Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Eztabaida fiskalean axola duena. Iritzi-artikulua

2010.eko uztailak 24

 Eusko Jaurlaritzan begirunetsuak gara Lurralde Historikoek zerga-gaietan dituzten eskumenak direla-eta, eta begirune arduratsuz zaintzen dugu gaur egungo antolamendu juridikoa, foru-aldundiek, nire iritzian, egiten duten bezalaxe. Erakundeen arteko lankidetza-testuinguruaren barruan, Eusko Jaurlaritzak honako hau proposatu die, hitzez hitz, aldundiei, iruzurraren aurkako borroka dela-eta: 

«Iruzur-jokabideok gizarte-kohesioan eta diru-kutxa publikoetan eragiten dituzten ondorioez denok kontzientzia hartzeak eskutik dakar tartean diren erakunde guztien esfortzuak bultzatzeko eta bikoizteko beharra. Ondorioz, konpromiso publiko konpartitu bat hartzeko proposatzen da; konpromiso hori baterako mezu batean eta iruzurraren aurkako borrokarako erakundeen arteko lankidetza-programa batean gauzatuko da, halako moduz non aldiro aurkeztu ahal izango baitira abian jarri diren bitartekoak eta neurriak, bai eta haien eraginkortasuna ere, bai zerga-iruzurrari dagokionez, zeinaren kontrola foru-aldundiei eta haien ikuskapen-zerbitzuei baitagokie, bai gastu-programen kontrolari dagokionez, zeina Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita. Kontua ez da, beraz, erakunde bakoitzaren ikuskapen- edo ebaluazio-zerbitzuetan kontrol-gainegitura bat ezartzea, baizik eta garrantzi eta zabalkunde nahikoa eskaintzea eginkizun horri, zeinean koordinazioak eta lankidetzak guztien, herritarren eta erakundeen, onurarako sinergiak ahalbidetuko baititu». 

Proposamen horretako neurrietako bat ogasunen arteko konexio informatikoa da, tresna horrek zergadunen errealitatea hobeto ezagutzeko tresna izango delakoan. Ekimen zinez logikoa da, eta aspaldian abiarazia behar zuena, nire iritzian.  Eusko Jaurlaritzak zerga-politikaren arloan egiten duen proposamen globalak eskema askoz ere zabalagoa jasotzen du gainera, azken egun hauetan iritzi publikora zabaldu diren xehetasunekin zerikusi gutxi duena; izan ere, xehetasun horiek sekula ez dira Jaurlaritzaren proposamenean jaso, eta desitxuratu egiten dute Lehendakariak maiatzaren 27an Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen ekimenaren xedea.

Bere mintzaldian zera proposatu zuen Lehendakariak: «gaur egungo ekonomia-egoera honetako gure zerga-sistemari buruzko hausnarketa lasai eta sakona, finkatu ahal izan dezagun zer analisi- eta lan-arlok ahalbidetuko diguten gure zergen funtzionamenduaren eta aplikazioaren ezagutzan aurrera egitea, antzematen diren hutsuneak zuzentzea, eta, beharrezkoa balitz, ezegokitzat jotzen diren tratamenduak birdefinitzea». Hor kokatu nahi du Eusko Jaurlaritzak eztabaida fiskala. Hain zuzen ere, erakunde bakoitzaren eskumenak gorabehera, eztabaida horretan zeresanik badugula eta ekarpen handia egin dezakegula uste dugu. 

Zeresana badugu, ez dezagun ahantz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eta beraz gastu-aurrekontuaren %70 Eusko Jaurlaritzari dagokiolako.  Gainerako %30a foru-aldundien eta udalen artean banatzen da. Eta hori eredu asimetriko baten barruan gertatzen da, Eusko Jaurlaritzak, sektore publikoko gastuaren %70en arduraduna izanik ere, ez baitu diru-sarreraren gaineko zuzeneko ahalmenik.

Gastu-politikak, ondorioz (hala nola Osasunari eta Hezkuntzari dagozkionak), zerga-sarrerekin gertatzen denaren menpe daude. Bestela esanda,  diru-bilketa txikiagoa ondorio duten zerga-arloko erabakiek eragin zuzena dute Eusko Jaurlaritzaren diru-kutxetan. Foru-aldundiek biltzen ez duten 100 eurotik 70 Eusko Jaurlaritzaren kontuei dagozkie. Horra hor gure kezkaren arrazoia; izan ere, diru-bilketak %16 jaisteak, iaz gertatu bezala, gure zerbitzu publikoen dotazioan eragiten du automatikoki. 

Eusko Jaurlaritza da, Espainiako autonomia-administrazio guztien artean, bere diru-sarreren gaineko kontrol eta ahalmen txikiena duena. Beste guztiek gureak baino arautze- eta kudeatze-ahalmen handiagoa dute. 

Laburbilduz, Jaurlaritzaren iritzian eztabaidan axola duena da nola berreskura daitekeen diru-sarreren maila, nola manten daitezkeen arrazoizko ratio batzuk, babestu nahi dugun prestazio-ereduarekin bateragarriak direnak, eta zer neurri hartu behar dugun hori lortzeko, bai diru-sarrerei dagokienez, bai gastuei dagokienez. Hori da auzia, eta ez besterik.

Eusko Jaurlaritzak eztabaida abiarazi du, eta eztabaida horrek asko du politika ekonomikotik eta herri-eredutik. Euskadik baliabide nahikoak behar ditu, Eusko Legebiltzarrak gizarte bidezko, moderno eta iraunkorrago baten garapenerako legeak eman ditzan eta Eusko Jaurlaritzak aldaketa-une honetan bere politikak egituratu ahal izan ditzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre