EAEko administrazio eta uraren erakunde kudeatzaileetako 100 teknikarik Bilbon aztergai izan dute zeintzuk diren erkidegoko hiri-aglomerazio txikietako hondakin-uren tratamendua egiteko aukerarik egokienak, URAk eta CENTA Fundazioak antolatutako jardunaldietan.

URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak jardunaldien hasieran gogorazi duenez, “Euskadin ur-politika ona lortuko bada, ezinbestekoa da uraren hornidura eta saneamendua kudeatzen duten erakundeek zorroztasun teknikoa eta diru-baliabide nahiko izatea; eta, era berean, lankidetza sustatzea haiekin EAEko lurralde osoan. Izan ere, haiek dira uraren kudeaketa profesionala egin eta zerbitzuaren ekonomia-kaudimena lortzerik dutenak. Beraz, ezinbesteko eragileak, ur-hartzeak murriztuko baditugu, ingurune urtarrari itzultzen zaizkion efluenteak ahalik eta kalitate onenean itzuliko badizkiogu, edota horiexek biak ahalbidetzen duten azpiegituren jasangarritasunari eutsiko badiogu; gaur eta bihar”.

Ansolak azpimarratu duenez “EAEko sistema urbano nagusietan kudeaketa-eredu on baten oinarriak jarri ditugu eremu urbano nagusietako hondakin-urak bildu, garraiatu eta ondo tratatzeko; nahiz eta ageriko hobetzeko puntuak izan badiren. Eremu ez hain populatuetan, berriz, lurralde-erabilera edota populazio-dentsitate gutxiagoko eremuetan ahalegin handiagoak egin behar ditugu kudeaketa-eredua eta neurri zehatzak hartzerako orduan”.

Alegia, erronka honetan datza: esku hartu behar duten administrazioek bat egitea lurraldeko herrigune sakabanatuetako ur-hondakinak era egokienean kudeatzeko eredua definitzerakoan; hartara, uren egoera ekologiko hoberantz joko baita. Erabaki beharrekoen artean, herrigune txikiak sistema nagusiekin bat egiten duten, ala, ordea, berariazko sistema autonomoa izan behar duten; eta, azken hori hautatzekotan, zein sistema eta zein kudeaketa eredu den egokiena.

Izan ere, herri-gune urbano txikietako hondakin-uren isurketen tratamenduak berariazko baldintzak ditu; teknikoak nahiz ekonomikoak. Horregatik, ezinbestekoa da baldintza horiek aintzat hartzen dituzten irtenbide zehatzak aukeratzea.  

URAk eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, CENTA eta AGUASRESIDUALES.INFOrekin batera formakuntza ikastaro hau antolatu dute, Bilbon, azaroaren 17 eta 18an. Xedea izan da batetik, ezagutzak eskaintzea arazketa irtenbide egokien gainean, eta bestetik, proiektuak idazterakoan aholku teknikoak emateaz gain, aglomerazio txikietako arazketa sistemak nola jarri abian, nola mantendu eta nola ustiatu aholkuak eskuratzea. Jardunaldietarako deialdi gonbitea administrazio eta erakunde kudeatzaileetako teknikariei luzatu zaie.

Jardunaldi hauek ahalbidetu dute ezagutzera ematea egondako aurrera pausoak teknologia intentsibo eta estentsiboetan, araudian, nahiz herriguneetan proiektu zehatzak definitzeko irizpideetan.

Halaber, partekatu ahal izan dira EAEko erakunde kudeatzaile ezberdinen gaur egungo egoera eta etorkizunera begira dituzten proiektuak; eta, horrekin batera, aurkeztu egin dira Nafarroako Foru Erkidego zein Errioxa eta Gaztela Leoneko Autonomia Erkidegoek dituzten ereduak populazio txikietan hondakin-uren kudeaketa egiteko.

Azkenik honako hauen berri eman da: teknologien ikerketan dauden azken tendentziak eta merkatuak eskaintzen dituen irtenbiderik berrienak.

Ur masen egoera ekologikoaren egoerari buruz aipatu beharra dago herri moduan bide onean goazela, nahiz eta oraindik guztien egoera ona lortu ez. Erakunde arteko akordioaren bitartez, eta ahaztu behar ez ditugun inbertsioei esker, Euskadik aurre egiten darraikio ingurune urtarrak azken hamarkadan jasan duen kalte handienari: gure hiri eta herrietako behar bezala tratatu gabe ematen diren isurketak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @uraEJGV
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    Jornada para analizar el tratamiento de aguas residuales en pequeñas aglomeraciones urbanas https://t.co/5SKQFVoQeC https://t.co/AUMWgi3njS

  • @uraEJGV
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    Jardunaldia Bilbon hiri-aglomerazio txikietako hondakin-uren tratamendua aztertzeko https://t.co/1pCZcA1r9N https://t.co/tC5vmDmaPm

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)