Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak AEBetara egin duen bidaiaren “helburu guztiak” bete direla esan du eta euskal diasporak Eusko Jaurlaritzari egin dion harrera eskertu du

2010.eko uztailak 31

AEBetako bidaia Jaurlaritzaren gobernuak Jaialdian izan duen parte-hartzearekin bukatu da

Patxi López lehendakariak AEBetako bidaiari 2010 Jaialdian parte hartuz eman dio amaiera. Jaialdia bost urtez behin egiten da Boisen (Idaho). Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza astebetez Nevada, Kalifornia eta Idahoko estatuetatik eraman dituen bidaia ofizialaren balantzea egin da azken egunean. Lehendakariak bidaia honetarako ezarritako “helburu guztiak" bete direla ziurtatu du eta euskal diasporari eskerrak eman dizkio jaso duen harreragatik. “Jendea, jaso dugun harrera eta integratu gaituzten moduaren inguruko sentsazio erabat positiboarekin noa, geure etxean bageunde bezala sentitu gara”, esan du lehendakariak AEBetara joan diren kazetariekin egin duen azken topaketan.

Duela 7 egun lur hartu zuten Renon (Nevadan) lehendakariak eta Kultura, Industria eta Kanpo Ekintza sailetako kideek osatu duten ordezkaritzak. 7 egunen buruan, Boisen (Idaho) bidaia ofiziala amaitu egin da eta “helburu guztiak” erdietsi dira. Patxi López lehendakariak, euskal diasporako kideekin lehenengoz harremanetan jarri ostean, Estatu Batuetatik egin duen bidaia ofizialaren lehenengo balantzea egin du. Kolektibo hori lehenengo Jaurlaritza ez-nazionalista ezagutzeko zain zegoela onartu ondoren, lehendakariak jaso duen harrera “guztiz positiboa” izan dela eta kanpoan bizi diren euskal herritarrek Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren helburuak eta lehentasunak “ezin hobeto” eta “normaltasunez” onartu dituztela azaldu du.

Lehendakariak AEBetatik egin duen bisita ofizialaren azken eguna Jaialdian gauzatu da eta gailentzekoa da mundu osoko hainbat euskal etxek parte hartu dutela ospakizun horretan. Patxi López lehendakariarekin batera Blanca Urgell Kultura sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia ere bertan egon dira.

Eusko Jaurlaritzak lehendakariak AEBetara egin duen lehenengo bisita ofizialaren emaitza "oso positiboa" izan dela adierazi du. Bidaia honek elementu afektiboak eta hurbiltasunezkoak eta ekintza zehatzak barne hartu ditu. Lehendakariak euskal irakasleak prestatzera bideratutako euskal-amerikarren euskalduntze programa gailendu du, baita Boiseko unibertsitatearekin euskal ikasketen programaren hitzarmena luzatzeko akordioa, ETB AEBetara iristeko akordioa eta goi-mailako enpresa eta zentro teknologikoekin gauzatu diren eta etorkizunean lankidetzan aritzeko balioko duten topaketak ere.

Lehendakariak Estatu Batuetako euskal diasporak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari eskaini dion harrera eskertu du, izan ere, nolabaiteko ikusmina zuten arren, lehendakariaren ustez, “Idahoko jendeak ondo baino hobeto onartu ditu gure mezua eta gure Gobernuaren helburuak”. Helburu horiei dagokienez, lehendakariak “identitateak batzea” aipatu du, “horixe baita herrialdeak behar duena, eta ez bereizketa eta liskarra”. “Hementxe dugu identitateak nola batzen diren eta euskal herritarra eta amerikarra izanda, norbere sustraiez harro egonda eta hartzen dituen herrialdeko kultura, historia eta tradizioa onartuz elkarrekin nola bizi daitekeen erakusten digun adibiderik onena”, azpimarratu du Lópezek. Lehendakariaren hitzetan, horixe da “Euskadin nahi duguna, identitateak batzea bizikidetza sendoagoa lortzeko”.

Bidaia ofiziala bukatu baino lehen kazetariekin egin duen azken topaketan lehendakariak “jendea, jaso dugun harrera eta integratu gaituzten moduaren inguruko sentsazio erabat positiboarekin noa, geure etxean bageunde bezala sentitu gara”, esan du. “AEBetako bihotzean Euskadiren zati bat dago, euskal herritar izateaz harro dagoen arren, erabat integratuta dagoena”, errepikatu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria