Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak, NPLD sarearen presidentzian, Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan

2015.eko azaroak 18
  • Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak (NPLD) osatu duen Ibilbide Orriak hizkuntza aniztasuna sustatzea du helburu, eta Europan hizkuntza politika propioaren alde egiten du, Europa 2020 Estrategiaren barnean
  • Eleaniztasuna, Inmigrazioa eta Ekonomiari buruzko Goi-mailako Konferentziaren baitan aurkeztu da gomendioa
  • EBko lurralderen batean ofizialtasuna duten hizkuntzentzat Europako erakundeetan ere ofizialtasuna eskatzen du Ibilbide Orriak, beste zenbait gomendioren artean
  • Patxi Baztarrikak Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoaren Txostena ere aurkeztuko du Bruselako Goi-mailako konferentzian. Jaurlaritzak darama gidaritza NPLDren barnean Hizkuntza eta Ekonomia arloan

 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko NPLD sare europarreko presidente gisa, Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orriaren behin betiko lantzamendua egin du gaur goizez Bruselan, Europako erakundeetako goi mailako ordezkaritzaren aurrean. NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) sareak antolaturiko Eleaniztasuna, Inmigrazioa eta Ekonomiari buruzko Goi-mailako konferentzian parte hartu dute, besteak beste, eurodiputatuek eta Europako Batzordeko nahiz Kontseiluko kideek. Eusko Jaurlaritzaren presidentziapean aurkeztu den Ibilbide Orriak, Europako hizkuntza aniztasuna helburu izanik, helburu hori bera duen hizkuntza politika propioa aldarrikatzen du EBren erakundeei begira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak burutu duen Euskararen balio eta eragin ekonomikoa txostena ere aurkeztu du gaur Patxi Baztarrikak NPLD sareak antolaturiko konferentzian. Europako hizkuntza ez-hegemoniko batek egiten duen gisa honetako lehen azterlan hau eredu bihur daiteke sareko gainerako hizkuntzentzat.

 

NPLD sarearen baitan atondu eta Eusko Jaurlaritzaren presidentziapean Europako erakundeen aurrean aurkeztu den Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orriak, hizkuntza aniztasunarekiko konpromisoa eta horren aldeko hizkuntza politika propio bat eskatzen dizkie Europako Batasuneko erakundeei, hizkuntza hegemonikoetatik haratago, Europako herrietako hizkuntza guztiak (Estatukoak izan nahiz ez) kontuan hartuko dituen ikuspegi bati jarraituz, eta NPLD sareak CRSS (Constitutional, Regional and Small States Lenguages) deritzen hizkuntza Konstituzional, Eskualdekoak eta Estatu Txikietako hizkuntzak ere sustatuz.

“Hizkuntzak, Europako hizkuntza guztiak, gizarte kohesiorako elementu dira, kultura-aberastasunerako faktore –nabarmendu du Patxi Baztarrikak bere aurkezpenaren hasieran- “eta dinamizazio ekonomikorako faktore ere badira, lehiakortasunari, hazkundeari, mugikortasunari enplegagarritasunari eta sorkuntzari estuki lotuak. Aberastasun eta ongizate eragileak dira, Europan eta Europarentzat. Uste dugu –jarraitu du- guztiz onuragarria litzatekeela EBko erakundeek bertako hizkuntzen defentsa aktiboa eta solidarioa egiteari ekingo baliote. Aurrerapauso handia litzateke eleaniztasunaren sustapenean erakunde proaktibo eta eredugarriak izatea” azaldu du.

 

Hizkuntza aniztasunerako gomendioak

Europan hizkuntza aniztasuna bultzatzeko, lau gomendio nagusi ematen dizkie Ibilbide Orriak Europako erakundeei, eta ondoren, gomendio horiek gauzatu ahal izateko neurri edo ekintzak proposatzen. Hauek nabarmenenak.

1-Hizkuntzen lege-estatusaz. Ibilbide Orriak lutura estua ezartzen du hizkuntza-komunitate baten bizitasun-maila eta eskualdeko, Estatuko, eta nazioarteko agintarien aldetik lortutako errekonozimendu-mailarekin. Hizkuntzak zenbat eta estatus sozial handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango ditu eguneroko bizitzan erabiltzen den hizkuntza bat izateko. Horregatik, EBri eta bertako erakundeei eskatzen die Europako hizkuntzei babesa eta laguntza eskaintzea, hizkuntzok ikustaraztea, eta ahalik eta errekonozimendu handiena ematea. Era berean, desiragarri ikusten du Estatu Kideren bateko lurraldearen zati batean ofizialtasuna duten hizkuntzek EBko hizkuntza ofizial gisa errekonozitzeko aukera bultzatzea.

