Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak estatu-itun berri bat eskatu du, eta Kontzertu Ekonomikoaren alde agertu da berriro

2015.eko azaroak 04

Cadena Ser irratiak Bilbon dituen estudio berrietan elkarrizketatuta, Urkulluk baieztatu du Espainiak «bestela jokatuko duten» politikariak behar dituela

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, estatu-itun berri bat eskatu du, gaur egungo eredua «hautsita dagoen» ebidentziak ikusirik. Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza autogobernuari eta bakeari lotutako zenbait konturen erantzuna jasotzeko zain dago oraindik; kontu horiek elkarrizketa eta «konponbide politikoak» merezi dituztenez, iruditzen zaio Espainiak «bestela jokatuko duten» politikariak behar dituela. Urkullu Kontzertu Ekonomikoaren alde agertu da berriz ere, adieraziz sistema hori ezin dela aldatu «bi aldeen arteko akordiorik ezean». Hala baieztatu du gaur, Cadena Ser irratiko Hoy por Hoy saioan. Hain zuzen, Bilbon instalazio berriak estreinatzen zituzten.

Han, politika frontista ororekin bukatzeko eta negoziazioaren eta elkarrizketaren alde egiteko prest agertu da lehendakaria. Zentzu horretan, gogorarazi du Gobernu zentralak, zeinak berriki hainbat talde politikorekin elkarrizketa erronda bat hasi baitu, Kataluniako auziari heltzeko, «duela urte asko abiarazi behar zuela prozesu hori», estatu-eredua aukeratzeko. Horregatik, haren ustetan, «bestela jokatuko duten» politikariak behar ditu Espainiak. Erresuma Batua jarri du adibide gisa; han, David Cameronek Eskoziak kontsulta egiteko aukera onartu zuen eta.

Aldebikotasuna da gako, lehendakariaren ustez, etorkizuneko estatu-eredu bat taxutzeko orduan, baita Kontzertu Ekonomikoari dagokionez ere; izan ere, itundutako sistema bat da, «eta ezin da aldatu bi aldeen arteko akordiorik ezean». Era berean, lehendakariak elkarrekin hitz egitera eta negoziatzera deitu ditu Espainiako estatua eta Katalunia, esan duenez, «horixe baita kataluniar hiritarrek behar dutena».

BAKETZEA: EZ DAGO ATZERABUELTARIK

Joan den asteburuan Bizkaibuseko kotxe-tokian egindako sabotajearen ildotik, lehendakariak berriz eskatu dio ezker abertzaleari iraganeko diskurtsoetan gordetzen diren «taldexka horiek isola ditzala». Nolanahi ere, berriz esan du «ETAren indarkerian ez dagoela atzerabueltarik».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)