Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernuak euskal sektore publikoaren modernizazioa gobernamendu onaren zimenduetan oinarrituko duten bi lege-proiektu onartu ditu. (2015-11-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko azaroak 10

 

Euskal sektore publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua.

Euskal sektore publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua.

LABURPENA

Gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta politika publikoen ebaluazioa: horra hor zerbitzu publikoen kalitatea, efikazia eta efizientzia hobetu nahi duten bi lege-proiektu horien erdigunean dauden hiru ardatzak.
Horiek onartu ondoren, euskal instituzio publikoek erakunde berriak sortu nahi badituzte, beharrezko direla ziurtatu beharko dute, eta bikoiztasunik ekarriko ez dutela bermatu beharko.
Lege berriek hiru euskal erakunde mailetan eragingo dute; euskal erakundeek, bestalde, baterako foro bat sortuko dute, eraginkortasun ezak eta administrazioen arteko gainjartzeak konpontzeko, eta administrazio-arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzeko.
Herritarrek politika publiko, dekretu eta araudiak prestatzen parte aktiboa izateko eskubidea izango dute, eta euskal sektore publikoari buruz eskuratu nahi duten informazio oro izango dute eskuragarri.
Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentzia sortuko da, herritarren informazio-eskubidea zaintzeko.

Gobernu-kontseiluak Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Legearen eta Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen proiektuak onartu ditu gaur. Horiek onartuta, Eusko Legebiltzarrean hartutako konpromisoa bete du Gobernuak; hain zuzen, bi arau desberdinetan euskal Administrazio Publikoaren eraberritzeari eta modernizazioari ekiteko giltzarri diren bi konturi heltzea: haren antolamendu eta egitura berria arautzea, eta herri-partaidetzarako eta gardentasunerako eskubide berriak legalki taxutzea.

Bi lege-proiektuok aintzat hartu dituzte eraginpeko kolektiboek aurkeztutako alegazioak (Foru Aldundiak, EUDEL, sindikatuak, EGK, etab.); horrez gainera, legebiltzarreko taldeekin bilerak egin ondoren onartu dira eta, horri esker, hainbat zuzenketa sartu dira. Bi testuon berritasun nagusia haien aplikazio-eremua hedatu izana da: Euskadiko hiru erakunde-mailei eragingo die, baita haien mendeko erakunde instrumental guztiei ere, ezertan kaltetu gabe euskal erakunde publiko bakoitzak autonomoki antolatzeko dituen eskumenak.

Gaur onartutako bi lege-proiektuak gako dira euskal Administrazio Publikoaren modernizazio beharrezkoari heltzeko; hartara, gai izango da XXI. mendeko herritarren beharrizanei eraginkortasunez erantzuteko, gobernamenduaren printzipio berrietan oinarriturik: hau da, parte-hartzean, gardentasunean eta herritarrek gai publikoetan izango duten lankidetzan.

Orain, Eusko Legebiltzarrari helaraziko dizkiote bi testuak, eztabaidatu eta behin betiko onar ditzaten.

GARDENTASUNA, HERRITARREN PARTAIDETZA ETA GOBERNU ONA

Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektuak sektore publikoaren funtzionamenduaren funtsezko ardatzak arautzen ditu, herritarren eskubide berrien inguruan. Hau da: politika publikoak ebaluatzeko eskubidea, gai publikoetan parte hartzekoa eta Euskadiko administrazio publikoek sortutako informazio guztia libreki eta gardentasun osoz eskuratzekoa.

Bost titulu, 82 artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta bi azken xedapen ditu. Besteak beste, hauek arautzen ditu:

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentziaren sorrera (67. artikulua). Agentzia horrek izango du herritarren informazio-eskubidea babesteko ardura; berak ebatziko ditu, halaber, gardentasunerako eskubidetik eta datu pertsonalen babeserako, segurtasun publikorako, bizitza pribatua izateko, sekretu profesionalerako nahiz jabetza intelektual eta industrialerako eskubideetatik eratorritako gatazkak. Organo independente moduan funtzionatuko du, bost urteko presidentzia berritu ezin batekin, eta prestigio aitortuko profesional trebe batek beteko du postu hori. Haren aholku-batzordea euskal erakunde guztietako pertsonek osatuko dute: Eusko Legebiltzarrekoak, Herri-Kontuen Euskal Epaitegikoak, Arartekokoak, Datuen Babeserako Agentziakoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Foru Aldundietakoak, EUDELkoak eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak.

Araua onartzen denetik aurrera, Euskadiko administrazio publiko guztiek erantzun beharko dituzte herritarrek egindako informazio-eskaerak, 15 egunetik beherako epean (44. art.) erantzun ere. Eusko Jaurlaritza horretan ari da, jada, iaztik 20 egun baino gutxiagoko epean erantzuten.

Lege-proiektuak kapitulu oso bat eskaintzen dio herritarrek publizitate aktiborako eta datuen zabalkunderako duten eskubideari: hain zuzen, II. kapitulua. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argitaratzen du nazioartean erreferentzia diren erakundeek eskatutako informazio guztia, www.euskadi.eus webgunean. Horrela, lehen postua lortu zuen autonomia-erkidegoen rankigean, 2012 eta 2014 urteetan. Lege-proiektuak gardentasun-eskakizunen maila handitzen du, eta informazioa argitaratzeko betekizuna hedatzen du, hauek ere har ditzan barne: Gobernu Planaren ezarpenaren jarraipenari buruzko informazioa, aholku- eta partaidetza-organoen jarduerari buruzkoa, Gobernuaren giza-baliabideen eta lan-baldintzen antolamendu-planei buruzkoa, politika publikoen ebaluazioari eta arauen eraginei buruzkoa, hautaketa-prozesuei eta zuzendariek nahiz goi-zuzendaritzako langileek finkatutako helburuei eta lortutako emaitzei buruzkoa, bai eta zenbateko gastu publikoa egin den publizitate kanpainetan, zenbat sindikatuko liberatu dauden, zenbat ordu sartzen dituzten eta horri lotutako kostuak, etab. ere.

Alderdi berritzaileenetako bat da, halaber, herritarrek parte har dezaketen arauak hedatzen dituela. Hala, onartzen denetik, araugintzako herri-ekimena (65. art.) gehituko zaio legegintzako herri-ekimen ezagunari, Gobernuak garatutako araudi dekretuetara hedatzeko herritarren parte-hartzea. Edonork eta edozein ordezkari-taldek izango du bere intereseko gaietan araugintzako ekimenak sustatzeko eskubidea.

Helburu berarekin sortuko da Gobernu Irekiaren Plataforma, eta funtzio hauek izango ditu: EAEko Administrazio Publikoaren eta herritarren etengabeko elkarreragina, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea.

SEKTORE PUBLIKOAREN ANTOLAMENDUA

Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak euskal sektore publikoa zehazten, antolatzen eta egituratzen du. Haren funtzionamendua eta betebeharrak arautzen eta erakunde bakoitzaren eskumenak mugarriztatzen ditu; halaber, betekizuntzat ezartzen du administrazio-arteko lankidetza eta koordinazio, bai eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak ere. Giltzarri da Euskadiko administrazio publikoen modernizazioari ekiteko, bereziki, Euskadiko Administrazio Publiko orokorra, 80. hamarkadakoa baita haren indarreko araudia.

Laurogei artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen ditu, eta honelako berritasunak hartzen ditu barruan:

EAEko sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko erakundearteko batzordearen sorrera (7. art.). Foro bat da, eta hiru erakunde mailetako ordezkariak bilduko dira bertan, sektore publikoaren inefizientzia-, gainjartze- eta bikoiztasun-arazo posibleak konpontzeko. Honako hauek osatuko dute:

. Presidentea: administrazio publikoaren arloan sailburu kargua betetzen duen pertsona.
. Batzordekideak: administrazio publikoaren esparruari lotutako pertsonak: Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek izendatuko dituzte.

Lege-proiektuak, gainera, erakunde publiko berriak sortzeko betekizunak gogortzen ditu. Hala, adibidez, nahitaezkoa izango da erakunde berria sortzeko premia akreditatzea, eta berori eratzeak bikoiztasunik sortuko ez duela bermatzea. (II. kapitulua)

Orobat, lege maila hartzen dute erakunde publikoen gardentasun, efikazia eta efizientzia-eskakizunek (52. art.): eratzen direnetik, azterketapean jarriko dira, haien helburu eta xedeen betetze-maila jakiteko, bai eta erabiltzen dituen baliabideak, jarduketan lortutako emaitzak, etab. ere. Horrez gain, Euskal sektore publikoko erakundeen erregistroan (58. art.) izen ematera eta bertako datuak eguneratzera behartuak egongo dira, haien egituraren, antolaketaren, osaeraren, kontuen eta beste erakunde publiko nahiz pribatuetan duten partaidetzaren berri emateko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @balapiaka
    2015.eko azaroak 10

    Comentario de Twitter:
    @borjacolon Hay información en #Irekia https://t.co/M0Vg8aFcE1 y en el blog del #PIPejgv https://t.co/JSyLHrbKgl Los textos, mañana ;-)