Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón, Osasuneko sailburua: «Prebentzioa zein diagnostikoa indartzen eta diabetesa duten pertsonei arreta hobea ematen jarraituko dugu»

2015.eko azaroak 14

Euskadin, 18 urtetik gorakoen artean % 10,6koa da diabetes mellitusaren prebalentzia

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek adierazi duenez, bai berak bai Eusko Jaurlaritza osatzen duten guztiek konpromiso handia dute diabeteseko gaixo guztiekiko: «Prebentzioa zein diagnostikoa indartzen eta arreta hobea ematen jarraituko dugu, ikerketa sustatuz eta pazienteentzako prestakuntza-programak zein gure profesionalen espezializazioa bultzatuz».

Horixe nabarmendu du, Bilbon, gaur goizean Diabetesaren Mundu Eguna dela-eta Diabetesaren Bizkaiko Elkarteak Pazienteak omentzeko antolatutako egunean. Bertan izan da Medikuntza eta Odontologia Fakultateko dekano Enrique Hilario, baita pazienteak eta elkarteko kideak ere.

Diabetesaren Mundu Eguna azaroaren 14ro ospatzen da, 1991. urteaz geroztik, eta diabetesaz kontzientziatzeko munduko kanpainarik garrantzitsuena bihurtzen da urtero. Gaixotasun kronikorik ohikoenetako bat da diabetesa: munduan 300 milioi lagunek baino gehiagok dute, eta Europan 56 milioi lagunek. Kopuruak handitu egin dira eta handitzen jarraituko dutela aurreikusi dute. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, diabetesa XXI. mendeko epidemietako bat da. Ondorio sanitario eta ekonomiko handienetako bat duen gaixotasunetako bat da eta kostu sozial handia du, prebalentzia handia duelako, konplikazio kronikoak dituelako eta heriotza-tasa altua duelako.

Euskadin ere, Estatuan eta Europan bezala, biztanleen ezaugarri demografikoetan eta bizimoduan izan diren aldaketak kontuan izanda, gaixotasunak asko egin du gora da, nahiz eta EAEko prebalentzia Estatukoa batez bestekoa baino baxuagoa izan, eta beste autonomia-erkidego batzuetakoa baino askoz ere baxuagoa.

Osakidetzako profesionalek egindako eta Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatutako ikerlan baten arabera, Euskadin, % 10,6koa da diabetes mellitusaren prebalentzia globala 18 urtetik gorakoen artean. Espainian, metodologia eta helburu berarekin egindako ikerlanek ondorioztatu zutenez, % 13,8koa da prebalentzia; Andaluzian, adibidez, % 16,3koa.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuaren arabera, gaixotasunaren inpaktua baxuagoa izateko, eta bere bilakaera kontuan izanda, diabetesak zerbitzuen eskaintza ona duen arren, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko ekintzak egin behar dira, gaixotasunaren prebalentzia gutxitzeko faktore erabakigarriak baitira ekintza horiek; halaber, prestakuntzako eta hezkuntza jasotzeko ekintzak ere egin behar dira. Faktore horiek guztiek bizitza-kalitate eta biziraupen handiagoa ekarriko dute eta, horregatik, Osasun Sailak horiek lantzen jarraituko du.

Diabetesaren prebentzioa bizimodu osasungarrian oinarritzen da. Izan ere, obesitatearen eta ariketa fisiko eskasaren eta diabetesaren arteko lotura egiaztatuta dago. Beraz, bizi-ohitura osasungarriak hartzeak diabetesa izateko aukerak gutxitzen ditu.

Zehazki, ohiturak aldatuta diabetesa izateko arriskua % 50 txikitu daitekeela egiaztatu dute. Botikekin lotutako murrizketa, ordea, txikiagoa da. Duela gutxi egindako ikerlanek zera erakutsi dute: ohitura osasungarriekin 2. motako diabetesaren kasuen % 90 saihestu zitekeen.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planak arreta berezia jartzen du gaixotasun horretan, eta diabetesa prebenitzeko ekimen bereziak ari dira gauzatzen, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta arrisku-faktoreak gutxitzeko.

Ekintza horiek guztiak, Osasuneko sailburuak azaldutakoaren arabera, adin guztietan, haurtzarotik zahartzarora obesitatea saihesteko eta jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak dira, sektore arteko lankidetzaren eta tokiko eta eskualdeko lanaren bitartez.

Arretari dagokionez, Osakidetzak hainbat diziplinatako taldeak ditu diabetesa eta haren konplikazioak zaintzeko, baita diabetesean adituak diren profesionalak ere, gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egiteko eta tratamendu egokirako.

Era berean, Osakidetzak «Nire diabetesa zainduz» programa abiarazi du diabetesaren inguruko trebakuntza eta hezkuntza emateko. Hala, gaixotasuna zaintzeko autonomoak izaten ikasteko tailerrak, osasunaren gaineko erantzukizuna hartzen, gaixotasunaren alderdi guztiak ezagutzeko eta eragin ditzakeen emozio negatiboak kontrolatzeko tailerrak antolatzen dituzte, osasuna hobetzeko. Programa honen bidez 2.000 pertsona trebatu dituzte.

Pazienteak prestatzeko lan horretan diabetesari buruzko Euskadiko elkarteen lana bereziki baliotsua da. Osasuneko sailburuak elkarteek diabetesa duten pertsonei laguntzeko egiten duten lana goratu du «diabetesa duten pertsonei ematen dien laguntzarengatik eta eskaintzen dizkien esperientzia zein aholkuengatik».

Diabetesaren Bizkaiko Elkarteak 2.000 bazkide baino gehiago ditu, senideen, pazienteen eta profesionalen artean, eta 36 urte daramatza hezkuntzako jarduerak antolatzen (tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak...) eta laguntza ematen.

Leticia López de Guereño presidenteak esan du urte horietan guztietan ASVIDIAk helburu bakarra izan duela: Bizkaian diabetesa duten pertsonak laguntzea eta gaixotasunari buruzko prestakuntza ematea. Gainera, hau nabarmendu du: «Antolatzen ditugun jarduerek esperientziak trukatzen dituzten pertsonak harremanetan jartzen dituzte eta, ondorioz, duten ezagutza aberastu egiten dute eta horrek onura handiak ekartzen dizkie. Diabetesa duten beste pertsona batzuekin harremanetan egoteak, gainera, funtzio psikologikoa du, batez ere, diagnosiaren ondoko momentu gogorretan».

Bestalde, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko dekanoak, Enrique Hilariok, adierazi du diabetesari buruz ikasten eta irakasten zaiela osasun-arloko profesionalei Fakultateko ikasgeletan, eta  azpimarratu du gaixotasun horri aurre egiteko modurik onena beti izango dela prebentzioa eta bizimodu osasuntsua izatea.

 

2015/11/14

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko azaroak 19

    Mucha ayuda pero luego para una simple prueba de retinografia en la comarca de Bilbao,7 meses de espera ,una autentica verguenza

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Hilario,Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Dekanoa