Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2015/11/13)

2015.eko azaroak 13

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, EITB zerbitzu publikoak terrorismoaren deslegitimazioan duen eginkizunari buruz

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak terrorismoa deslegitimatzeko hartutako konpromiso instituzionalari erantzuten dio EITB zerbitzu publikoak; orobat azpimarratu du euskal gizartearen «iritzi-aniztasunari leku egitea» dela Barrura begiratzeko leihoak dokumentala igortzearen arrazoia.

Urkulluk ziurtatu du berak ez duela aipatutako dokumentalaren ikuspuntu bera, baina iruditzen zaio aniztasun hori errespetatzea «gustuko ez ditugun iritziak entzuteko prest egotea» ere badela. Nolanahi ere, gogorarazi nahi izan du dokumentala 2012an egin zela, EITBk eta Eusko Jaurlaritzak batere parte hartu gabe. Kontu hori argiturik, baieztatu du ez dela bidezkoa euskal erakunde publikoak indarkeriaren aurka eta bizikidetzaren alde hartutako konpromisoa zalantzan jartzea. 

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Katalunian kolpismoa babesteari buruz

Iñigo Urkullu lehendakariak akordioaren eta itunaren bidea aldeztu du, erantzun judizialaren ordez, Katalunian sortutako egoeraren konponbide gisa. Urkulluren iritziz, Parlamentak iragan azaroaren 9an onartutako adierazpenarekin zera eskatzen da: berriz ere negoziazioari bide ematea, izatez politikoa den eskaera bati erantzuteko. Ildo horretan, Artur Mas presidenteak oraindik elkarrizketarako astia badela esan zueneko hitzak ekarri ditu.

Lehendakariari iruditzen zaio ez dela «fronteak eratzeko garaia», eta Espainiako Erresumari bere «errealitate plurinazionala» aintzat hartzen hasi dadila eskatu dio. Orobat, Estatu-itun berri baten alde agertu da: lurralde-ereduaren krisiari heltzeko eta bizikidetzako etorkizun politiko berri bat eraikitzeko aukera emango duen hitzarmen berri baten alde.

Interpelazioa, Hasier Arraiz Barbadillo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Estatuak Kataluniako Parlamentuaren aurka hartu ditzakeen neurrien aurrean Jaurlaritzak izan beharreko jarrerari buruz

Iñigo Urkullu lehendakariak bere begirunea adierazi dio Kataluniak ekindako bideari, eta azpimarratu du erakundeen eta politikaren esparruko harremanetako «desadostasun eta tirabira urteen ondorio» dela gaur egungo egoera, bai eta eta elkarrizketa faltaren ondorio ere, «etengabea Espainiako legealdi honetan». «Euskadin, ondotxo dakigu hori» adierazi du. Horregatik, eta arazoa funtsean Estatu-ereduaren krisia dela sinetsirik, lehendakariak uste du Estatuak jarreraz aldatu behar duela eta negoziazioari bide eman.  

Kataluniak adierazpena onartu ondoren abiarazitako prozesuari dagokionez, berriz adierazi du Kataluniak eta Euskadik bidea erabaki dutela, bakoitzak berea, errealitate eta historia desberdina dutenez, baina biek ala biek dutela helburu bera: Estatu-eredua aldatzea, negoziazioaren, elkarrizketaren eta akordioaren bitartez.  «Bakoitza gure bidean sinetsita gaude, eta bestearena errespetatzen dugu» ziurtatu du. Euskadiko alderdi politikoen arteko akordioa eta Estatuarekin ituna da: horra hor euskal bidea, azpimarratu du. Eta Autogobernuari buruzko batzorde txostengilea aipatu du lanerako esparru gisa: bertan, ez da inor falta eta ez dago inor sobera. «Elkar-ezagutzatik eta Estatuarekin aldebikotasun eraginkorretik abiatuta bizikidetza-itun berri bat lortzeko gaitasuna dugu» nabarmendu du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lehendakariaren eta Arabako diputatu nagusiaren artean izandako bilerari buruz

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzak plataforma logistikoekin eta Forondako aireportuarekin duen konpromisoa berretsi du eta ildo horretan Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari direla azaldu du. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Mugako Ikuskaritza Postua eta aireportuaren 24 orduko zerbitzua berreskuratzeko dihardu lanean, PPren gobernuak horiek ixteko agindua eman zuenez.

Trenbide-korridoreari dagokionez, jakinarazi du baterako hiru helburu dituztela: Abiadura Handiko Trenaren helmuga burutzea; Jundizeko amaiera-geltokia Europa hegoaldeko tren-autobidearen salgai-zentro gisa sustatzea eta Arasurrek portu lehorra izateko duen gaitasuna hedatzea.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Erantzunak legebiltzarkideek gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei ➡ https://t.co/qIfURG7xfJ

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)