Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Merkataritzan teknikari laguntzaileak prestatzeko beken eskaerak aurkezteko epea gaur hasiko da

2010.eko abuztuak 04

Gaurtik, abuztuaren 4tik, aurrera, merkataritzan teknikari laguntzaileak prestatzeko bekak lortzeko eskaerak aurkez daitezke. Aurten, beken kopurua % 20 handitu da. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila lan handia egiten ari da merkataritza dinamizatzeko bulegoak indartu eta hedatzeko, eta beka kopuruaren hazkundea lan horrekin loturik dago.

30 lagunek baliatu ahal izango dute 450.000 €-ko hornidura duen beka-programa hau.  Euskadiko merkataritza-banaketaren sektorean profesionalizazioa hobetzea bultzatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko Jaurlaritzaren helburuaren barruan biltzen da. Horretarako, enpresa-kudeaketan behar bezala kualifikaturiko eta sektorearen egiturari eta bilakaerari buruzko jakintzak dituzten profesionalak behar dira.

32 urtez azpiko goi-mailako unibertsitateko tituludunei zuzenduta dago deialdia. Eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 20ra bitarte egongo da zabalik. Onuradunek euskal udalerrietan banaturiko merkataritza dinamizatzeko bulegoetan garatu ahal izango dute beren ikastaldia. Aurten gehiago dira: 21 izatetik 30 izatera igaro dira, eta bi koordinaziorako dira.

Programaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ikastaroak emango dizkie bekadunei. Ikuspegi praktikoa duten irakasgaiak sartzen dira ikasgai-zerrendan: 'Merkataritza-banaketaren sektorea: kontestualizazioa', 'Merkataritza hirigunean', 'Euskadiko merkataritza-banaketaren sektorerako laguntza teknikoa', 'Merkataritza-enpresaren kudeaketa: zuzendaritza estrategikoa, marketina, pertsonak merkataritzan eta finantza-kudeaketa', 'Esparru juridikoa: merkataritza-antolamendua eta merkataritza-jardueraren garapena eraginpean hartzen duen legeria', 'Merkataritzako joera berriak: teknologia, bikaintasuna eta berrikuntza, ingurumen-erantzukizuna'. Ikastaroak irailetik azarora bitarte izango dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan