24,39 milioi euro 0-3 urtera arteko haur-eskolentzat. (2015-11-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
LABURPENA
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2015-2016 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat diru-laguntzak arautzen dituen Agindua.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 24.389.510,49 euro bideratzen ditu diru-laguntza deialdi honetara, honako helburu hauekin: aipaturiko hezkuntza zentrook mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntzaren eta laguntzaren kalitatea hobetzea. Era berean, egun dagoen eskaintza finkatzea eta, beharrezkoa izanez gero, handitzea ere bada diru-laguntza hauen xedea.
Eskola hauek, Haurreskolak Partzuergoko haur-eskolek eskaintzen duten zerbitzuaren osagarri dira, eta haiekin batera, euskal familietan familia bizitza eta lanbidea bateratzeko funtsezko hezkuntza-zerbitzua eskaintzen dute.
Egun, Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten 269 zentro daude Euskadin. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.