Berriak Osasuna
Eu

40 eta 80 urte bitarteko herritarren % 10ak Buxadurazko Arnas Gaixotasun Kronikoa du

2015.eko azaroak 18

Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoen Mundu Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak tabakoa kontsumitzeari uzteko deia egin dute, gaixotasun hau prebenitzeko helburuz.

Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa batez ere tabakismoak eragiten du, eta 40 eta 48 urte bitarteko pertsonen % 10i eragiten dio. Azken urteetan, gaixotasun hau duten emakumeen kopurua handitu egin da. Nolanahi ere, bronkio eta birikei eragiten dien gaixotasun kroniko hau egonkortu daiteke, baldin eta tabako kontsumoa bertan behera uzten bada. Hori dela eta, Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoen Mundu Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak  tabakoa uztera deitu dituzte erretzaileak, eta gogorarazi dute Osakidetzaren osasun-zentro eta anbulatorio guztietan tabakoa erretzeari uzteko programak dauzkatela, bai banakakoak, bai taldekoak. «Horrenbestez, programa horretan parte hartzera animatzen ditugu erretzaileak», azpimarratu du Osasuneko sailburuak, Jon Darpónek.

Gaixotasun honek ondorio larriak ekar ditzake, eta ezinbestekoa da diagnostikoa garaiz egitea. Espirometria soil baten bidez egiten da: proba bizkorra da, ez du minik ematen, eta gaurtik aurrera EAEko hiru hiriburuetako hainbat gunetan egin ahal izango da.

Hainbat ikerketak erakusten duenez, gaixotasun hori daukaten pertsonen % 50 eta % 75 inguruk ez dakite daukatela, dela gaixotasuna hasierako fasean dagoelako, dela pazienteak sintomak gutxietsi egiten dituelako (eztula, karkaxak, maizko katarroak eta, kasu batzuetan, arnasa hartzeko zailtasunak).

Horrez gain, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa ez da arnas aparatura mugatzen, bihotz-gaixotasunekin edota osteoporosiarekin ere lot daiteke.

 

TELEPOC

Osakidetzak telemedikuntza txertatu du hainbat patologiaren jarraipena eta zainketa egiteko. Horien artean dago, hain justu, TELEPOC: programa horri esker, espezialistek pazienterik larrienak kontrolatzen dituzte, euren etxeetan, telemonitorizazio bidez.

Halako tankerako programen artean, TELEPOCek du parte-hartze handienetakoa. Gaur egun, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoak diagnostikatuta dauzkaten 500 paziente inguru artatzen dituzte telematikoki, eta, hala, sistematikoki ospitaleratzea saihesten dute. Programa hau 125 pazienterekin pilotatu zen, Galdakao-Usansoloko ospitalean, eta emaitza onak lortu dituenez, Osakidetzaren sare osora zabaltzen ari dira. Programak arreta integrala eskaintzen dio pazienteari: lehen mailako arreta ez ezik, ospitale-arreta ere ematen zaio, Osakidetza sustatzen ari den asistentzia integratuaren esparruan.

Hala, pazienteak bere bizi-konstanteak eta galdetegi labur baten erantzunak bidaltzen dizkio berari dagokion ospitaleko erizaintzako profesionalari; hori guztiori, smartphone batetik. Datuok aztertu ostean, eta beharrezko jotzen bada, osasun-zentroko medikuarengana bidaliko dute, edo pneumologiako espezialistarengana, edota larrialdietako zerbitzura.

Tankera honetako programek pazienteen bizi-kalitatea eta satisfazioa hobetzen dute, larrialdietan pilaketak saihesten dituzte eta osasun-sistemaren jasangarritasunari laguntzen diote.

Hain justu, 2013-2020 aldirako Osasun Planean lehentasunezko alderdi gisa jaso da gaixotasunak dituzten pertsonekin esku hartu behar dela, patologiek eragindako desgaitasuna eta morbimortalitatea murrizteko helburuz. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak lanean jarraituko du, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoari dagokionez diagnostiko goiztiarrak, tratamenduak eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroak 18

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau