Berriak Osasuna
Eu

Larrialdietako XX. Jardunaldiak Gasteizen

2015.eko azaroak 05

 

400 gazte inguruk parte hartuko dute gaur Osakidetzak emandako bihotza bizkortzeari eta desfibriladoreak erabiltzeari buruzko prestakuntza tailer batean

Hamasei urteko gazteek bihotz-biriken geldialdi bat ikusten badute nola jokatu ikas dezaten du helburutzat, horri esker pertsona horren bizitza salbatu ahal izan dezaten

Euskadin 681 desfibriladore daude erregistraturik guztira Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5ean onartutako araudiaren arabera

 

Bihotza bizkortzeari eta desfibriladoreak erabiltzeari buruzko prestakuntza-tailer batean parte hartuko dute gaur Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko laugarren mailako 400 gazte arabar inguruk, bihotz-biriken geldialdi bat ikusten badute nola jokatu jakin dezaten, eta horrela bat-bateko heriotza esaten zaiona saihestu ahal izan dezaten.

Horixe da gaur Gasteizen egin behar duten bizkortzeari buruzko tailerraren helburua. EKALME-SEMES Euskadi zientzia-elkartearen Larrialdietako XX. Jardunaldien barruan egingo dute aipatutako tailerra; aurten Osakidetzako Larrialdiek antolatu dituzte jardunaldiok eta, Gasteizko Udalarekin elkarlanean Arabako hiriburuko Europa jauregian egiten ari dira.

Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak eman die hasiera «Gaixoa» lelopeko jardunaldiei eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak emango die amaiera; jardunaldiotan pertsonei eginkizun protagonista emango diete, paziente edo zaintzaile gisa duten esperientziaren bitartez edota bihotz-biriketako suspertze-katearen etorkizuneko lehen erantzule modura. Horregatik, egunean zehar hainbat tailer eta mahai-inguru egingo dituzte pertsonak inplika daitezen norberaren eta besteen osasunaren eragile aktibo gisa.

Euskadin, 10 geldialdi kardiobaskularretatik 9tan norbait dago pairatzen duenaren ondoan, baina % 15ek baino ez dute esku hartzen. Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak adierazi duenez, gaur Osakidetzak emango duen bizkortzeari buruzko tailerra eredugarria da pertsonak besteen osasunarekiko inplikazioa eta konpromisoa har dezaten, bai eta biztanleen artean osasun-arretako oinarrizko ezagutzak sustatzeko ere, zalantzarik gabe, bizitzak salbatzeko lagungarria izango baita.  Horrela bada, parte hartzen duten gazteei oinarrizko nozioak eta ezagutzak emango dizkiete bihotzeko geldialdia zein haren sintomak hauteman ditzaten eta infartu baten lekuko badira nola jokatu jakin dezaten (112ra deitu ondoren eta osasun-langileek esku hartu arte), bizkortze kardiobaskularraren bidez edota desfibriladore bat erabiliz.

Prestakuntza bideo baten bidez egingo da, eta parte-hartzaileek panpina bana izango dute haren argibideei jarraitzeko. Halaber, tailerra amaituta, ikasleek materiala eraman ahal izango dute, praktikatzen jarraitzeko eta prestakuntzaren berri senide eta lagunek ere jaso dezaten.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila arnas gelditzeetan bizkortzeak lehen uneetan zer garrantzi duen jakitun, eta salba daitezkeen bizitzen kopurua handitzearren, pertsona asko biltzen diren erabilera publikoko espazio jakin batzuetan desfibriladore automatikoak edo erdiautomatikoak ezarri beharra arautu du, eta gaur egun, jada 681 desfibriladore daude ezarrita guztira. (Araban 118, Bizkaian 368 eta Gipuzkoan 195).

Datorren urteko otsailaren 5etik aurrera, Euskadin nahitaezkoa izango da kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak izatea, indibidualak nahiz kolektiboak, merkataritza-gune handietan, aireportuetan eta merkataritza-portuetan, 50.000 biztanletik gorako udalerrietako tren- eta autobus-geltokietan, 2.000 erabiltzailetik gora dituzten metro-, tren- eta autobus-zerbitzuetako geltokietan, 700 pertsonatik gorako edukierako establezimendu publikoetan, ikuskizunetan eta aisialdi-jardueratan, eta 2.000 pertsonatik gorako edukiera duten hezkuntza-zentroetan.

Vitoria-Gasteizko Udalak, bere partez, desfibriladoreak dauzka  udaleko erabilera tokietan eta udal-ekipamenduetan. Gainera, Kardio-biriketako berpizketari buruzko formazio ikastaroak garatzen ditu ; bai bere langilentzat bai herritarrentzat.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroak 5

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)