Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

ESIko Patronatuak TRI-Tecnalia fusioa itxi du

2010.eko abuztuak 06

Gaurko bileran, ESIko Patronatuak erabat babestu du Tecnaliaren fusioa.

ESIko Patronatuko kideak gaur bildu dira, eta Tecnaliaren fusio-erabakia erabat berretsi dute, orain hiru aste ezarritakoaren arabera. Horrela burutu da Tecnaliaren fusio-prozesua, eta prozesuaren amaiera arrakastatsua izan dela esan dezakegu, gai horretan inplikatutako alderdiek zituzten igurikimenak bete direlako. Gainera, fusioaren berrespenak oso aurrerapauso handia dakar berekin, Eusko Jaurlaritzak, Tecnaliak eta IK4k gai horretan ireki dituzten jardun-ildoetan eta batera sinatutako lankidetza-hitzarmenetan. 

Uztailaren 16an Euskadiko zortzi zentro teknologikoak bildu ziren Donostian, indarrak eta helburuak bateratzeko asmoarekin. Labeinek irentsi ditu zentro horiek guztiak, eta zentro berriak Tecnalia Research and Innovation izena eramango du hemendik aurrera. Euskadiko industriaren garapenean lagundu nahi du Labeinek, ikerketa aplikatuaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren bitartez Euskadiko enpresak lehiakortasunaren eskakizunetara egoki daitezen ahalbidetuz globalizazio-ingurune honetan. 

Labein zentroko kide guztiek aho batez onartutako dokumentuaren arabera, Labein-TRI zentroak 2011ko ekainaren 30era arte edukiko du egoitza. Ordura arte, abenduaren 31 zen mugaeguna. 

Labeinek proposatutako aldaketa horren eraginez, gainerako zazpi zentroek berriz ere berretsi behar izan dute testua. Guztiek ere, ESI izan ezik, babesa eman diote testu berriari orain artean. Zentro teknologiko horrek gaur (abuztuaren 6a) goizerako deitua zuen patronatua, eta une horretan bermatu da fusioa, ESIk ere berretsi duelako egoitzari buruzko puntu zehatza.

Horrenbestez, inplikatutako zentro teknologiko guztien babesarekin amaitu da prozesua. Zentro guztiek aho batez babestu dituzte fusio-prozesuak iraun duen bitartean planteatu diren puntu guztiak. Komunikazio-gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutako lana izan da, eta alderdi guztiek behar adinako adostasuna lortu dute. 

Berrespena amaitzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak zorionak eman nahi dizkie sinadura lortzeko ahalegindu diren guztiei, horri esker korporazio teknologiko handienetako baten -Europako laugarrena- abiapuntua ezarri dutelako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan