Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu-Kontseiluak oniritzia eman dio estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskuordetu dion uraren kudeaketa-mandatuari. (2015-11-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko azaroak 10

Erabakia; horren bidez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA) lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoan zenbait jarduera egitea agintzeko.

LABURPENA

Uraren Euskal Agentziak leihatila bakar modura jardungo du agindutako jarduera guztietan administratutako pertsona eta organoentzat

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA), Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoan zenbait jarduera egitea agintzeko.

URAk eta Ministerioek sinatuko duten hitzarmen horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan osoki jasota ez dauden eta ura Kantauri itsasora isurtzen duten arroetan (Bidasoa ibaiarena izan ezik) eta Ebroren arroan (beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten ibilguak kanpoan utzita), Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saila arduratuko da araudi hidraulikoan jasotako baimenei eta erantzukizunpeko adierazpenei buruzko jarduerak egiteaz, ingurumen-baimen integratuen espedienteetan txostenak egiteaz eta polizia-zereginak egin zein zehapen-espedienteak izapidetzeaz.

Uraren Euskal Agentziak, agindutako jarduera guztietan, leihatila bakar modura jardungo du administratutako pertsona eta organoentzat; horrenbestez, hitzarmena sinatu duten administrazio guztien aurrean aurkeztutako agiriak URAri igorriko dizkiote hitzarmenean aurreikusitako mandatua gauzatu ahal izateko.

Uraren Euskal Agentziak 750.000 euro jasoko ditu urtero mandatuaren xede diren jarduerak egiteak ekarritako kostu ekonomikoaren ordainetan. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ordainduko du zenbateko hori ekitaldi bakoitza amaitu ondoren.

Hitzarmenak lau urteko hasierako iraupena izango du, baina luzatu ahal izango da, betiere alderdi interesdun batek berariaz ez badu denuntziatzen zazpigarren klausularekin bat etorriz. Euskal Autonomia Erkidegoko jabari publiko hidraulikoaren kudeaketa homogeneoa bermatzearren garatuko da mandatua, horri dagokion arro hidrografikoa dagokiola.

Historia
Estatuari eta autonomia-erkidegoei jabari publiko hidraulikoaren gainean zer eskumen dagozkien arautzen du Estatuko Uren Legeak; Konstituzioak eratutako Estatuaren lurralde-egitura baliabide hidraulikoen kudeaketari aplikatzen dio era horretan, administrazioek eskumenak nahitaezko lankidetza-esparruan gauza ditzaten eta horrela baliabideen arrazoizko erabilera eta babes egokia bermatu ahal izateko.

Euskadiko Autonomia Estatutuak eskumen esklusiboak ematen dizkio autonomia-erkidegoari aprobetxamendu hidrauliko, ubide eta ureztatzeari dagokionez, betiere urak osoki Euskadiren barruan igarotzen badira. Estatutuak eskumen esklusiboak ematen dizkio autonomia-erkidegoari, orobat, interes orokorrekoak ez diren edo beste lurralde batzuei eragiten ez dieten lan publikoen gainean.

Herri Lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioak eta Garraio eta Herri Lan Sailak 1994an sinatu zuten hitzarmenaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren gain gelditu zen jabari publiko hidraulikoari buruzko baimenak izapidetzea, baita horren zaintza egitea ere, Kantauriko eta Ebroren arro hidrografikoetan. Hitzarmen horren bitartez, halaber, arro kantauriarretako plangintza hidrologikoa egiteko lankidetza-irizpideak ere zehaztu zituzten. Aipatutako irizpide horiek zati batez indarrean daude oraindik, baina berrikusi beharrekoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren gain beste arlo batzuk ere gera daitezen, hala nola hirigintzako edo bestelako txostenak egitea, baldin eta autonomia-erkidegoaren berezko eskumenetan eragiten badute, edota araudiaren bilakaeraren ondorioz nahitaez aldatu beharreko izapideak. Horrek eragin du kudeaketa-mandatua idaztea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau