
Lehendakariak Europako Inbertsio Bankuaren jardunaldietan enpresei eta berrikuntzari babesa agertu die
Urkulluk lankidetzaren alde egin du, esanez ekonomiaren susperraldian «funtsezko elementua» dela, «egonkortasun-bermea» lehenetsi behar denez
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du zein positiboa izan den Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) izandako lankidetza-esperientzia. Gobernuak erakunde horren estrategia bera du; hain zuzen, jarduera sektore berrietara bideratutako enpresa laguntzea, bereziki ETEak, zeinak Euskadiko ekoizpen-ehunaren % 90 hartzen baitute. Zentzu horretan, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako plana onetsi, eta 2020ko horizontearekin 11.100 milioi euroko inbertsio bat egiteko konpromisoa hartu duela.
Hala ziurtatu du Guggenheim Museoan berrikuntzari laguntzei buruz egindako jardunaldi batzuen inaugurazioan. Jardunaldiotan, euskal enpresek zuzenean ezagutu dezakete EIBk eskainitako finantzazio-produktuen aukera zabala, bereziki I+G+Bko jardueretara zuzendua. Hain zuzen, datozen zazpi urteetarako, Europako Inbertsio Bankuak 24.000 milioi euroko finantzazio-lerroak ditu zabalik.
Lehendakariak adierazi du EIBrekin eta Euskadiko ikerkuntzaren eta garapenaren eragileekin lankidetza-esparruak bultzatzen jarraitzea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua; momentu horretan, Innovfin programaren inguruko interesa agertu du, 2020 horizonteko berrikuntza-jardueretarako finantzazioa eskaintzen baitu.
Lankidetza, azaldu du Urkulluk, «funtsezko elementua» da Eusko Jaurlaritzak garatzen duen politika ekonomikoan, «non egonkortasun-bermea lehenesten baita», susperraldia hasi berri den eta inbertsiorako eta enplegu-aukerak sortzeko konfiantza beharrezko den une honetan». Horrenbestez, gogoratu du Euskadik % 23,6ko BPG industriala duela, aurten % 2,7 hazteko aurreikuspenarekin, eta euskal enpresen nazioartekotze maila altua nabarmendu du orobat.
-
2015-11-06
Comentario de Twitter:
[JARDUNALDIA] Lehendakariak Europako Inbertsio Bankuaren jardunaldietan enpresei eta berrikuntzari babesa agertu die➡https://t.co/vImsEPWiRf