Gomendio honen inguruan, Baztarrikak dei egin die Europako erakundeei. “Hizkuntza aniztasuna EBko ezaugarri behinena bada, eta halaxe da, justifikaezina litzateke Europako erakundeek beren ezaugarri funtsezkoena duten zerbait babestea bazterrera utziko balute”.

2- Hizkuntza-gaitasuna: ekonomiaren, hezkuntzaren eta kulturaren motor. Hizkuntzek gizarte-kohesiorako, garapen pertsonal eta ekonomikorako eta lanbide-mugikortasunerako oinarrizko funtzioa dutela jasotzen du Ibilbide Orriak. Eta gainera, dio, herritar eleaniztunak hobeto trabatuta daudela eleaniztasunak eskaintzen dizkien aukera pertsonalak eta hezkuntzaren, lanbidearen eta ekonomiaren arlokoak baliatzeko. Horregatik, Europako erakundeei galdegiten die: hizkuntza guztiak tokiko, eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko ekonomiei lotutako hazkundearen, lehiakortasunaren eta enplegu-sorkuntzaren inguruan garatutako Europako estrategian txertatzea;  eta jarduera sozioekonomikoetan (kontsumoaren eremua barnean hartuta) eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzea.

3- IKTak hizkuntzen irakaskuntzaren zerbitzura: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) hizkuntzak ikasteko eta hizkuntza horiek guztiak sustatzeko eta guztiei bizia erabil daitezen proposatzen du Ibilbide Orriak.

4-  Europako hizkuntzarik ahulenak babestea: EBko 24 hizkuntza ofizialez gain, eremu urriko eta desagertzeko arriskuan dauden 80-90 hizkuntza inguru daude Europan, lege-errekonozimendu handiago edo txikiagoarekin (euren komunitatean koofizialtasuna dutenak, edo errekonozimendu ofizialik bat ere ez dutenak).Europako erakundeek horretarako egin beharko lukete:

-       Estatu kideak eskualde-hizkuntzei, eremu urrikoei edo desagertzeko arriskuan daudenei legezko aitorpena ematera animatu, baita hizkuntza horien erabilera babestu eta sustatzera ere.

-       Europako eskualdeko hizkuntzak, eremu urrikoak eta desagertzeko arriskuan daudenak ikusarazteko, ohartarazteko eta babesteko neurriak hartu.

-       Europako Kontseiluarekin lankidetza estuan lan egin (Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren eragina lantzeko), eta sustatu EBko estatu kide guztiek Gutuna sinatzen eta berresten dutela.

-       Hizkuntza-eskubideak Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunean txertatzeko aukera bultzatu.

 

Alde honetatik, Baztarrikak Europako erakundeen lan hizkuntzen inguruko birdefinizio bat egiteko deia egin du. “Eleaniztasunarekiko ikuspegi inklusibo batek, Administrazioen baitan, hezkuntza sistemetan eta herri, eskualde, estatu nahi Europa mailako komunikabideetan hizkuntza bat baino gehiago izatea eta erabiltzea sustatu behar luke. Europako erakundeetako lan hizkuntzen gaineko birdefinizio bat ere egin behar luke. Eta definizio berri horretan, eraginkortasun administratiboaren irizpidea ez litzateke erabili behar hizkuntza aniztasuna sustatzearen kalteko. Oreka bilatu behar da. Garrantzitsua da, gainera, Europako erakundeek ulertzea hizpide dugun hizkuntza aniztasunak bere barnean hartzen dituela Europako hizkuntza guztiak, Estatu hizkuntzak izan nahiz ez izan”, amaitu du Baztarrikak.  

 

Ibilbide Orria otsailean aurkeztu zen Europako Parlamentuan, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak itxi zuen ekitaldi batean. Gaur burutu den behin betiko lantzamenduaren ondoren, kontsultatzeko aldia irekiko da, inplementazio-programa bat ezarriko eta egutegi espezifikoa adostuko (2016-2019). Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria eta berau praktikara eraman ahal izateko pedagogia lana egitea izango dira NPLD sarearen ondorengo urteetako jardunean ardatz nagusiak.

