Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak ETAren kontrako operazioa egin du Gipuzkoan

2010.eko abuztuak 03

Gaur (asteartea) goizaldeko lehen ordutik aurrera, Ertzaintzako Terrorismoaren kontrako eta Informazio Alorreko agenteak ETA erakunde terroristaren kontrako operatiboa burutzen ari dira Hernanin (Gipuzkoa). Operazioan bi ustezko terrorista atxilotu dituzte. Atzemandakoei 2003ko otsailean Joseba Pagazaurtunduaren hilketan parte hartu izana leporatzen diete, beste delitu batzuen artean.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Erandioko Ertzaintzaren egoitza nagusian operazioaren inguruko xehetasunen berri emateko. Sailburuarekin batera, Rafael Iturriaga Segurtasun sailburuordea eta Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendaria ere izan dira.

Gurutz Agirresarobe Pagolaren eta Aitziber Ezkerra Segurajauregiren atxiloketak egiteko zabaldutako operazioak zabalik jarraitzen duela adierazi du Aresek prentsaurrekoan. Gainera, ez du baztertu miaketa eta atxiloketa gehiago egingo direnik.

Herrizaingo Sailburuaren esanetan, Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoko Sarjentuaren hilketa jazo zen tokian aurkitutako aztarna guztien arabera, gaur atxilotutako Gurutz Agirresarobe 2003an egindako krimenaren egilea izan zen. Aresek gaineratu duenez, Aitziber Ezkerra, Agirresaroberen bikotekide ohia, aipatutako hiletan beharrezko laguntzailea izan zitekeen.

Herrizaingo Sailburuaren arabera, "Donosti Sarea"ri lotuta zain zegoen talde bat osatzen zuten eta ETAren aginduen zain zeuden Agirresarobe eta Ezkerra.

Halaber, Pagazaurtunduaren hilketan eta 2001eko maiatzaren 6an Manuel Jiménez-Abad PPren Aragoiko buruzagi eta senatari ohia hil zutenean pistola berbera erabili zutela baieztatu du Aresek.

Herrizaingo Sailburuak azpimarratu du ikerketa guztia Ertzaintzak burutu duela, hain zuzen ere, Talde Zientifikoak eta Terrorismoaren Kontrako Taldeak. Horrela, Ertzaintza zoriondu du operazioagatik.

Aresek nabarmendu du 2010ekoa urte txarra izaten ari dela ETArentzat, izan ere, Ertzaintzak 2 operazio handi egin ditu bere aurka eta ustezko 11 terrorista atxilotu ditu. Horren harian, ohartarazi du Ertzaintza ez dela nekatuko, eta ez diola ikertzeari eta lan egiteari utziko behin betiko ETA desagerrarazi arte.

Sailburuak esandakoaren arabera, ETA inoiz baino ahulago dago, baina oraindik ere ez da desagertu.

Horren harian, deia egin dio gizarteari azken ahaleginak egiteko behin betiko ETA deuseztatzeko.

ETAren kontrako Ertzaintzaren operazioa

Ertzaintzak ETAren kontra egindako operazioa goizaldean abiatu da Hernanin (Gipuzkoa), eta, oraingoz, ETAko bi ustezko kide atxilotu dituzte: Gurutz Agirresarobe Pagola eta Aitziber Ezkerra Segurajauregi. Atzemandakoei Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoko Sarjentuaren hilketan parte hartu izana egotzi diete, beste delitu batzuen artean. Joseba Pagazaurtundua 2003ko otsailaren 8an hil zuten; terrorista batek lau tiro egin zizkion eta ordu batzuk geroago hil zen, Donostiako ospitale batean. Joseba Pagazaurtundua (45 urte) ezkonduta zegoen eta 9 eta 14 urteko bi seme-alaba zituen.

ETAko bi ustezko kideak atxilotzeaz gain, operazioaren baitan hainbat etxe miatu eta dokumentazioa eta elementu informatikoak atzeman dituzte; Ertzaintzako terrorismoaren kontrako adituek elementuok aztertzen dihardute.

Operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3 zk.ko Epaitegi Zentrala koordinatzen ari da, Fernando Grande Marlascaren aginduetara, eta hamarkada honen lehen erdian ETAk Gipuzkoan burututako ekintzak argitze aldera Ertzaintzak hasitako ikerketak ditu oinarri. Azken urteotan segurtasun indarrek ETA erakundeko hainbat kide atxilotu dituzte, baina orain arte ez da ekintza haiekin lotutako atxiloketarik egin.

Operatiboa zabalik dago eta etxebizitzak miatzen jarraitzen dute. Ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.

 

Iruzkin bat
  • 2010.eko abuztuak 05

    SOLIDARIDAD CON LOS TODOS LOS FAMILIARES Y AMIGOS DE LAS VICTIMAS DE LA VIOLENCIA ,DE ESTOS ASESINOS DE ETA QUE NOS TIENEN ATEMORIZADOS DURANTE MUCHOS AÑOS, Y LA JUSTICIA TIENE QUE LLEGAR ESTOS ASESINOS A LA CARCEL DE POR VIDA Y LOS QUE QUEDAN SEA LA ERTZANTZA POLICIA GUARDIA CIVIL LOS QUE LO DETENGAN Y LA CARCEL Y VIVAMOS SI ES POSIBLE LO MEJOR Y ESTAMOS EN UN PAIS QUE TODOS CABEMOS RESPETANDO LAS
    REGLAS DE JUEGO DEMOCRATICO QUE TENEMOS Y AGUR

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rodolfo Ares, sailburua