Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 134.000 euro zuzendu ditu itsasketa-arrantza azterketak egiteko beketara. (2015-11-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko azaroak 17

LABURPENA

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politiketarako Sailburuordetzaren ITSASORATU programako parte dira, eta Euskadiko arrantza sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea da helburua

Prestakuntza lehentasuna da exekutibo autonomoak landu duen Arrantza Plan Estrategikoaren barruan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak itsasketa-arrantza ikasketak egiteko bekak deitu ditu, Pasaia, Bermeo eta Ondarroako ikastetxeetan, 2015-2016 ikasturtean. 134.000 euro ingururekin, helburua da ikasleei ohiko etxetik kanpoko egoitza gastuak, desplazamendu eta mantenukoak eta ikas materialekoak finantzatzea.

Bekak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politiketarako Sailburuordetzak gidatzen duen ITSASORATU programa berriaren baitan kokatzen dira, eta Eusko Jaurlaritzak landutako Arrantza ea Akuikultura Plan Estrategikoaren funtsezko oinarri bati erantzuten dio, hau da, xedea Euskadiko arrantza sektoreko langileak eta sektoreari lotutako jarduera sozio-ekonomiko guztia gaztetzea eta profesionalizatzea da.

Programaren lehen fasean hainbat beka mota hartzen dira kontuan: 23 urte baino gehiago duten erdi eta goi mailako zikloetako ikasleak, arrantzako goi mailako tituluetako ikasleak (Kostaldeko Patroi Balioaniztuna eta Arrantza Kapitaina) eta Laneko Etengabeko Prestakuntza arrantzontzietan egiten ari dien erdi eta goi mailako zikloetako ikasleak.

ITSASORATU programaren bigarren faseak praktikak arrantzontzietan egiteko bekak aurreikusten ditu, udan itsasoan, erdi eta goi mailako zikloetako ikasleentzat. Horretarako, laguntza lerro bat prestatuko da eta hitzarmenak sinatuko dira Arrantzale Kofradien Federazioekin.

Baldintzak eta epeak
Bekak agindu arautzailean ezarritako baremoak betetzen dituzten pertsona guztiei emango zaizkie, eta pertsona bekardun bakoitzari emandako puntu kopuruaren araberako zenbatekoa izango dute, gehienez ere 2.404,5 euro pertsonako. Iraupena ikasturte bat izango da.

Pertsona bakoitzari irizpide hauen arabera emango zaizkio puntuak:
Egin beharreko ikasketen maila
Ohiko etxebizitzaren herritik ikastetxea dagoen herrira arteko distantzia
Eskatzailearen egoera pertsonala eta familiarra (ezkondua, seme-alabak...)
Eskatzailearen edo famili unitatearen sarrera gordinak
Beka eskabidea aurkezteko ikastetxeak hauek dira, eta dagokion dokumentazioa ere gehitu beharko da:
Blas de Lezo - Pasaiako Itsas Arrantza Ikastetxea (Marinelen kalea 2 - 20110 Pasaia, Gipuzkoa)
Bermeo Itsas Arrantza Eskola (Ongintza z/g - 48370 Bermeo, Bizkaia)

Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau