Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

2015eko Joxe Mari Korta sarien bitartez, Pedro Abásolo, Manu Galindez, José Luis Larumbe eta Iñaki Alkortaren enpresa-ibilbideak sarituko dira

2015.eko azaroak 13
  • Iñigo Urkullu lehendakariak azaroaren 24an emango ditu sariak, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2015eko Joxe Mari Korta saridunak zeintzuk izango diren jakinarazi du; aurten, honako hauen lanbide-ibilbidea sarituko dute:

Pedro Abásolo Albóniga.

Manu Galindez Cruceta.

José Luis Larumbe Martin.

Iñaki Alkorta Andonegi.

Ondorengoek osatzen dute Arantza Tapia buru duen epaimahaia: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko ordezkariek, Bidetik Fundazioak, Confebaskek, Adegik, Cebekek eta Seak.

Epaimahaikideek lau pertsona hauek enpresa-munduan egin duten lana nabarmendu eta eskertu nahi izan dute, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jasoko dute saria, azaroaren 24an, Gasteizko Lehendakaritzaren egoitzan.

Pedro Abásolo

Bilbon jaio zen, eta ikasle perfekzionista eta saiatua izan zen; prestakuntzaren fase guztietan ikasteaz gain, lan ere egin zuen. 24 urte zituela, 1968. urtean, Industria Ingeniaritzako ikasketak nota onenekin amaitu zituen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan.

S. A. Echebarría enpresan hasi zen ingeniari lanetan, tailerretan, baina 36 urte bete zituenerako taldeko industria-arloko zuzendari nagusi izendatu zuten. Konpainia egoera larrian zegoen orduan, bai ekonomiaren aldetik, bai lanaren aldetik; milaka langile zituen bere ardurapean eta, beraz, bere lehen proiektu handi hori erronka latza izan zen, kudeaketaren ikuspegitik begiratuta. 40 urte zituela, aurreko esperientzia gogorra bezain aberasgarria bizi ostean, bere enpresa-bokazioa garatzea erabaki zuen, baina ez kudeaketaren aldetik, baizik eta enpresaburu izanik.

Garai hartan Grupo Acenor izena zuen taldearekin harremanetan jarraitu zuen, baina Banco Bilbao zenarekin lankidetza estuan hasi zen, Industria Taldean zituzten arazoak konpontzeko. Fase horretan, honako kargu hauek bete zituen, besteak beste:

Zuzendari nagusi Cobre Electrólica y Metales S.A. (ERCOSA) enpresan.

Akziodun eta kontseilari SIA, Sociedad Industrial Asturiana Santa Bárbara sozietatean.

Sortzaile eta presidente Acenor I+D enpresan; gaur egun, Grupo Gervau taldearen erreferentziako ikerketa-zentroa da. Era berean, presidente izan da Grupo Olarra taldean eta Forjas de Amorebieta enpresan.

Aurrerago, Nervacero enpresako presidente, Altos Hornos de Bergarako presidente eta Unión Cerrajera enpresako presidenteorde ere izan zen. Akziodun eta kontseilari IDS enpresan; adimen artifiziala landu zuen Espainiako lehen enpresa izan zen. Presidente Mecaner enpresan.

Enpresa publikoan ere bete ditu kargu garrantzitsuak:

Kontseilari DENAC Industria Sustatzeko Sozietatean. Kontseilari SPRIn. Azken 25 urte hauetan Arabako Tubos Reunidos enpresan presidente eta akziodun izan da, Productos Tubulares enpresako presidente eta Inauxa enpresako kontseilari. Garai hartan lorpen garrantzitsuak izan zituen:

‐ Tubos Reunidos enpresak burtsan zuen balorazioa 3 milioi eurotik 1.100 milioi eurora igo zen 2007. urtean, eta enpresaren akziodunen oinarrian 400 akziodun izatetik 7.000 akziodun izatera igaro zen.

‐ 2.000 lanpostu, gehienak ekoizpeneko zuzeneko eskulana zirela.

