Berriak Osasuna
Eu

Gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin dute berriro, kanpainaren erdian

2015.eko azaroak 04
  • Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina abian jarri zenetik hilabete igaro ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak berriz ere nabarmendu dute txertaketa oso garrantzitsua dela arrisku-taldeentzat, gripe-jarduera hasi baino lehen babestuta egon daitezen
  • Gripearen Aurkako Txertaketa Kanpaina azaroaren 30ean, astelehenean, amaituko da, eta orain arte 262.000 pertsonak jarri dute txertoa
  • Txertaketa asko igo da haurdun dauden emakumeen artean: zehazki, iazko aldi berean baino % 75 gehiagok jarri dute txertoa
  • 1.200.000 euroko inbertsioa egin ostean, Osakidetzak 380.000 txerto-dosi ditu eskura

 

Azaroaren 30ean Gripearen Aurkako Txertaketa Kanpaina amaitu aurretik gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin diete, berriro, 65 urtetik gorakoei, eritasun kronikoren bat dutenei, haurdun dauden emakumeei eta osasun-langileei.

Urriaren 5ean jarri zuten abian kanpaina, eta, orain arte, iazko datuekin alderatuta, % 75 handitu da txertaketa haurdun dauden emakumeen artean, % 7,7 osasun-langileen artean, eta % 1 diabetikoen artean. Txertaketaren datuak, hortaz, positiboak dira oraingoz, orain arte 262.000 pertsonak jarri baitu txertoa, baina Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro ere egin diete dei arrisku-taldeei, azaroaren 30a baino lehenago joan daitezen osasun-zentro edo anbulatorioetara txertoa jartzera .

Halaber, gogora ekarri dute txertoa dela, gaur egun, eskura dugun prebentzio-neurri eraginkor eta seguruena larria izan daitekeen gaixotasun horri aurre egiteko. Txertoa jartzea immunitate indibiduala sortzen du eta konplikazioak agertzea saihesten du. Ildo horretatik, Osasuneko sailburu Jon Darpónek hauxe gogorarazi du: «funtsezkoa da txertoa ahalik eta lasterren jartzea, gure organismoak hiru aste inguru behar baititu, batez beste, gripearen birusaren aurkako antigorputzak garatu eta immunitatea lortzeko».

Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpainaren erdian nabarmendu nahi izan dutenez, gripea gaixotasun infekzioso transmitigarria da, eta erraz kutsatzen eta hedatzen da; prebalentzia handiagoa izaten du udazkenaren amaieratik udaberriaren hasiera bitartean, eta egun batetik bost egunera arteko inkubazio-aldia izaten du, eta 3 egunetik 7 egunera arteko transmitigarritasun-aldia. Pertsona gazte eta osasuntsuengan modu desatsegin baina arinean eragiten du, baina 65 urtetik gorakoei konplikazio larriak eragin diezazkieke, baita eritasun kronikoa dutenei eta haurdun dauden emakumeei ere.

Gripeak eragin oso handia izaten du asistentzian urtero. Hala, bada, Euskadin, iazko kanpainan, ospitaleetan gripe egiaztatua zela-eta larri zeuden pertsonen % 40k ez zuen txertoa jarrita, eta ospitaleratutako 17 lagun hil ziren; horietatik guztiek zituzten arrisku-faktoreak, eta % 35ek txertoa jarri gabe zuten.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogora ekarri dute txertoa azaroaren 30era arte egongo dela osasun-zentroetan eskuragarri, eta, osasun-txartelarekin joaten badira, arrisku-taldeetan dauden guztiei jarriko dietela txertoa. Dena dela, komeni da joan aurretik telefonoz deitzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 4a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko