Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2015-2016 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

2015.eko azaroak 03

Guztira 300 bitarteko mugikor baino gehiago baliatuko dira, tartean elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta zaintza eta laguntzarako ibilgailuak

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, Josu Zubiaga Nievak, eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroko arduradunak, Jon Aizpuruak, 2015-16 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu dute gaur goizean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan (CGTE-ETKZ) egin duten lan-bilera batean. Bertan, Trafiko Zuzendaritzako teknikari adituez gain, Ertzaintzako, foru-aldundietako, autobideetako, emergentzia- eta meteorologia-zerbitzuetako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek hartu dute parte.

Bilbon egindako bilera horretan, Josu Zubiagak Planeko lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu, tartean Neguko Bidezaintza Plana indarrean jartzeko baldintzak (elur-kota 1.000 metrotik beherakoa izatea), foru-aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 166 makina mobilizatzea eta CGTE-ETKZk zazpi garabi mobilizatzea ibilgailu astunak bideetatik kendu ahal izateko. Horrez gain, zaintza eta koordinazio lanetarako laguntzako 124 ibilgailu izango dituzte foru-aldundiek eta autobideek. Ertzaintzak, bestalde, planaren zerbitzura jarriko ditu zirkulazio-unitateetako patruilak; ez hori bakarrik, fase operatiboan, ertzain-etxeetako agenteen laguntza ere izango du planak.

2014-15eko neguaren balantzea

Bileran, 2014-15eko neguaren balantzea ere egin dute. Hain zuzen ere, planaren informazio eta segimendu fasea hamabitan aktibatu zen joan den neguan. Horietako bederatzitan, fase operatiboa ere abiarazi behar izan zuten, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako.

Lehen hiru elurteak 2014ko abenduan erori ziren. Elur maila baxuena abenduaren 28an izan zen, (300-500 metrotan), eta Opakua, Herrera, Urduña eta Azazetako mendateetan ibilgailu astunen zirkulazioa galarazi zuen 28ko arratsalde/gauean eta 29ko goiz partean. Bestalde, Arabako hainbat errepide itxi zituzten 28ko arratsalde/gauean, ibaiek gainezka egin zuten-eta (A-4356a Koartangon, A-3310a Erriberagoitian eta A-3302 errepidea A-4302 errepidearekin bidegurutzetik).

Laugarren elurtea 2015eko urtarrilaren 16tik 23ra bitartean izan zen, eta elur maila 500-700 metro artean kokatu zen. Bosgarren elurtea, berriz, urtarrilaren 30etik otsailaren 8ra bitartean suertatu zen, eta elur maila 500-600 metro artean kokatu zen. Arroen egoera eta iragarpen meteorologikoa ikusirik, Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia aktibatu zuen urtarrilaren 30ean, larrialdi-fasean eta «1» egoeran.

2015eko otsailaren 3an, Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoak, Krisi Mahaia eratuta, bilera egin eta neurriak hartu zituen hurrengo egunean ibilgailu-astunen trafikoa Euskadiko bide-sare osoan murrizteko; hain zuzen, goizeko 06:00etatik 09:00etara bitarteko ordutegian murriztu zuten trafikoa, zirkulazioaren guztizko fluxu handieneko orduak direnez. Ondoren ere, bide-segurtasuna areagotzeko neurri iragankor bera hartu zuten ondoko datetan.

Otsailean, epe motzeko beste lau elurte izan ziren; ez zen gorabehera nabarmenik izan, baina atertu gabe erori zen elurra. Ondorioz, martxoaren 3an, harri-jausi eta luizi handi bat izan zen AP-1 errepidearen 118 kilometro-puntuan, Eskoriatza parean, eta errepidea bi noranzkoetan ixtea eragin zuen. Hasiera batean zirkulazioa lehengoratu ahal izan zuten, by-pass bidez, baina martxoaren 13an AP-1 autobidea berriz ixteko erabakia hartu zuten, luizi gehiagoren arriskupean. Martxoaren 26ra arte iraun zuen itxita: egun horretan, beste by-pass bat ezarri ahal izan zuten.

Azken ekitaldien batez bestekoaren aldean (zazpi aktibatze), azken negualdian gehiagotan aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana fase operatiboan (bederatzitan, guztira), baina nabarmentzekoa da ez zela gehiegizko zirkulazio-arazorik izan. Aurreko ekitaldiekin konparaturik ere, hainbatetan mobilizatu ziren garabi astunak prebentzioa zela-eta (18 aldiz, ohiko batez bestekoa gaindituta: 12 mobilizazio). Dena dela, handia da kopuru horren eta 2012-13ko negualdi gorrian erregistratutako 22 mobilizazioen arteko aldea.

Negualdirako aholkuak: «Arreta eta Begirunea»

Eguraldi txarra badago, kontu handiagoarekin ibili behar da, astiroago joan eta tarte handiagoa utzi aurretik doazen ibilgailuekiko. Zorua bustita badago, kontuan izan ibilgailuak distantzia handiagoa beharko duela geratzeko.

Higatutako pneumatikoek ez dute ura behar bezala baztertzen eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian-aldian ordezkatu egin behar dira.

Haizetako-garbigailuak beti egoera onean egongo dira. Ez dugu eguraldi txarra hasi arte itxaron behar horiek aldatzeko.

Izotzari aurre egite aldera, hotz handia egiten duen egunetan segurtasun-neurririk onena ahalik eta kontu handienarekin gidatzea da eta aintzat hartzea tarte jakin batzuetan izotza egon daitekeela.

Izotza agertzen denean, ABS bezalako sistema modernoek edo erabateko trakzioak ez dute saihesten ibilgailuak labain egitea eta, beraz, egokiena abiadura murriztu eta zuhurtzia handiagoz gidatzea da.

Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna handitzen dituzte. Trakzio, balaztatze, uraren, izotz zuriaren, izotzaren eta elurraren kontrol hobea dute. Elurte garaian, ibilgailuari neguko pneumatikorik jarri ez bazaio, beharrezkoa da kateak eramatea eta horiek jartzen jakitea.

Funtsezkoa da bat-batean ez balaztatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leun eta poliki balaztatu behar da, gurpilak ez daitezen blokeatu. Hori gertatuz gero, ibilgailuaren kontrola galduko da. Halakoetan, balaztatzeko pedala askatu behar da, trakzioa berreskuratzeko. Ondoren, motorraren balazta eta balaztatzeko pedala erabiliko dira.

Elurrik badago, ibilgailua abiarazi ondoren, gutxika azeleratu behar da. Gurpilek irrist egiten badute, aldagailuan abiadura handiago bat aukeratu behar da, gurpiletan aplikatutako indarra txikitzeko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko azaroak 07

    ¿Alguien desde el Gobierno Vasco conoce el estado operativo de los todoterrenos de la Ertzaintza?

    Vehículos todos entre 300.000 y 400.000 kilometros.

Komunikabideek behera kargatzeko