‐ Nazioartean finkatzea; egun, negozio-zifraren % 80 esportatzen du eta, horren ondorioz, kulturan eta antolaketan aldaketa oso garrantzitsua gertatu da.

‐ Azken urteotan, 400 milioi euroko inbertsiogile-plana gauzatu du eta, horri esker, lantegiak zentro lehiakor eta goi-mailako teknologiakoak bihurtu dira.

‐ Subillabide industrialdean instalazio berria ezarriko da etorkizunean, Marubeni munduko liderrarekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza sendoarekin. Instalazio berri horretan, petrolioa muturreko baldintzetan erauzteko azken belaunaldiko hodiak fabrikatzeko teknologia modernoenak egongo dira. Kalitatezko lanpostuak sortzeko aurreikuspen handiak dituzte.

Manu Galindez

Manu Galindez Alonsotegin jaio zen eta Bilboko Industria Perituen Eskolan eta Kordobako Unibertsitate Laboralean egin zituen ikasketak, mekanikari espezialitatean (Makina Erreminta).

1968. urtean hasi zen lanean, Herri Lanetako Ministerioan, eta N-1 errepidean REDIA Plana zena garatu zuen obra-zuzendariaren laguntzaile izanik, Burgosetik Segovia probintziaren mugarainoko desdoblamendua eginez.

1970-1978 aldian, obra zibileko eraikuntzako eta enpresen mantentze-lanetako familia-enpresa bat zuzendu zuen.

1978. urtean Asfaltos Uribe enpresan hasi zen lanean, enpresaren ekoizpen-arduradun moduan, eta 1982. urtean Pabisa (Pavimentos de Bizkaia S.A.) sortu zelarik, ekoizpen-zuzendari izan zen.

Gerora, Pabisa eta Garbiker enpresek osatutako BTB (Bizkaiko Txintxor Berziklategia) enpresa publiko-pribatuaren gerente izan zen (enpresaren kapitala Bizkaiko Foru Aldundiarena zen, % 100ean).

Manu Galindezek erantzukizun handiko karguak bete ditu Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako enpresa-arloko hainbat elkarte eta erakundetan.

1996an Ascobi-Bieba Bizkaiko Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkartean sartu zen eta 2000. urtera bitarte Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen; 2000. urtean lehendakariorde izendatu zuten.

2006. urtean Ascobi-Biebako presidente izateko hautatu zuten, eta 2014ko apirilaren 4ra arte egon zen kargu horretan. Azken aldi horretan, 2006tik 2014ra bitarte CEBEK konfederazioaren Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Exekutiboko kide izan zen, bai eta Confebaskeko Batzorde Exekutiboko eta Kontseilu Nagusiko kide ere, Bizkaiko eta Euskadiko sustapenaren eta eraikuntzaren sektoreko enpresaburuen ordezkari izanik bietan.

2006-2014 aldian, halaber, Euskadiko Eraikuntzako Lan Fundazioaren (Euskadiko patronalaren eta sindikatuen arteko organo paritarioa) presidente izan zen, eta CNC Eraikuntzaren Konfederazio Nazionalaren Zuzendaritza Batzordean eta Eraikuntzako Lan Fundazioaren Patronatuan parte hartu zuen.

Sektoreko erreferente izan da erakundeetan eta enpresa-elkarteetan, urte luzez.

Egindako lanen hainbat adibide aipatuko ditugu:

-      Metropoli hegoaldeko saihesbidearen 3. tartea (Portugalete-Trapagaran) eta 4. tartea (Trapagaran-Gorostiza) eraiki zituen, tunel eta bidezubi ugarirekin.

-      Euskalduna Jauregia handitzeko lanak.

-      Barakaldoko Pormetxeta plaza urbanizatzeko lanak (lan horren maketa New Yorkeko arte modernoko museoan dago).

-      Ballonti ardatza, Nocedal-Balparda tartean, II. fasea.

-      Bilboko Hiri Zirkuitua.

-      Kirol-eraikuntzak: belar artifizialeko futbol-zelaiak (Bizkaian 1982. urtean egin zen lehenengoa, eta beste hainbat gerora)

-      Ingurumen-arloan, TMB eta BTBren instalazioen proiektua, eraikuntza eta ustiapena.

José Luis Larumbe

José Luis Larumbe Iruñean jaiotako industria-ingeniari da, eta 1977. urtean GIROA SAU enpresa sortu zuen; enpresaren helburu soziala energia-eraginkortasuneko zerbitzuak instalatzea, mantentze-lanak egitea eta saltzea da, berokuntzako, klimatizazioko eta etxeko ur beroko instalazioen bitartez.

Konpainiaren zuzendari nagusi eta presidente izan zen 1996. urtera arte; urte hartan, kargu exekutiboa utzi zuen baina erakundeko kontseilari izaten jarraitu zuen. Gaur egun, GIROA SAU enpresa VEOLIA talde frantziarrean sartuta dago, eta 950 langile inguru ditu. Espainiako iparralde osoan jarduten du, Galiziatik hasi eta Aragoira bitarte, eta urtean 150 milioi euro inguru fakturatzen ditu.

Talde beraren barruan, Galizian kokatutako ALTAIR SA sozietate filialaren kontseilari ere izan da, bai eta ESYS MONTENAY ESPAÑA SA taldean ere.

1996. urtean, HOTELES Y TERMAS SA enpresaren akziodun bihurtu zen; enpresa hori Donostiako La Perla talasoterapia-zentroaren jabea da, eta gaur egun, erreferentziazko enpresatzat hartzen da Donostiara datozen turistentzat eta Donostiako gizartean ere presentzia handia du.

Sozietatearen presidenteordea eta kontseilaria izan da hasieratik.

1998. urtean, MENDIA Y MURUA SL enpresan ere partaidetzak eskuratu zituen; enpresa horrek galdaragintza osagarrirako eta eraikuntzarako metalezko egiturak eta errementaritza-lanak egiten ditu industria-arloan.

Sozietatearen presidentea eta kontseilari delegatua izan da hasieratik. Halaber, LM2000 Ingenieros SL enpresaren administratzaile bakarra eta jabekidea ere bada; ingeniaritza-garapenak egiten ditu enpresa horrek, eta obra-proiektuak egin eta zuzentzen ditu eraikin mota guztietan beharrezkoak diren instalazioei dagokienez.

Bestalde, DOCUMENT XXI SL enpresaren eta URBE-ASGAR Asociados SLP enpresaren jabekidea eta kontseilaria ere bada; lehenengo enpresak dokumentuak kudeatzen ditu, hau da, mota guztietako dokumentuak digitalizatu, zaindu eta kodifikatzen ditu. Bigarren enpresa, aldiz, Donostian dago eta kontularitza-arloko, zerga-arloko, lan-arloko eta merkataritza-arloko aholkularitzan jarduten du.

Iñaki Alkorta

Donostiar honek ikasketa juridikoak eta enpresa-kudeaketarekin lotutakoak egin zituen, eta TALLERES PROTEGIDOS GUREAK enpresaren Administrazio Kontseiluko presidentea da. Enpresa-talde hori lan-aukera egonkorrak eta pertsonen mugetara ahalik eta gehien egokitutako lan-aukerak sortzeko eta kudeatzeko sortu zen, eta adimen-desgaitasuna duten gipuzkoarrei lehentasuna ematen diete.

Gaur egun, GUREAK taldean hainbat enpresa biltzen dira eta industriaren, zerbitzuen, zuzeneko publizitatearen eta dokumentazioaren tratamenduaren sektoreko jarduerak egiten dituzte, batik bat, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Era berean, hainbat asistentzia-zerbitzu ere eskaintzen dituzte: adimen-atzeratasuna dutenentzako eguneko zentroak, desgaitasun psikikoa dutenentzako okupazio-programa alternatiboak, gizarte-bazterkeriaren arriskuan dauden kolektiboei zuzendutako enplegu-zerbitzuak. Gaur egun, GUREAK TALDEAn 5.000 lagun inguru biltzen dira enpleguko, okupazioko eta prestakuntzako programetan, eta horietatik % 83k desgaitasunen bat du.

GUREAK Taldea esperientzia bikaintzat eta "jardunbide egokien" eredutzat hartzen da nazioan eta nazioartean, desgaitasuna dutenen laneratzeari dagokionez, eta hori dela-eta, nazioko eta nazioarteko hainbat esperientziatan parte hartu ahal izan du (Leon, Guadalajara, Bartzelona…; eta Hispanoamerikan Mexiko, Txile eta abar); Espainiako zenbait probintziatan frankiziak ere zabaldu ditu, betiere taldearen espezialitateetan oinarrituta.

Iñaki Alkorta Asociación de Trabajo Protegido del País Vasco – Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen (EHLABE) sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun presidentea da.

Esparru horretan aitzindari izaki, biltzar eta argitalpenetan aditu gisa gonbidatu izan dute, eta sari eta aipamen ugari jaso ditu.

Bere lorpenen adibideak aipatzearren, “Seminari sobre l’ aplicació del Dret del Traball en els Centres Especials de Traball” mintegian parte hartu du, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroak. Donostia-San Sebastián. Euskal Herriko Unibertsitateko Autonomia Pertsonalerako Teknologia Unibertsitate Masterrean irakasle da. Enpleguaren problematikarekin lotutako hainbat masterretan irakasle gonbidatua izan da, aditu gisa (Unibertsitateak: EHU, Deustu, Valentzia, Salamanca, Alacant.)

GUREAK TALDEAren argitalpenen zuzendari eta partaide izan da:

-      “Guía de Prospección de Empleo” - desgaitasuna dutenentzako enplegua aztertzeko gidaliburua. Egilea: GUREAK Taldea, LANTEGI BATUAK eta ADAPEI GIRONDE (ENPLEGUA-HORIZON-Europako Gizarte Funtsa Erkidegoaren Ekimena). 1998.

-      “Guía de buenas prácticas: Orientaciones para una atención de calidad en Talleres Protegidos”: T.P. GUREAKek bultzatutako azterketa, adimen-urritasuna duten pertsonei zuzeneko arreta eman behar dieten profesionalei zuzendutako prestakuntza-programa diseinatzeko eta gauzatzeko. 1999ko apirila.

-      T.P. GUREAKek antolatutako biltzarraren sintesia: “Síntesis del Congreso Internacional: Nuevos conceptos en el Trabajo Protegido”. 1999ko apirila.

-      “Empleo y personas con trastorno mental: Estudio de la respuesta laboral y de la satisfacción en el trabajo de las personas con discapacidad en razón de un trastorno mental”: GUREAK Taldea - ZEHARO Programa (SARELAN proiektua-Europako Gizarte Funtsa). 1999ko ekaina.

  • Iñaki Alkorta:

- Historia bat gaitasunak lantzen – Una historia potenciando capacidades”. GUREAK taldearen 30 urteko historia. 2007.

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko azaroak 15

    Comentario de Twitter:
    Los premios Joxe Mari Korta 2015 reconocen a Pedro Abásolo, Manu Galindez, José Luis Larumbe e Iñaki Alkorta https://t.co/j4QGxMCTFz

  • @InigoMaeztu
    2015.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    PREMIOS KORTA empresarios Pedro Abásolo, Manu Galindez, José Luis Larumbe e Iñaki Alkorta https://t.co/2ViUQvarg6 @ADEGI @Cebek_ @EmpreSEA

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    [PREMIOS KORTA] Reconocen trayectoria empresarial de Pedro Abásolo, Manu Galindez, José Luis Larumbe e Iñaki Alkorta➡https://t.co/ixoQN98YoU

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)