Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu ditu Aldaia mendiak eta Arabako Lautadako Irla-hariztiak. (2015-11-03(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko azaroak 03

Dekretua, Aladaiako Mendiak Babes Bereziko Eremua (ES2110016) izendatzekoa.

Dekretua, Arabako Lautadako lrla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110013).

LABURPENA

Euskadiko lurraldearen % 21 -Arabakoaren % 27- biodibertsitatea kontserbatzeko Europako figura horren babes pean dago.

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua: Europako Batzordearen zuzentarauen araberako prozedura zorrotz baten eta eragindako eragileen parte-hartzearen bidez egin da izendapena

Gobernu-kontseiluak, gaur bilduta, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ditu Arabako Aldaia mendiak eta Lautadako Irla-hariztiak. Izendapen horren bitartez biodibertsitatea kontserbatzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzak, habitat naturalen eta fauna zein flora basa-espezieen kontserbazio-egoerak hobera egitea bermatzeko. Aldi berean, hegazti eta espezie migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatzen lagundu nahi du, Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatzearekin bat etorriz. Izendapen hori jaso duten natura-inguruneen guztizko azalera 1.300 hektareakoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ekologia gaietarako Europako Natura 2000 Sarean dauden 52 eremuetatik 38k KBEren izendapena jaso du jada, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren lehentasunezko helburuetako bat zenez. Espazio guztiek jasoko dute izendapena datorren urteko ekaina amaitu baino lehen.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, Europar Batasunak naturaguneetan ezarritako babes-figura dira KBEak. Europako Batzordearen iritzian, Europa osoko natura babestea bermatzeko helburu nagusia Natura 2000 Sarearen ezarpena lortzea da. Euskadiko KBEak jada sare horren barnean daude.

Euskadiko azalera osoaren % 21 eta Arabakoaren % 27 barne hartzen du KBEen babesak, eta, horrenbestez, ekologiaren arloko Europako Natura 2000 Sarearen barnean daude. Eusko Jaurlaritza lanean ari da Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko honako hauek: Izki, Arabako iparraldeko mendiak, Guardiako urmaelak, Arreoko lakua/Caicedo de Yuso, Valderejo/Sobrón/Artzena mendilerroa (bi GKL KBE bakarrean bat eginik), Arkamo/Gibijo/Arrastaria, Aitzkorri-Aratz, Gorbeia eta Urkiola, Aralar eta Armañon.

KBEen izendapenean herritarrek ere parte hartu dute, proiektu guztiek jendaurreko informazioaren izapidea betetzen dutelako. Era berean, tokiko eragile sozialekin eta kolektiboekin bilerak egin dira eta kontuan hartu dira pertsona guztien ekarpenak. Horretarako, ezinbestekoa izan da foru-aldundiekin eta gainerako administrazio kidetuekin koordinatzea. Europako Batzordearen zuzentarauetan zehaztutako prozedura zorrotzaren arabera gauzatu da prozesua, adierazi du Oregik.

Biodibertsitatea kontserbatzea Europako herritarren esku dago. Guztien erronka da, Euskadin ere geure gain hartu duguna, gure nahiz etorkizuneko belaunaldien ongizatea baitago jokoan, zehaztu du sailburuak.

Europako Batzordeak goraipatu egin du Euskadi, KBEak izendatzeko egindako lanarengatik eta Natura 2000 Sareak babestutako naturaguneen sarea sustatzeagatik. Sare hori 27.000tik gora naturagunez osatuta dago; alegia, Europako Batasuneko 28 estatu kideen azalera osoaren % 18,5 inguru dira.

Aldaia mendiak

Aldaia mendiak Zadorra eta Barrundia ibaien arroen arteko hesi orografikoa dira eta ipar-ekialdean kokatuta daude, Arabako Lautada haien oinetara hedatzen dela. Gailur garaienek ez dituzte 800 m-tik gora. Aldaia mendien Kontserbazio Bereziko Eremuak (ES2110016) 1.095 hektareako azalera du eta Barrundia udalerriaren barnean dago oso-osorik, Arabako Lautadaren iparraldean hain zuzen.

Egun, mendi horietan erkameztiak eta garrigak daude. Garrantzi komunitarioko habitatak dira baso horiek, berezkoak Aldaia mendietan, baina gizakiaren esku-hartzea dela medio, eremu batzuk bazkaleku eta sastrakadi bihurtu dira.

