Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

"Kultura Helburu", euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko ekimena

2015.eko azaroak 09

Beherapen txartelak aurkeztu dira antzokirako, zinemarako eta literaturarako . Jadanik zuzeneko kontzertuetan ere kanpaina abian da.

 

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak aurkeztu du ekimena Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoan. Bere aldamenean izan dira kanpainak biltzen dituen sektoreetako ordezkariak: Zinema mundua ordezkatzen, Alfonso Benegas, EZAE, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteko lehendakaria; liburu saltzaileen ordezkari, Andoni Aranzegi, Gipuzkoako liburu denden lehendakaria eta SAREA, Euskadiko Antzokien sarearen ordezkari Ana Lopez.

Kultura Helburu, “Compromiso por nuestra Cultura-Kultura Helburu” lemapean, sektore bakoitzak diseinatu du bere promozio kanpaina helburu berdinarekin: herritarrak erakartzea eta gonbidatzea hemengo sorkuntzaz goza dezaten. Horretarako promozio eta deskontu bereziak izango dira liburuak erosi eta antzoki eta zine aretoetara joateko. Era berean, dagoeneko euskal kultur produkzioa kontsumitzeko ohitura duten herritarren fideltasuna ere saritu nahi du ekimenak.

Kanpaina hauei esker, herritarrek aukera izango dute Euskadiko 54 antzoki, 16 zinema areto, 60 pantaila eta 67 liburudendatan euskal sorkuntza deskontuekin eskuratzeko.

Kanpainaren ezaugarriak aurkeztu dituzte, eta herritarrak gonbidatu dituzte euskal kultura kontsumitzera beherapen txartelak eskuratuz.  

Euskal industria kulturala sustatzeko asmoz, Kultura Helburu ekimenak aukera paregabea eskaintzen du gure kulturaz prezio eskuragarriago batean disfrutatzeko. Lau sektorek bat egiten dute kanpainarekin, bakoitzak bere eskaintzarekin: arte eszenikoak, zinema, literatura eta zuzeneko musika.  Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailburuordetzaren bidez, 200.000 euro ipiniko ditu pizgarri ekonomikotarako, 50.000 euro sektore bakoitzerako.

Joxean Muñoz Kultura Sailburuordeak aurkezpenean nabarmendu duenez, bertan parte hartzen duten sektoreekin partekatutako eta adostutako ekimena da hau. Era horretan, sektoreetako elkarteek eurek erabaki dute kanpainaren diseinua, bai eta pizgarri ekonomikoak aplikatzeko era ere.

“Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei dagokigu herri honetako kultura ekoizpena laguntzea eta bultzatzea –azpimarratu du sailburuordeak bere hitzaldian- Baina laguntza horretan, gero eta gehiago zaindu beharreko alde bat dago, ekoizpenak bere publikoarekin topo egiten duen une hori, hain zuzen ere. Produktuen publikoratzea une funtsezkoa da, sustatu beharrekoa, eta une horri laguntzeko politika konkretuak egin behar dira, ekoizpenak eta publikoak bat egiten duten une hori laguntzeko politikak”, azaldu du Muñozek.

“Proiektu hau honetan datza: herri honetan kultura produkzioarekin konprometituta eta buru belarri diharduten sektoreei laguntza ematean. Horretarako, funtsean, bi gauza behar dira: bata agerikotasuna, eta bestea pizgarri ekonomikoak. Pizgarri hauekin, herri kultura ekoizpen bat badagoela ezagutarazi ondoren, erraztasun gehiago eta tentaldi handiagoa izan dezagun produkzio hori ezagutzera eta gozatzera hurbil gaitezen, askotan ez baitugu ezagutu ere egiten”

Zatoz Antzokira kanpainak arte eszenikoaren arloan eragitea du jomuga. Hain zuzen, bertako musikal, zirko, dantza emanaldi eta ikuskizunetan egingo ditu eskaintza bereziak. Beherapen txartela izango da, hiru emanaldietara joanez gero, laugarrenera doan izango da –gonbidapenak gehienez 12 €ko balioa izango du–. Sareako antzoki guztietan, hau da, 54 antzoki ezberdinetan erabiltzeko aukera izango da.

Bidaiariak zinera kanpainak, berriz, euskarazko filmak, euskal produkzioak eta pelikula europarrak sustatuko ditu, lehentasun maila horretan. Euskal eta europar zinema-sektorea bultzatzeko egitasmo honek bidaiaren metafora hartzen du oinarri; izan ere, film bakoitzak esperientzia, kultura eta egoera ezberdinetara darama ikuslea; hau da, barne bidaia aberasgarria dakar zinemak.

‘Bidaiariak zinera’ kanpainak ikusleak erakarri nahi ditu zine-aretoetara, hauek baitira pelikulez gozatzeko eta sektoreari bultzada emateko espazio egokiena. Horrela, bertaratzen direnek 2 €ko beherapena izango dute promozioaren barne dauden filmetan.

Kanpaina EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak antolatu du, 2014 urtean zinema-kultura sustatu eta hedatzeko sortu zen entitateak. EZAEren helburua zinema-mundua ezagutzeko espazioak sortu eta zine-aretoen balioa nabarmentzea da. Horrez gain, sortze lana eta zine-kulturaren aniztasuna bultzatu nahi ditu.

Liburu txartela kanpainak, euskal literatura, euskal idazleak eta euskal argitaletxeen lanak bultzatzea du xede. Txartelarekin, Euskal Herriko idazleek euskal argitaletxeetan argitaraturiko euskarazko eta gaztelerazko liburuak beherapenarekin erosteko aukera izango da. 30 €ko erosketa eginez gero, 12 €ko balioa duen liburu txartela eskuratuko du erosleak, hurrengo erosketan erabili ahal izateko. Kanpainarekin bat egiten duen edozein liburu-dendatan erabil daiteke azaroaren 13tik abenduaren 9ra arte –biak barne– Euskadiko liburudendei laguntza ematen zaie euskal autore eta argitaletxeak sustatuz.  (nahiz euskaraz nahiz gaztelaniaz izan)

Kanpaina hauen guztien informazio gehiago eskuratzeko antzokietan, zinema aretoetan eta liburutegietan galdetu dezake herritarrak. Bestela ere, kulturklik.euskadi.eus edo eskena.com webgunetan informazioa eskuragarri izango da.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Beaz_Bizkaia
    2015.eko azaroak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [EUSKAL #KULTURA] "Kultura Helburu", euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko ekimena ➡ https://t.co/g1v3KE

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    [#CULTURA VASCA] "Compromiso por nuestra cultura", iniciativa para promocionar la industria cultural y creadores ➡ https://t.co/EvT5PmiI57

  • @xabiepalza
    2015.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    Irekia - 'Kultura Helburu', euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko ekimena https://t.co/3mr9hbqygi

  • @kulturalive
    2015.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [EUSKAL #KULTURA] "Kultura Helburu", euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko ekimena ➡ https://t.co/g1v3KE

  • @mmarinta
    2015.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [EUSKAL #KULTURA] "Kultura Helburu", euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko ekimena ➡ https://t.co/g1v3KE

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alfonso Benegas (EZAE), Andoni Aranzegi (Federación de Libreros de Euskadi), Ana Lopez (SAREA)