Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapia Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoaren lehen saiakuntza-bankuaren aurkezpenean egon da

2015.eko azaroak 12
  • Windbox-ek aerosorgailuetako palen pasaera aldatzeko sistemaren saiakuntza-bankua aurkeztu du gaur Eibarren.
  • Ekipamendu honek offshore aerosorgailu berrietarako osagaiak eta sistemak probatzeko aukera erraztuko die enpresei.
  • Bederatzi euskal enpresa parte hartzen ari dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak babestutako ekimen honetan, Energia Klusterraren koordinaziopean.

Sektore eolikoaren Windbox Fabrikazio Aurreratuko Zentroak aurrerantzean abiaraziko dituen bost saiakuntza-bankuetako lehena aurkeztu gaur: pasaera aldatzeko sistemaren saiakuntza-bankua. Honi esker, osagai eolikoak fabrikatzen dituzten enpresek, pitch sistemak izenaz ezagutzen diren aerosorgailuetako palen pasaera aldatzeko sistemak probatu eta optimizatu ahal izango dituzte. Aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiraren Garapen eta Leihakortasun sailburua egon da.

Aerosorgailuko palaren pasaera aldatzeko sistema, pala bakoitzaren biraketa arautzeaz arduratzen da, haizearen abiadurara egokitu eta energia-ekoizpena optimizatzeko asmoz, aerosorgailuarenganako inpaktua minimizatuz. Sistema honen fidagarritasuna ezinbestekoa da aerosorgailuaren ekoizpen maximoa segurtatu eta eragiketa eta mantentze-lanetako segurtasuna bermatu ahal izateko.

Saiakuntza-bankuak aukera paregabea ematen die enpresei, palaren pasaera aldatzeko sistema eta horren osagai desberdinak parke eolikoen errealitatearen antzeko baldintzetan probatu ahal izateko. Saiakuntza hauen bitartez, energiaren kostua murrizten lagun dezaketen diseinu optimizatuko eta fidagarritasun handiko produktuak balioztatu ahal izango dira, baita sistema mailako diseinu-prozesuak nahiz fabrikazio-prozesuak ere.

Bankuan, offshore merkatura zuzendutako 8 MWerainoko potentzia duten aerosorgailuetarako sistemen saiakuntzak egingo dira.

Ekipamendu honen aurkezpena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak zuzendu du, Windbox Elkartea osatzen duten 9 euskal enpresak (Antec, Adwen, Erreka, Gamesa Eólica, Gamesa Innovation and Technology, Glual, Hine, Laulagun eta Wec) eta ekimena koordinatzeaz arduratu den Energia Klusterra ondoan zituela. Saiakuntza-bankua IK4-Tekniker Zentro Teknologikoak Eibarren dituen instalazioetan kokatuta dago, eta zentro hau arduratu da ekipamendua eraikitzeaz.

Windbox ekimena 2014an abiarazi zen Eusko Jaurlaritzaren sustapenarekin Fabrikazio Aurreratuko Estrategiari atxikita, euskal enpresek sektore eolikoan dituzten gaitasunak garatu eta nazioarteko merkatuan duten posizionamendua hobetzeko asmoz. 

Windbox ekimenaren guztizko aurrekontua 13,5 milioi eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak emandako 4,5 milioi euroko dirulaguntza du.

Eusko Jaurlaritzaren Fabrikazio Aurreratuko Estrategia

Windbox ekimenaren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Fabrikazio Aurreratuko Estrategiaren inplementazioa indartu du, euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko oinarri nagusietakotzat.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak taxututako Espezializazio Adimenduneko Estrategiari atxikita, Windbox-ek balio erantsi handiko azpiegitura espezifikoak bultzatuko ditu Euskadin, bertako enpresek industria-produktuak garatu, sistemen saiakuntzak gauzatu eta fabrikazio-teknika aurreratuak baliozta ahal ditzaten, Euskadin ezarrita dauden espezializazio-lehentasunetako bi uztartuz: manufaktura aurreratua eta energia.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    [SEKTORE EOLIKOA] Tapia Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoaren lehen saiakuntza-bankuaren aurkezpenean ➡ https://t.co/Nc694HSEbk

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)