Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 283.000 euro bideratuko ditu Irun-Coloneko geltokia hobetzeko

2010.eko abuztuak 09

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, "Topoaren" Irun-Coloneko geltokia eraberritzeko lanak esleitu ditu. Esleipenaren zenbatekoa 283.309,00 eurokoa da, eta burutzapenerako epea, berriz, bost hilabetekoa.                                                                                                                                      

Denbora gutxi barru hasiko den jarduketa horren barruan honako lan hauek sartuko dira, besteak beste: Colon Pasealekutik sartzea erraztuko duen igogailua instalatzea; argiztapena hobetzea, fatxadak konpontzea eta ataria goitik behera berriztatzea, bandalismoaren aurkako materialarekin, segurtasuna hobetzeko eta garai berriekin bat etorriko den irudi duina bermatzeko.                     

Iñaki Arriola buru duen Garraio Saila aspalditik diseinatzen ari zen proiektua da, egunero, Lasarte Oria/Donostia-Hendaia lineako 5.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen duten azpiegituraren zerbitzua hobetzeko xedez.                       

Ez da hori Eusko Jaurlaritza mugako udalerrian burutzen ari den jarduketa bakarra, izan ere, duela zenbait hilabetatik Arasoko Tailer eta Kotxetegi Berrien eraikuntza lanak burutzen ari baita. Tailer eta Kotxetegi horiek une honetan Errenterian dauden instalazioak ordezkatuko dituzte.                        

Proiektu hori, Garraio Sailak bultzatzen duen eta hiru helburu nagusi dituen Donostialdeko Metro operazioaren barruan dago: eskualde eta herri mailako sarrerak hobetzea, Donostiako hiriguneko zerbitzu eta lan gune nagusietara; tren bidezko sarrerak hobetzea une honetan horrelako zerbitzurik ez duten auzoetara eta herrietara (Intxaurrondo, Altza, Hondarribia, etab.) eta, azkenik, intermodaltasuna sustatzea, garraio publiko sistemen arteko bidaiari trukaketarako sistemak hobetuz, garraio horiek elkarren artean osagarri izan daitezen eta era koordinatuan ari daitezen.                        

Horrela, azpiegitura berrien eraikuntzari esker, Irunen edo Hondarribian bizi diren edo lan egiten duten pertsonek 15 minutuz behingo maiztasunak izango dituzte Gipuzkoako hiriburura egin behar dituzten bidaietan. Horrez gain, bidaia horietarako behar duten denbora murriztu egingo da.           

Metroa martxan jartzearen ondorioz, gaur egun "Topoaren" zerbitzua jasotzen duen pertsona kopurua 7 milioi pertsonatatik, 25 milioi pertsona ingurura pasatuko da. Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena eskainiko dio Gipuzkoako biztanleen %65 inguruari eta RENFEren Aldirietako Sarearekin bat egingo duen Loiolako Erriberetako interkonektoreari esker, Gipuzkoako biztanleen %80k eskura izango du.                                                                                                                                                                                  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan