Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko airearen kalitatea ona eta oso onaren artekoa dela jotzen da

2015.eko azaroak 13
  • Iturrioz: «atzoko eguneko adierazlea ona izan zen, behe-lainoak gorabehera eta euririk bota gabe luze egon arren».

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 13

Oro har, Euskadiko airearen kalitatea hobera ari da egiten, nahiz eta egon litezke zenbait une, edo egun, zeinetan PM10 motako eta nitrogeno dioxidoko (NO2) partikulen mailak altuagoak baitira. Bi kutsatzaile horiek trafikoari lotuta daude.

 

Gertaera horiek ohikoagoak dira dispertsioa oztopatzen duten baldintza meteorologikoak daudenean (inbertsio termikoak, behe-lainoak, etab.), baita jarduera gehieneko orduetan ere.

 

«Gure erkidegoan ez da Madrilen eta Bartzelonan bezalako aglomerazio handirik sortzen eta, beraz, dispertsioa eragozten duen meteorologia dagoenean, ez da bi hiriotan bezainbesteko kutsadura metatzen» azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitateko zuzendariak.

 

Iturriozek zehaztu duenez, «bistan da airearen kalitateari buruzko orduko indizean (orduko AKI) beti dela hobegarria aire kalitatea, PM10 mailak direla-eta, baina hori ordu batzutan alda daiteke. Atzoko eguneko AKIa ona izan zen, egun batzuk daramatzagu kalitate horrekin, behe-laino handia dagoelako eta, horrez gain, luze egon delako euririk bota gabe».

 

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bitartez zaintzen da Euskadiko airearen kalitatea. Sareak, hain zuzen, neurtzeko 51 estazio finko eta sei unitate mugikor ditu; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatzen ditu horiek guztiak, lortutako datuen kalitatea bermatzeko araudian adierazitako prozedurei jarraikiz.

 

EAEko lurralde osoan sakabanatuta daude estaziook, eta etengabe neurtzen dituzte hainbat kutsatzaileren kontzentrazioak: esaterako, sufre-dioxidoa, nitrogeno-dioxidoa, karbono-monoxidoa, ozonoa eta PM10 eta PM2,5 partikulak (10 mm-tik edo 2,5 mm-tik beherako diametroko partikulak), NH3, SH2 eta BTX (benzenoa, toluenoa eta xilenoa).

 

Euskadiko sareko estazio eta analizagailu kopuruak lasai gainditzen du indarreko legeak eskatzen dituen gutxieneko estazio nahiz neurgailu kopuruak. Sareak 50.000tik gora datu erregistratzen ditu egunean, eta ia denbora errealean argitaratzen dira, ingurumena.net atarian eta Open Data Euskadi atarian.

 

Horrez gain, erraz kontsultatu daiteke airearen kalitatea, Airearen Kalitate Indizearen bitartez. EAEko indizea bost kategoriatan zatitzen da, eta honela sailkatzen dute airearen kalitatea: oso ona, ona, hobegarria, txarra eta oso txarra. Gaur egun, Airearen Kalitatearen eguneko Indizeaz gain, Airearen Kalitatearen orduko Indizea ere kontsulta daiteke. Orduko datu berrienekin kalkulatzen da.

 

2013 eta 2014 urteetan muga-balioak gorde ziren, eta 2015ean ere muga horiek beteko direla aurreikusi[i] da. Zehazki, 2014an, egunen % 96,10etan egon zen aire-kalitate ona edo oso ona.

Informazio gehiago:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-20775/es/

  •  


[i]  Ebaluazio hori 2016ko urtarrilean egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)