 

 

Txosten aitzindaria euskararen balio eta eragin ekonomikoaz

NPLD sarearen Goi-mailako konferentziaren baitan, arratsaldeko saioan, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskararen balio eta eragin ekonomikoa txostena aurkeztuko du, Eusko Jaurlaritzak burutu duen azterlana. NPLD sarean lan-ildo nagusienetakoa da egun Hizkuntza eta Ekonomia arloa, eta Eusko Jaurlaritzak darama gidaritza arlo horren inguruko azterketan. Hain da hori horrela, ezen Jaurlaritza eta euskararen kasua izan baita lehena gisa honetako ikerketa burutzen NPLD sarean batzen diren hizkuntzen artean. Eredu bihur daiteke euskararen balio eta eragin ekonomikoari buruzko txosten hau sareko gainerako hizkuntzentzat, eta helburu horrexekin ipiniko du mahai gainean Baztarrikak ikerlana konferentzian, gainerako kideentzat ekarpen gisa.

Hizkuntza ez hegemonikoen inguruan gizartean oraindik indarrean diren zenbait aurreiritzi hautsi edo albora uzten ditu txosten honek. Aurreiritzi horietako zenbaitek, balio ekonomikoa eta eraginkortasuna hizkuntza hegemonikoei ematen die soilik, eta hizkuntza ez hegemonikoak berriz, osagarri eta baliogabetzat jotzen dira. Datuen bidez, aurreiritzi linguistiko horiek bazterrean uzten lagundu nahi du txostenak.  

Ikerlan honek, Euskadiko ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskara-sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatu ditu, eta ondorio nagusi gisa, garbi erakusten du euskara EAEko ekonomiaren jarduera-sektore bat gehiago dela.

 

Bere emaitzen artean, hau da nagusia: euskara EAEko Barne Produktu Gordinaren %4,2 dela. Bestetik, enpleguari dagokionez, euskal ekonomiako enplegu osoaren %6,28 euskara sektoreek sortua da; EAEko enplegu osoa 893.952koa da, eta euskararena, enplegu zuzena, zeharkakoa eta induzitua ere kontuan hartuta, 56.142koa. kopuru horretatik ia 43.000 lanpostu euskararen jarduerek zuzenean sortutakoak dira, 4.000 eskas zeharkako eraginari dagozkionak, eta beste ia 10.000 eragin induzituarenak.

 

 

Zer da NPLD?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity) 2007 amaieran sortu zen. Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea du helburu nagusi, eta bertako kide dira Estatuak, autonomia erkidego edo eskualdeetako gobernuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak. NPLD Europan ahots bakarrez aritzen den plataforma da, eta agintari politikoei aholku ematen die. Arduradun politikoak hizkuntza aniztasunaren aldeko ekinean animatzea du xede, aniztasun hau Europako Batasunaren politikan helburu eta zehar-balio izan dadin.

 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetza NPLD sareko kide da sorreratik, eta bere parte hartzeak Euskadiren Europako Batasuneko Ordezkaritzaren babesa du. 2015eko ekainetik, gainera, Eusko Jaurlaritzak du sarearen presidentzia. NPLD sarea 35 kidek osatzen dute egun. Horietatik 12, gehien-gehienak gobernu-erakundeak, Full Members dira (eskubide osoko kideak) eta beste 23 Associate Members (kide laguntzaileak). Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren bidez, eskubide osoko kide da NPLD sarean, honako beste hauekin batera: Kataluniako Generalitatea, Galiziako Xunta, Nafarroako Gobernua, Galeseko Gobernua, Frisia Probintzia Autonomoa, Korsikako Lurralde Erkidegoa, Trento eta Friuli Probintziak, edo Finlandiako Komunitate Suediarra (Folktinget).

 

 

Bruselan, 2015eko azaroaren 18an

 

 

8 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AuziaEuskaraz
    2015.eko azaroak 24

    Comentario de Twitter:
    #AeAlbisteak Jaurlaritzak,Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu Bruselan https://t.co/zN6jJ5fGpt https://t.co/FoKVBGv2eI

  • @pxbaztarrika
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [KANPO HARREMANAK] Eusko Jaurlaritzak, Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan ➡ https://t.co/5xB

  • @NPLD2020
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @CamiladeEpalzaA: El Gobierno Vasco, en calidad de presidente red @NPLD2020, presenta en Bruselas la hoja de ruta para la Diversi... htt…

  • @zugazaga_kepa
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [KANPO HARREMANAK] Eusko Jaurlaritzak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan ➡ https://t.co/hiR

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [KANPO HARREMANAK] Eusko Jaurlaritzak, Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan ➡ https://t.co/5xB

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco, en calidad de presidente red @NPLD2020, presenta en Bruselas la hoja de ruta para la Diversi... https://t.co/P53FZxdbfo

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [KANPO HARREMANAK] Eusko Jaurlaritzak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan ➡ https://t.co/hiR

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    [KANPO HARREMANAK] Eusko Jaurlaritzak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan ➡ https://t.co/hiRwUmdrEI

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)