Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskal Turismoaren Internet bidezko Telebista abiarazi du

2010.eko abuztuak 03

Abuztuaren 4tik aurrera, Eusko Jaurlaritzak Internet bidezko telebista-kanal bat jarriko du martxan, Euskadiri buruzko informazioa lortu nahi duten turistentzat: www.tveuskadi.net. Bitarteko berri horren bidez, gertaera turistiko garrantzitsuenak zuzenean jarraitu ahal izango dira, eta hasteko, Gasteizko Andre Maria Zuriaren Jaietako txupinazoa botako dute. Abuztuan, EAEko beste bi hiriburuetako jaiak ere zuzenean emango dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak eta Gasteizko alkate Patxi Lazcozek gaur aurkeztu dute www.tveuskadi.net telebista-katea, Gasteizko Udaletxean. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismo Zuzendaritzaren komunikazioko ekimenaren baitan sortua, eta EITB taldearekin harremanetan aurrera eramana, Euskadiren irudia atzerrian modu berritzailean ezagutaraztea du xede, baita Euskadiren marka turistikoa ezagutaraztea ere: Euskadi, goza ezazu.

Turistak eskura dituen produktuen berri izango du, ikus-entzunezkoen bidez: gastronomia, enologia, ibilbideak, bilera-turismoa eta hiri-ihesaldiak, besteak beste. Horretaz guztiaz gain, programazioko azpikanalen orri bat ere izango du, askotariko edukiarekin: eguraldia, kultura-agenda, eta interes turistikoa duten hainbat jarduerari buruzko erreportajeak. Bideo laburrak ere ikusgai izango dira, betiere euskal turismoarekin loturik, interesa duen edonorentzat.

www.tveuskadi.net telebista-kateak badu nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat, hots, parte-hartzailea dela guztiz. Telebista bera, baita telebistaren edukiak ere, sare sozialetan konparti daitezke, hala nola Facebooken eta Twitterren, besteak beste. Aukera horri esker, edozein erabiltzaile izan daiteke Euskadiko erakargarri turistikoen enbaxadore aktibo.

www.tveuskadi.net telebistak eguneratzeko tresna bizkor bat eta bilatzaile bat ere izango ditu; bilatzailearen bidez, erabiltzaileak erraz aurkitu ahal izango du interesatzen zaion edukia. Bitarteko berri hau egunero hazten joango da, edo horixe da asmoa, behintzat; izan ere, ponentziak, zuzeneko emanaldiak eta Euskadin gertatzen diren eta turismoarekin loturik dauden jarduera interesgarri guztiak sartuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)