Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Euskadiko ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da hamar urteren buruan

2015.eko azaroak 06
  • Euskadiko ekoizpen zientifikoak indexatutako 5.000 argitalpeneko muga gainditu zuen 2014an, eta bilakaera hau lehen posizioetan diren eskualdeekiko bat-egite azkarra errazten ari da.
  • Gainera, ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio.
  • Zientzia Euskadin 2015 Txostenak, 40 adierazleren bitartez, Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez.

Bilbo, 2015eko azaroak 6 –Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2015 Txostenaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean.

Europako hainbat lekutan antolatutako Zientzia Astearekin bat eginez zabaldu den txosten honek Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez.

Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako 40 adierazleen arabera, Euskadik munduan duen pisua etengabe hazi da azken hamarkada honetan, munduko batez bestekoaren gainetik lortutako hazkunde-tasei esker.

Euskadiko ekoizpen zientifikoak indexatutako 5.000 argitalpeneko muga gainditu zuen 2014an. Honek esan nahi du, 2004tik gaurdaino, argitalpen-kopuru osoa hirukoiztu egin dela, eta lehendabiziko aldiz, Estatuko ekoizpen osoaren % 6 baino gehiago (% 6,30) Euskadiri dagokiola. Horrenbestez, sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi ekoizpen absolutuaren bosgarren posizioan kokatu da Galizia gainditu ondoren, eta per capita ekoiztutako argitalpen-kopuruetan, azkar-azkar hurbiltzen ari da lehen posizioetan diren eskualdeetara.

Gainera, ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio. Horren ondorioz, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, zientzia-sistema ikerketaren kalitatea kaltetu gabe hazi dela esan daiteke. 2014an, Euskadiko argitalpenen % 49,58 beste herrialde batzuetako erakundeekiko lankidetzaz landu zen. Estatu Batuak eta Europako zientzia-ekoizle nagusiak (Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italia) dira Euskadin ikertzen diharduten pertsonekin lankidetza-harreman handienak dituzten herrialdeak.

Sektorekako ekoizpenari begiratuta, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren %60 inguru unibertsitateei dagokie -UPV/EHU buru dela, indexatutako 2.813 argitalpeneko ekarpena egin baitzuen 2014an-, eta jarraian osasun arloko ikerketa eta zentro teknologikoak daude. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten (% 15 inguru, gaur egun) eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak).

Ikerketa komunitatea

Euskadin, ikertzaile-kopuruaren bilakaerak hazkunde iraunkorra mantendu du, 11.843 pertsona bilduz 2013n, 2004an baino % 60 gehiago, alegia. Hazkunde honi buruz, oso balorazio berezia egin da gaur egungo testuinguru sozioekonomikoa latzari erreparatuta. Kopuru absolutuetan, Euskadi 4.000 ikertzaile lanpostu sortzeko gauza izan da hamarkada eskas batean.

Generoaren ikuspegitik aztertuta, doktorego tesiak defendatzen dituzten gizon eta emakumeen ratioak antzekoak diren arren, askoz ere txikiagoa da ikertzaile-karrera kontsolidatzen duten emakumeen kopurua. Euskadiko ikertzaileen artean, emakumeen portzentajea % 34 ingurukoa da 2004az geroztik, eta azken hamarkada honetan ez da aldaketa handirik izan kontu honetan.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoak azaldu duenez.

IKERBASQUEri buruz

Eusko Jaurlaritzak IKERBASQUE Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa alorreko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira IKERBASQUEren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak kontratatuz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren alorreko nazioarteko erreferentziatzat. Europako Batzordeak, Europako  Ikerketarako 7. Esparru-Programaren barruan, Europa osoko ekimenik garrantzitsuenetakotzat aukeratu du IKERBASQUE Fundazioa, eta ondorioz, 18 milioi euro baino gehiago eman ditu Ikerbasqueko programak finantzatzeko.

2 iruzkin
  • @IngurumenEJGV
    2015.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [@IKERBASQUE] La producción científica de Euskadi se ha triplicado en diez años ➡ https://t.co/SNcuDSrd0o

  • @aloxieusko
    2015.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [@IKERBASQUE] La producción científica de Euskadi se ha triplicado en diez años ➡ https://t.co/SNcuDSrd0o

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueren zuzendari zientifikoa