Garriga-unada adargabetu handikoteak daude eta horrek aukera ematen du baso helduetan egon ohi diren espezie bereizgarri batzuk ere bertan egon daitezen, baso heldua izan ez arren. Esaterako, garrantzi komunitarioko koleoptero-espezie batzuk daude, besteak beste, Osmoderma eremita. Koleoptero saproxiliko horrek EAEn duen hiru bizileku ezagunetako bat dira Aldaia mendiak.

Halaber, basa-fauna ornodun ugariko eremua da. Horregatik guztiagatik hautatu zuten gune hau Natura 2000 Sarean sartzeko eta Europako Batzordeak Atlantikoko Eskualde Biogeografikoko guneen zerrendan sartzea onartu zuen.

KBEa Barrundia udalerriaren lurretan dago. KBEren barnean ez dago jendea bizi den nukleorik, bai ordea inguruetan: Ozaeta, Hermua, Larrea, Etura eta Heredia.

Onartutako neurrien helburua leku horretako habitaten eta basa-espezieen kontserbazio-egoera hobetzea da, Natura 2000 Sarean sartzea eragin baitute.

Arabako Lautadako Irla-hariztiak

Arabako Lautadako Irla-hariztiaren KBEren (ES2110013) azalera 281,27 hektareakoa da eta hamahiru zati isolatutan banatuta dago. Azalera hori guztia Arabako Lautadan bertan dago, eskualde biogeografiko mediterraneoan, sei udalerriren lurretan: Arratzua-Ubarrundia, Burgu, Donemiliaga, Iruraitz-Gauna, Gasteiz eta Zalduondo.

Arabako Lautadako berezko landaredia, garai batean hedatua legokeena, nagusiki, Quercus robur motako hariztiak dira. Giza jardueren ezarpen handiek, batez ere, zerealen, erremolatxaren eta patataren laborantza intentsiboak nahiz hiriguneen, industria-instalazioen eta komunikazio-azpiegituren ezarpenak, pixkanaka baso hauek desagerrarazi zituzten.

Aldaketa horiek XX. mendearen bigarren erdian indartu egin ziren eta horien ondorioz, gaur egun, harizti haien zati txiki batzuk besterik ez dira mantentzen dira. Hondar-orban horiek kontserbatzea, Arabako lautadako ekosisteman batik bat zegoenaren lekukoa denez eta komunitate-intereseko habitatzat jotzen denez, gune txiki horien multzoa Natura 2000 Sareko gune gisa hautatzeko arrazoi nagusiak izan ziren.

Horrela, KBEn hamahiru zuhaizti daude, mendebaldetik ekialdera: Sarbikoetxea, Arzubiaga, Durruma, Mendiluz, Maumea, Sarrena, Burgu, Gazeta, Santa Lucia, Larrazabal, El Montico, Arangutxi eta Mezkia.

Baso mistoak dira, batez ere Quercus robur aleak daudenak, eta ondo garatutako basopea dute, garriga-unadak ere dauden arren. Harizti horiek direla kausa hautatu zuen Europako Batzordeak Natura 2000 Sarean sartzeko.

Zatikatze-maila handiak eta tamaina txikiak fauna-komunitatea izango litzatekeen populazio bideragarriak ezartzea eragozten du, horixe izango litzateke baso horien egoera helduaren ezaugarria. Baso horiek lur-eremu lauetan edo pixka bat ondulatuetan daude eta erabat eraldatuta dagoen nekazaritzako matrize baten barnean daude; hariztietako batzuk hiriguneetatik oso gertu daude, gainera. Zuhatzuko Sarbikoetxeko zuhaiztia eta, maila apalagoan, Artzubiagakoa nabarmentzekoak dira, Gasteiztik gertu daudenak.

Harrapakari oportunistak eta eremu oso transformatuetako espezie generalistak, eta orban horien tamaina txikia eta isolatze-maila kontuan hartuta, pentsaezina da baso-komunitate ondo egituratuak ezarri daitezkeenik bertan epe laburrean, are ertainean ere.

KBEak izendatuta, elementu gakoen eta presentzia nabarmena duten habitaten eta basa-espezieen kontserbazio-egoera hobetu nahi da, horiek eragin baitute eremua Natura 2000 Sarean sartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko