
Amaitu da Euskal Sektore Publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko lege-aurreproiektuari ekarpenak egiteko fasea
Euskal Sektore Publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko Legeak Administrazio Publikoaren antolamendu eta funtzionamendua arautuko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden erakunde guztiena ere. Horretarako, honako hau hartzen da sektore publikotzat: Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren Administrazio Instituzionalak eta hor sartuta dauden erakunde instrumentalek osatzen duten multzoa.
Legea egin zenean, proposatutako araudiaren alor eta edukiaren araberako bidezko izapide eta txostenak egin ziren, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeari jarraiki. Lege horretako 8. artikulua betez, entzunaldia egin zen eta jendaurrean jarri zen hainbat erakundek beren ekarpenak egin zitzaten.
Jendaurreko informazioaren izapidea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarri zen eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuz osatu zen. Gainera, Irekia webgunean partaidetza-prozesu bat ere egin zen, herritarren ekarpenak jasotzeko.
Alegazioak eta jasotako iruzkinak aztertu ondoren, behin betiko testua egin da eta testu hori Gobernu Kontseiluari igortzeko eta hark onartzeko izapideak egingo dira.