Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da

2015.eko azaroak 11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskararen Aholku Batzorderen osoko bilkuran buru izan da, gaur goizez Lehendakaritzan. Ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ere parte hartu dute, Batzordeko gainerako kideez gain.

Euskararen Aholku Batzordeak hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertu, bideratu eta koordinatzea du eginkizun nagusi.

Euskararen Aholku Batzordeak Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta erakunderen ordezkariez gain (Ogasun eta Finantza Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hezkuntza Sailburuordetza, HABE, EITB, IVAP), hiru Foru Aldundien, Euskaltzaindiaren eta Eudelen ordezkariak ere biltzen ditu, 40 aditu eta Eusko Legebiltzarrak proposaturiko 5 kiderekin batera.

Sei izan dira bileran aztergai nagusiak:

  • Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen (EGOD) egitasmoaren emaitzen txostena aurkeztu da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa zehatza aurkeztu zuen legealdi hasieran, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian lehenik, eta Euskararen Aholku Batzordean ondoren. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen, euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin. Eginkizun hori aurrera eramateko “Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa” (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. Egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu.
  • Euskararen Adierazle Sistema (EAS) proiektuaren xehetasunen berri eman da. EAS euskararen egoera eta bilakaera neurtzeko tresna bat da. Adierazle ezberdinen bidez, euskararen egoera eta bilakaera zein den zehazten du erreminta honek.
  • ‘Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoa’ ikerlana aurkeztu da. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskara-sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatzea izan da ikerlan honen helburua.
  • ‘Euskarazko hedabideak’ azterlanaren aurkezpena egin da. Azterlan honek euskarazko hedabideen kontsumoa neurtu eta hedabide hauen kontsumitzaileen ezaugarri nagusiak definitzen ditu. Emaitzen berri eman da gaur goizean.
  • ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuaren berri eman da. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak sortutako dokumentu honek etorkizunari begira euskara sustatzeko lehentasun markoa zein izan beharko lukeen proposatzen du. Dokumentua bera Euskara 21 batzordean eztabaidagai da momentu honetan eta, eztabaida prozesu horren barruan, Euskararen Aholku Batzordeari ere aurkeztu zaio gaur goizean.
  • ‘España plurilingüe’ ekimenaren berri eman da. Ortega-Marañón Fundazioak gidatutako manifestu honek Estatuko eleaniztasuna garatzea eta goraipatzea du helburu. 
2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AuziaEuskaraz
    2016.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da
    https://t.co/wbQlGv9Adv

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 11

    Comentario de Twitter:
    [#EUSKARA] Iñigo Urkullu lehendakaria Euskararen Aholku Batzorderen osoko bilkuran buru izan da gaur goizean ➡ https://t.co/VgQX1JbPw8

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)